Alfredo Larraz eskolako maisuari elkarrizketa.

 

Pasioz eta emozioz dihardu maisu gisa egin duen lanari buruz. Alfredo Larraz Lehen Hezkuntzako Heziketa Fisikoko irakaslea izan zen ia 40 urtez eta azken hiru urte aktiboetan Zaragozako Unibertsitateko Giza Zientzien eta Hezkuntzaren fakultatean aritu zen lanean, Huescan. Eskolako maisu sentitzen da eta umeekin lan egitea aberastasun handia dela uste du. Heziketa Fisikoko Irakasleen XI. Topaketetan izan zen, Sohat, Heziketa Fisikoaren Aldeko Taldeak gonbidatuta La educación física en la escuela (Heziketa Fisikoa eskolan) liburua aurkezten.

 

Heziketa Fisikoa heziketarako arma indartsua dela esan duzu zure hitzaldian.

Heziketa Fisikoko saioetako jardueretan ari direnean (askotan jolasak izaten dira), ikasleek pertsonaren dimentsio desberdinetatik parte hartzen dute: dimentsio organikotik, dimentsio kongitibotik, dimentsio emozionaletik, dimentsio erlazionaletik eta mugimenduaren dimentsiotik. Haurrei proposatzen zaizkien mugimendu-egoeretan pertsona bere osotasunean inplikatzen da eta mugimenduak haien interesen edo intentzioen arabera hartzen du zentzua. Erabateko inplikazio horrek heziketarako aukera paregabeak ematen dizkio gure arloari eta askotan ez dira aukera horiek ezagutzen. Heziketa Fisikoko saioetan ikasleek motrizitatearen bidez elkar eragiten dute; hainbat espaziotan (patioa, gimnasioa, kiroldegia, natura, igerilekua…) eta testuinguru eta jarduera ezberdinetan aritzen dira. Batzuetan talde-lanean aritzen dira elkarrekin osatutako produkzio bat egiteko eta horrek ikasleak elkarren artean ados jartzera bultzatzen ditu (desberdintasunak errespetatuz, lan zehatzak hartuz….), batzuetan aurkari baten edo batzuen aurrean egoten jakin behar dute emozioak kontrolatuz, eta beste batzuetan gutxi ezagutzen dituzten inguruei edo inguru ziurgabeei aurre egin behar diete (naturan, adibidez). Zenbaitetan, hasierako beldurrak gaindituz eta autoestimua indartuz, euren buruarekin aurrez aurre jarri behar dute markak lortzera edo gorputzaren formak lortzera bideratutako eginbeharrak direnean (atletismoa, gimnasia...). Azken batean, bizitza bera da. Zergatik ez probestu potentzial izugarri hori gure ikasleei hazten laguntzeko? Heziketa Fisikoa heziketarako arma ikaragarria da.

Ez da ohikoa eskolako markoan premisa horiek dituzten jarduerak aurkitzea. Eta ikasleek Heziketa Fisikoko saioetan izaten dituzten bizipenek eragin handia izan dezakete diziplinei dagozkien konpetentziak eta zeharkako konpetentziak lantzeko eta lortzeko.

 


Heziketa Fisikoaren helburua pertsona bere osotasunean garatzea da eta horrek mugimenduari dagozkion alderdiak hartzen ditu, baina baita pertsonen arteko harremanei dagozkien, ekintzei dagozkien edota gizartean txertatzeari dagozkion alderdiak eta alderdi afektibo-emozionalak ere 


 

Heziketa Fisikoa garatzeko, arloaren zer ikuskeratan oinarritu izan zara?

Heziketa Fisikoak jokabide motorra kontzeptuan oinarritzen du bere izana. Jokabide motorra, ikasleak egiten dituen mugimendu-ekintzei esanahia ematea ahalbidetzen duen antolaketa gisa ulertzen dugu. Mugimendu-ekintza ororen atzean, mugimendujokaera ororen atzean, intentzionalitatea, zentzua, interesa, esanahia, motibazioa, inplikazio afektiboa… daude. Eta hor sortzen da paradigma aldaketa.

Gorputzak hitz egiten duela esaten dugu Heziketa Fisikoan. Heziketa Fiskoarentzat ez da aski ikasleak mugitzea edota euren gorputza eta euren aukerak ongi ezagutzen jakitea. Gure arloari mugimendua interesatzen zaio, baina, batez ere, mugimendu hori egiten duen pertsona interesatzen zaio. Heziketa Fisikoak erdigunea aldatu behar du, mugimendu hutsetik askatu behar du mugitzen den pertsona horretan zentratzeko. Ikuspegi horren arabera, erdigunea ez da mugimendurako abileziaren garapena, baizik eta mugimendua egiten duen pertsona. Pertsona horrek bere historia propioaren arabera jokatzen du, bere mugimendu propioak eta bulkada afektiboak ditu, arriskuarekiko sentitzen duen plazeraren arabera jokatzen du, bere gorputz estrategien arabera aritzen da…

Beraz, Heziketa Fisikoaren helburua pertsona bere osotasunean garatzea da eta horrek mugimenduari dagozkion alderdiak hartzen ditu, baina baita pertsonen arteko harremanei dagozkien, ekintzei dagozkien edota gizartean txertatzeari dagozkion alderdiak eta alderdi afektibo-emozionalak ere. Ondoren, modu zehatzagoan zentratuko da jokabide motorraren lorpenean eta hobekuntzan. Heziketa Fisikoa kirolaren sinonimo dela pentsatzen da maiz, baina gure ikuspegitik hori baino askoz ere gehiago da.


Haurren garapenaren etapak eta garapen motorraren etapak ezagutzearen garrantzia aipatu duzu.

Bai. Uste dut fase didaktikoan edo prestaketa fasean etapa horiek aintzat hartu behar ditugula, baina batez ere ekintza pedagogikoan hartu behar ditugula kontuan. Jokabide motorra kontzeptuaz hitz egiten dugu, baina kontu bat da hori liburuetan ulertzea eta beste kontu bat da ikasleen aurrean eta egoera zehatzen aurrean gaudenean horretan oinarritzea.

Umearentzat garrantzitsua da aurrez aurre duen egoera motorrari arrakastaz aurre egitea. Ikasketa fase baten ondoren, bere lanari esker eta konfiantzazko irakaslearen laguntzari esker horri irtenbidea emateko gai baldin bada, denentzat onuragarria izango da. Pertsonei euren haziera pertsonalean laguntzea, hazten laguntzea, oso polita da; zoragarria.

 

Heziketa Fisikoa harago doa: ez da zerbait buruz ikastea, ezta azaltzen ari zaizkizun zerbait ulertzea ere, baizik eta bizitzea…

Bai. Heziketa Fisikoan bizipenak eta esperientziak sortzen dira, batzuetan karga emozional handikoak. Baina Heziketa Fisikoan jakintzak ere eraiki behar dira.

 


Heziketa Fisikoan bizipenak eta esperientziak sortzen dira, batzuetan karga emozional handikoak. Baina Heziketa Fisikoan jakintzak ere eraiki behar dira


 

Heziketa Fisikoa derrigorrezko ikasgaia da, baina, nolabait, bigarren mailakotzat hartzen da oraindik ere. Zein da horren arrazoia? Zer gertatzen da?

Dualismoak pisu handia du oraindik ere. Ikasgaiaren izenak “fisikoa” kalifikatiboa izateak eta tradizio gimnastikoak, “fisikoan” (gorputzaren eta mugimenduaren heziketan) zentratutako heziketa dela pentsatzera bultzatzen du jendea batzuetan, “fisikoa ez den” eta gehienentzat garrantzitsuagoa den heziketaren kontrara: heziketa “mentalaren” kontrara, alegia. Hori bai, gaur egungo curriculum ofizialetan Heziketa Fisikoari heziketa helburu mordoa jartzen zaizkio: ikasleek bizitzeko estilo aktiboa hartzea, autoerregulazio prozesuen garapena, gizarte abilezien erabilera, talde-lana eta kiroltasuna, autoestimua eta norbere buruaren onarpena, bazterketarik ezaren balioa, iniziatiba hartzea… Horrekin soilik, gure ikasgaiak nahikoa arrazoi badu heziketa-balio handiko ikasgai gisa hartzeko eta “bigarren mailakoa” ez izateko. Espainiako Hezkuntza Ministerioak azken urteetan argitaratu dituen Heziketa Fisikoko curriculum-segidak ez du lerro koherenterik erakusten eta ez du errazten arloaren ikuskera egonkorra eta iraunkorra ezartzea.

 

Eta curriculumak egiten dituzten horiek, nola jabetu daitezke Heziketa Fisikoak duen garrantziaz?

Pentsatzen dut arlo horrek heziketarako dituen aukerez jabetuz egin dezaketela, ideiak eta iritziak kontrastatuz, proposamenak lantzeko adituen lantaldeak osatuz…

 

Nolakoa izan beharko luke Heziketa Fisikoak espazioei, metodologiei edota denborei dagokienez?

Gai horiei dagokienez hauxe galdetzen diot neure buruari: zergatik borrokatu behar dugu hainbeste Heziketa Fisikoari ordu kopuru egokia emateko, baldintza onetan dauden instalazioak izateko, curriculum koherenteak, egonkorrak, oinarrituak eta eguneratuak lantzeko eta kalitatezko materialak eskaintzeko? Nik uste dut Heziketa Fisikoa kalitatezkoa izan dadin astero hiru ordu eskaini behar zaizkiola gutxienez, bai Lehen Hezkuntzan eta baita Bigarren Hezkuntzan ere. Eta Haur Hezkuntzan 35-40 minutu beharko lirateke, egunero.

Espazio egokiak behar dira, jakina. Nik 20 urtez egin dut lan patioan eta patioa erabiltzerik ez nuenean, ikasgelako mahaiak baztertzen nituen eta han bertan dantzan edo edozer egiten hasten ginen, baina uste dut gaur egun ez dugula zertan horra iritsi; estalitako gela bat egon beharko luke ikastetxe guztietan. Materialei dagokienez, gaur egun ikastetxeek oinarrizko material egokia dutela uste dut eta metodologiei dagokienez, berriz, aldaketa garrantzitsuak izan dira azken urteotan. Heziketa Fisikoaren oinarri gisa jokabide motorra hartzen baldin badugu, ez du zentzu handirik gure lana mugimenduaren alderdi kuantitatiboak (malgutasuna, abiadura, erresistentzia…) eta kualitatiboak aintzat hartzen dituzten ariketetan zentratzea. Ezta ikasleek mugimendu trebetasunak eskura ditzaten (pertzepzio trebetasun motorrak, oinarrizkoak, generikoak, zehatzak) edota motrizitatearen faktore zehatzen lan analitikoan  (gorputz eskemaren pertzepzioa, koordinazioak, espazioaren eta denboraren pertzepzioa…) zentratzea. Zentzu handiagoa du ikasleei esanahiz eta funtzionalitatez betetako egoera globalak proposatzea, horien bidez jokabide motorrak eskuratu eta hobetu ditzaten eta eraginkortasunez jarduteko printzipioak eta arauak eraiki ditzaten.
 

Horretarako oso garrantzitsua da irakasleek formazio egokia jasotzea, ezta?

Etengabeko formazio pertsonala oso garrantzitsua da eta baita beste irakasleekin partekatuz, elkar eraginez, sortzen den formazioa ere. Formazioa liseritzeko denbora behar da, baina ikasitakoa ez dugu ahaztu behar. Eta uste dut garrantzitsua dela motibatzen gaituen eta baliozkoa iruditzen zaigun zerbait aurkitzen dugunean, desorekatzeko ausardia izatea.

 

Unibertsitateko irakasle izan zara. Zer iritzi duzu irakasleen hasierako formazioari buruz?

Hezkuntza Fakultatean hiru ikasturtez aritu ondoren konturatu nintzen gutxi ginela eskolako errealitatea ezagutzen genuen irakasleak eta are gutxiago ginela Lehen Hezkuntzako ikasgela batetik pasatakoak. Ez du heldulekurik maisuek, maisu onek, etorkizuneko irakasleen formazioan presentziarik ez izatea. Neurriak hartu beharko lirateke unibertsitatean egon daitezen. Eta Heziketa Fisikoko irakasle espezialisten gaur egungo hasierako formazioa ere ez dut ulertzen; orain ordu gutxiago dituzte hasierako formazioan. Ongi prestatutako irakasle espezialistak nahi baldin baditugu, ordu gehiago eta kalitatezko formazioa beharko ditugu.

 

Formazioaz gain, sormena ere beharrezkoa al da ikasgelara sartzean?

Sormena izateak ziurgabetasunarekin jokatzen jakitea eskatzen du. Eskola presta dezakezu, baina gero inoiz ez dakizu zer gertatuko den, ezustekoak sor daitezke eta horien aurrean proposamenak edota egoera doitu behar dira ikasleen beharrei hobeto egokitzeko. Ikas-egoera hobetzeko, materialak beste modu batera erabili eta kokatu behar dira agian, edo baliteke denborak aldatu behar izatea, ikasleen taldeak kudeatu behar izatea… Hori guztia egiteko irakasleak ikasgaia menderatu behar du, noiz esku hartu behar duen eta esku hartze horrek zer zentzu duen jakin behar du.

 

Metodologian aldaketak egitea ere garrantzitsua izango al litzateke?

Irakasle bat konduktismoan formatu baldin bada, motrizitatearen analisi faktoriala ezagutu baldin badu, horretan sinetsi baldin badu eta gorputz-teknikei garrantzia eman baldin badie, ez da erraza pertsonaren osotasuna aintzat hartzea. Askotan galdetu behar izan diot neure buruari ea ikasleei proposatzen nizkien egoerak jokabide motorra kontzeptuaren barnean kokatzen ziren ala ez. Batzuetan, ia ohartu gabe, testuingurutik kanpo zeuden ariketak proposatzen nizkien ikasleei euren motrizitatea “hezteko” ideiari jarraituz, haientzat zentzuzkoak ziren egoera globalak proposatu beharrean. Batzuetan, premisak oso argi izan arren, ez da erraza hori guztia aldatzea. Bestalde, garrantzitsua izango litzateke curriculumeko erreferentziak argiak eta koherenteak izatea, eta gaur egun ez da halakorik gertatzen.

 

Familien papera ere aipatu duzu.

Familiei Heziketa Fisikoaren kontzeptua ezagutaraztea eta Heziketa Fisikoko eskoletan ikasturtean zehar ikasleek biziko duten ibilbidearen berri ematea garrantzitsua dela uste dut. Ikasturte hasieran guraso bileretara joaten nintzen beti gure arloaren funtsa azaltzera, Heziketa Fisikoko proiektua azaltzera eta gurasoei guri laguntzeko zuten aukera azaltzera; haien laguntzarik gabe ezingo nituzkeen egindako hainbat jarduera egin (igeriketa, patinatzea, iraupen-eskia edota naturara irteerak). Familiei hiruhileko bakoitzean egindako jarduerei eta horien zentzuari buruzko informazioa ematea eta euren seme-alabek izandako bilakaeraren berri ematea egokia dela uste dut.

 


Heziketa Fisikoa kalitatezkoa izan dadin astero hiru ordu eskaini behar zaizkio gutxienez, bai Lehen Hezkuntzan eta baita Bigarren Hezkuntzan ere. Eta Haur Hezkuntzan 35-40 minutu beharko lirateke, egunero


 

Zure hitzaldiaren une batean Heziketa Fisikoa eta psikomotrizitatea kontrajarri dituzu. Ideia hori azal dezakezu?

Haur Hezkuntzan Psikomotrizitateaz hitz egiten dugu Heziketa Fisikoaz ari garenean. Psikomotrizitatea, ordea, erabat polisemikoa den terminoa da eta asko aldatzen da korronte batetik bestera edo autore batetik bestera. Horri Haur Hezkuntzan irakasle bakoitzak psikomotrizitatea izenaren gerizan egiten duena gehitzen badiogu, psikomotrizitateak esanahi asko izan ditzakeela ikusiko dugu. Uste dut hobea izango litzatekeela psikomotrizitatea terminoa alboratzea, Heziketa Fisikoa izendapena hobestea eta gure arloa Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino modu berdintsuan eraikitzea. Eskolan 3, 4 eta 5 urteko ikasleekin aritzeko aukera izan nuen eta adinez nagusiagoak ziren umeekin egiten nuen Heziketa Fisiko bera egin nuen haiekin. Egin behar izan nuen aldaketa bakarra adin bakoitzera egokitutako ikas-egoerak proposatzea izan zen. Uste dut proposatzen dugun Heziketa Fisikoak Haur Hezkuntzan lekua duela eta zentzu handia duela.
 

Heziketa Fisikoko irakasle gisa ia 40 urteko esperientziak ematen dizun talaiatik, zer mezu bidaliko zenieke gaurko irakasleei?

Hezkuntzaren balioan sinesten jarraitu behar dugula eta irakasleen lanak zentzu handia duela esango nieke. Ikasleengan arrastoa uzten dugula sinetsi behar dugula; pentsatzen duguna baino handiagoa, gainera. Eta ikasle guztiei aurpegira begiratzen jarraitu behar dugula haiek laguntzeko, onartzeko eta duin egiteko. Batzuetan 60 urtetik gora dituzten ikasle ohiekin topatzen naiz eta Heziketa Fisikoko eskolen oroitzapenak gordetzen dituzte oraindik ere. Horrelakoetan, sortutako harremanaz eta eskolako bizipenek duten garrantziaz ohartzen naiz eta hori opari bat da. Era berean “maria” gisa hartzen diren ikasgaiei, ahal den neurrian, behintzat, balioa emateko esango nieke.

 

Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

12 urterekin eskolako luzera-jauziko eta altuera-jauziko txapelduna izan nitzen, horri heldu nion, atletismo taldean izena eman nuen eta horrek eraman ninduen ondoren Heziketa Fisikora.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

Beste ikasle bat jotzen ikustea. Lehen Hezkuntzako 2. mailan irakasle bat ikasle bat ostikatzen ikusi nuen eta beldur itzela sentitu nuen!

03.Nolako eskola amesten duzu?

Bizitzarako benetan balio duen eskola batekin egiten dut amets, parte hartzailea dena, talde-lanean oinarritzen dena eta ikasle bakoitzaren potentzialtasuna garatzen laguntzeko profesional guztiak batera aritzen diren eskola. Irakasle gisa pertsona “helduak” dituen eskola, ahaleginak norantz bideratu behar dituen eta ikasleek oinarrian zer ikasi behar duten argi eta garbi duena.

04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Umiltasuna, eta batez ere, zintzotasuna.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?

Film bat: Ser y tener.