Izaskun Guarrotxena | Hezitzailea
EREDU BITARRA
Hiru urteko alabak honelako ondorioak ateratzen ditu: “neskek alua dute, ezpainak pintatzen dituzte eta sukaldatu egiten dute; mutilek zakila dute, bizarra mozten dute eta bizikletan ibiltzen dira”. Neska eta mutil izatearen gainetik hezi nahiko nituzke, baina nondik hasi?
LEHENENGO ETA BEHIN askotan gure buruan ditugun mugak eta beldurrak alde batera utzi behar ditugu eta identitate aske baterako bidea hasi behar dugu, gugandik hasita, ereduak baikara seme-alabentzat. Hiru urteko haurrekin ari garenean eredu ezberdinak erakutsi behar dizkiegu binarismotik at daudenak, ulertu dezaten jendartea anitza dela eta mila koloretako mundua sortu nahi dugula. Kolore neutroak erabiltzeaz gain arrosa eta urdina ere erabili behar dugu baina biak inolako rolei egokitu gabe eta positibizatuz horien balioa. Haurren imaginario anitza sortu behar dugu,
horretarako gure inzidentzia eta eredu berriak mahaigaineratu behar ditugu. Oso lan zaila da baina nire ustez apustu handia.
IRITZIAK ETA JUZKUAK
Amei buruzko juzkuek arduratzen naute. Nik ez daukat azalpenik, ea zuek: Zergatik sentitzen gara amak hain epaituak? Bularra ematen diotenak ematen diotelako; ematen ez diogunak ematen ez diogulako... Ba al duzue azalpenik uneoro emakumeok jasaten dugu juzku honen inguruan? Eta soluziorik?
EMAKUMEAK ZAINTZAILEAK izateko hezi gaituzte, zaintza lanen errekonozimendua soziala egin gabe baina bai zelako amak garen eta gure funtzioa ondo betetzen dugun momentu oro epaitzeko eskubidea dagoela sinestarazten digute. Sistema heteropatriarkal honetan emakumeok bizi dugun zapalkuntzaren ondorio zuzen bat da komentatzen duzuna. Emakumearentzako ama izatea da egokitu zaion funtziorik nagusiena, zaintzailea izateko hezia izan da, eta horren kontra doan erabakiren bat hartzen denean, jendarte honen arautegiaren eta egituraren kontra hartutako erabaki bezala ulertzen da.
Zer egin honen aurrean? Feminista izan eta horren kontra borrokatu. Jendarte berri baten aldeko trena hartu feministekin batera eta lan ideologikoa egin behar dugu.
Mundu berri bat sortzera goaz, zelako helburu potoloa, baina hori da bidea, eredu berriak goraipatuz eta harreman berriak sortuz jendarte honen arau patriarkalak apurtuko ditugu.
HAURREN ARROPAK
Haurren arropekin eztabaida dut familiako eta lagunekin. Alabarentzat Hello Kitty, Monster-High eta semearentzat animaliadunak edo Spiderman eta tankerakoak oparitzen dizkigute; edo arrosak eta urdinak... Nola eragiten dute hain sotilak diruditen gauzek —arropetako irudiek, adibidez— haurren genero eraikuntzan?
NESKEK ETA MUTILEK iruditegi oso zehatza eraikitzen dute urteetan zehar. Iruditegi honetan rolak oso finkatuak daude eta rol eta estereotipo horiek haurrek erabiltzen dituzten materialetan eta irudi guztietan modu inplizitu edo esplizitu batean agertzen dira. Jartzen diegun arropan oso modu argian agertzen dira, rolak birproduzitzen dituzten irudiak dira. Beraz oso garrantzitsua da ereduak zeintzuk diren, arropan Hello kitty eramatea horren ereduaren alde egitea da, eta kontuan izan behar dugu horrelako asko patrirkatauren isla direla. Beraz, oso garrantzitsua da ze eredu transmititzen diegun hausnartzea. Jendarte guztiek, sexu bakoitzarentzat ezaugarri, eginkizun eta jokabide desberdinak (eta gehienetan kontrajarriak direnak) erabakitzen edo egokitzen dituzte. Baina generoa kulturaz kultura aldatzen den eraikuntza soziala da.
JOSTAILU HEZKIDETZAILEAK
Dendetan neskentzako eta mutilentzako bereizitako jostailu mordoa dago, asko eta asko sexistak. Ikuspegi hezkidetzailea duten jostailuen zerrendarik ba al dago?
JOSTAILU-DENDETARA sartzen garenean oso nabaria da rolen banaketa eta horren aurrean erabileraren inguruko hausnarketa egin behar dugu.
Jostailuek ez daukate sexurik, ez dira maskulinoak ezta femeninoak ere. Helduen jarrerak eta portaerak, identifikaziorako eredu diren heinean, umeengan dute eragina.
Jostailuak nola erabili erakutsi behar diegu haurrei, eta jostailu neutroak baino jostailuak erabiltzeko modua da garrantzitsuena. Adibidez, zaintzarekin lotutako jostailuei balio positiboa ematea garrantzitsua iruditzen zait, eta bizitzarako eredu berri bat bultzatzen dutenak nabarmenduko nituzke, parekidetasunean oinarrituta daudenak.
Zerrenda bat egitea baino garrantzi-tsuagoa da norbere jarrerari erreparatzea.
Ipuinen inguruan hainbat adibide
izan ditzakegu adibidez “ tximeleta belarriak” aipa liteke, eta DVD-n inguruan ari garenean, “Pirritx, Porrotx eta Mari Motots” dugu euskaraz, hainbat balore lantzen dituena. Pipi galtzaluze ere interesgarria izan daiteke, edo ohiko rolak zalantzan jartzen dituen edozein pelikula.
Urtxintxak hainbat argitalpen ditu: Jolasen laborategia, ipuin ez sexisten gida edo jolas ez sexisten gida.
FEMINISMOA
Ama izan naizenetik zalantzan jarri zaizkit feminismotik jasoak nituen hainbat oinarri. Independentzia ekonomikoari garrantzia handia ematen nion, orain ordea eszedentzia eskatu dut ez bainuen lau hilabeterekin haurra haurtzaindegian utzi nahi, adibidez. Badirudi ama eta feminista hitzak ez datozela bat, baina ni biak batera sentitzen naiz. Ereduak falta zaizkit.
OSO ARGI DAUKAT modu askean hartutako erabakiak badira ez dela ideologia feministaren kontrako jarrera izango. Balio feministetan oinarritutako Euskal Herrian, per-tsona erdigunean jarri nahi dugu eta zaintzaren balioa goraipatzen dugu den-denok zainduak izateko eskubidea baitugu. Harreman-eredu berriak sortu nahi ditugu inolako hierarkiarik gabe. Beraz zure erabakia modu askean hartzen baduzu, mundu berri horretan ere zure ekarpena egiten ari zara, ahaztu gabe feminismoaren balioetan hezi behar dugula eta garela, guk ere gauza asko ikasi behar ditugulako.