HEZIKETA FISIKOA
Astean, gutxienez, Heziketa Fisikoko 3 eskola-ordu izatea eskatzen du SOHAT Heziketa Fisikoaren Aldeko Taldeak artikulu honetan. Heziketa Fisikoak ikasle guztien arrakasta eta bizipen positiboak bultzatzen dituela diote eta motrizitateak pertsonaren osotasunean eragiten duela. Hezkuntza Heziketa Fisikoa baino gehiago dela diote, baina hura gabe askoz gutxiago dela azpimarratu dute.
LOMLOE legea dela eta, beste curriculum-aldaketa bat biziko dugu hezkuntzan. Aukera hau baliatu nahi genuke, hainbat hausnarketa egiteko eta, bide batez, Heziketa Fisikoko (HF) eskola-ordu gehiago eskatzeko; zehazki, astean 3 eskola-ordu gutxienez, hezkuntzaetapa guztietan.
Adierazpenaren arabera, “Heziketa Fisikoa, eskolan eta gainerako hezkuntza-erakundeetan, bitarteko eraginkorrena da haur eta gazteek gizartean parte hartzeko behar dituzten konpetentziak, gaitasunak, jarrerak, balioak eta ezagutzak garatu ditzaten”. Europako herrialdeen artean, Espainia da HFko eskolaordu gutxien eskaintzen dituen herrialdeetako bat. Lehen Hezkuntzan, eskola-ordu guztien % 6, eta % 3 Bigarren Hezkuntzan. Aldiz, Frantzian, % 10 eta % 14 dira, hurrenez hurren; Alemanian, % 14 eta % 9, eta Norvegian, % 9, bi etapetan (Eurydice, 2014).
Ezer baino lehen, HFa Oinarrizko Hezkuntzako arlo bat dela azpimarratu behar dugu; horren ondorioz, Oinarrizko Hezkuntzaren xede hezigarriei jarraitzen die. HFa ez dago gizartean etengabe aldatzen diren moden baitan, ez dago kirol-klubek eta olinpiadek duten errendimendu-ikuspuntura begira, eta ez da, inolaz ere, eskolaz kanpoko jarduera bat, Eskola Kirola bezala (hautazkoa, ordainpekoa eta kirol-kultura hegemonikoan zentratzen dena). HFak ikasle guztien arrakasta eta bizipen positiboak bultzatzen ditu. Gainera, ikasle guztiak osotasunean heztea du eginbide nagusi, jokabide motorretan heztea, hain zuzen, bai eta pertsona jokabide motorretatik heztea ere (Larraz, 2008). Urte askoan, motrizitatea fenomeno biologiko-mekaniko soiletara mugatu izan da. Nostalgiko askok darabilte oraindik Mens sana in corpore sano formula, aspaldi gainditu zen pertsonaren ikusmolde dualistari erreferentzia eginez, duela hogei mende bezala. Ariketa fisikoak organismoan dituen eraginak eta onurak izugarriak dira, baina motrizitatea ezin da makina baten azalpenera mugatu: ikaslea ez da mugitu, zaindu eta osasuntsu mantendu behar den makina bat, pertsona bat baizik, eta motrizitateak, dimentsio fisikoaz harago, pertsonaren osotasunean eragiten du, ekarpen onuragarriak sustatuz ikasleen dimentsio guztietan (Parlebas, 2016, 2017). Dimentsio biologikoan, gizartean gehien argudiatu den bezala, oso modu positiboan eragiten die arnasketa-aparatuari, zirkulazio-aparatuari, hezurren garapenari, giharren garapenari… Horrez gain, lo hobeto egiten eta gorputz orekatua lortzen laguntzen du, eta gaixotasunak prebenitzen ditu. Dimentsio kognitiboan, ezaguna da haurraren nortasuna motrizitatearen bidez eraikitzen dela. Haurren jarduera fisikoek ibilbideak eta joan-etorriak ebaluatzeko, abiadurak kalkulatzeko eta erritmoak balioesteko aukera ematen dute, besteak beste. Horri esker, adimen psikomotorra garatzen du ikasleak, eta helduen adimen formalaren oinarria da hori. Harreman-dimentsioan, egoera motorrek benetako adimen soziomotorra garatzea ahalbidetzen dute. Taldeko jardueretan, parte-hartzaileek kide gisa esku hartzen dute (itun, laguntza eta elkarlaneko harremanekin), bai eta arerio gisa ere (aurkaritzako harremanekin), eta kontrako bizipenak agertzen dira: frustrazioa eta oldarkortasuna, alde batetik, eta tolerantzia, norberaren ahalduntzea, enpatia eta komunikazioa, bestetik. Afektibitatea jarduera fisikoan eragin handia duen dimentsioa da, nortasun osoa adierazten baita hor. Faktore emozionalek eragin sakona dute teknika motorretan eta ikaskuntza-prozesuan. Horregatik, garrantzia hartzen dute hezkuntzaerabileran..
Adierazpen-dimentsioa eta dimentsio estetikoa ere garatzen dira. Motrizitatea hizkuntza bihurtzen da, eta irudimena eta mugimendu-sorkuntza bizkortzen dira. Erabakien dimentsioa ere modu positiboan lantzen da. Egoera motorretan, ikasleek erabakiak beren kabuz hartzea lortu nahi da, eta arrakasta-aukerak ebaluatzea. Ikasleak, egoera errealetan, etengabeko doikuntzetan murgiltzen dira, behin eta berriz mikroerabakiak hartuz eta bizitzarako ikaskuntzan aurrerapausoak emanez. Beraz, HFak Oinarrizko Hezkuntzan duen garrantzia argudiatzeko, ez gara osasunaren dimentsio biologikoan soilik oinarritzen. Jorratzen da osasuna HF saioetan, noski; baina, zeharka, beste ikasgai guztietan landu beharko litzatekeen bezala, hezkidetza, inklusio, higiene, elikadura edo lehen sorospenekin batera. HFaren benetako indarra ikaslea bere osotasunean heztean dago, haren espezifikotasunetik abiatuta, betiere: jokabide motorren hezkuntzatik. Hor dago benetako eta pisuzko argudioa HFaren presentzia justifikatzeko. HFko irakasleok ikasleen jokabide motorrak heztea dugu helburu, baina ez kirolari profesional bihurtzeko, baizik eta haien garapen integralaren prozesuan laguntzeko. Ikasleek ez dituzte hizkuntzak ikasten gero filologoak izateko, matematika ikasten ez duten bezala matematikoak izateko, edo musika musikari profesionalak izateko. Oinarrizko Hezkuntzan, ikasleek konpetentzia motorra garatuko dute, beste oinarrizko konpetentziekin batera. Horri esker, gai izango dira esparru motorreko arazo-egoera guztiei eraginkortasunez aurre egiteko. Hala ere, HFaren ekarpen hezigarriak aprobetxatzeko, ikasleek gutxieneko maiztasun batez bizi behar dituzte ekarpen horiek ahalbidetzen dituzten egoera motorrak. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun HF orduekin (astean 1,5 edo 2 ordu, saio bakarrean elkartuta askotan), ezinezkoa da maiztasun hori bermatzea. Are gutxiago, HF baldintza egokietan egin ahal izateko, gure ikastorduetako konpromiso motorraren denbora erabili behar izaten dugunean, besteak beste, kirol-instalazioetara joateko, arropa aldatzeko eta dutxatzeko. Entrenamendu-printzipioetan bezala, HFn ere estimuluak (egoera motorrak) jarraitutasunez errepikatu behar dira, egokitzapenak (ekarpenak) eragiteko. Horren ondorioz, azpimarratu nahi dugu HFa ez dela erremedio mediko bat, ez da denbora-pasa bat, eta ez da esfortzu intelektuala konpentsatzeko praktika bat. HFa jokabide motorren hezkuntza da, eta haren zentzua hezkuntza-proiektu globalean zentratzen da, ikasleen hezkuntza-prozesu globalean. Beraz, ez gaitezen HFaz oroitu gizartean eta komunikabideetan obesitate-arazoak eta antsietate-arazoak daudenean soilik. HF hori baino askoz gehiago da; horregatik, benetan eraginkorrak izateko, eskatzen dugu astean gutxienez 3 eskola-ordu HF ezartzea, hezkuntza-etapa guztietan. Hezkuntza HF baino gehiago da, baina askoz gutxiago da hura gabe; izan ere, hezkuntzan profesionalak izanik, segurtasun osoz sinesten dugu konpetentzia motorraren garapenik gabe ikaslearen garapen globala nabarmen murrizten dela. Ez dezagun beste behin ere aukera galdu, azken 14 urteotan bezala.
Idatziari atxikimendua ematen dioten Berritzeguneetako HF mintegiak:
- Basauri-Galdakao B06 Berritzeguneko HF mintegia.
- Leioako B08 Berritzeguneko HF mintegia.
- Lasarte-Oriako G06 Berritzeguneko Lehen Hezkuntzako HF mintegia.
- Durangoko B09 Berritzeguneko HF mintegia.
- Lasarte-Oriako G06 Berritzeguneko Bigarren Hezkuntzako HF mintegia.
- EAEko 500 Gorputz Hezkuntzako irakasleren atxikimendua
Erreferentzia bibliografikoak:
- EURYDICE (2014). Cifras clave de la educación y atención a la primera infancia en Europa. Europako Batzordea: Eurydice-Eurostat.
- LARRAZ, A. (2008). “Valores y dominios de acción motriz en la programación de educación física para la educación primaria”. Seminario Internacional de Praxiología Motriz. Lleida.
- PARLEBAS, P. (2016). Heziketa fisiko moderno baterako ikuspuntuak. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- PARLEBAS, P. (2017). La aventura praxiológica. Ciencia, acción y educación física. Málaga: Andaluziako Junta.
- UNESCO (2013). Berlingo Adierazpena. UNESDOC. Liburutegi Digitala. https://labur. eus/3c3SX