Xabier Sarasua, Iraleko irakaslea eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Julia Rodriguezek dio botere harremanetan eta ondoriozko errepresioan oinarritutako heziketa urrundu egiten dela haurraren eta gizartearen benetako beharretatik. Bizidun oro da gai zer bizi premia dituen jakiteko; haurrak ere berezko autorregulazioa egoki garatzen badu, bizi premia horiekin konektatuta egonik, nahikoa energia aterako du beharrok asebetetzeari ekiteko. Heziketaren funtzioa berezko gaitasun hori zaintzea da. Horregatik, heziketaren oinarrizko printzipioak askatasuna izan beharko luke, mugitzeko, adierazteko, hautatzeko, nork bere interesak garatuz norbera izatera iristeko. Baina ingurune seguruan autorregulatzen ikas dezan, umearen askatasunari erantzukizuna erantsi behar zaio. Montessoriren hitzetan, heziketaren lehen betebeharra haurraren bizitza astintzea da, baina libre uzteko, gara dadin.

Gaurko eskolan bokaziodun hezitzaileok ez dugu erraza hastapeneko ilusioari luzaro eusten. Ahaldundu behar dugu. Batetik, begirada egokia landu beharko genuke. Edukiei edo konpetentziei gehiegi begiratu ordez arreta gaztetxoarengan, gure rolean eta bion arteko erlazioan zentratzen badugu, bidelagun hobeak izango ginateke, eta benetako elkarrekintzan elkarrekin ikasten aritu gintezke, ni-tik ni-ako harremanean. Haurrekin horrela diharduen heldua ere egunero “lokatzetan” sartzen da, eta eraldatuta ateratzen, esaten eta egiten duenaren arteko koherentziaren bila. Bidelagun izateko, hezitzaileak haurrarentzat eskuragarri egon behar du, hark senti dezan bere alde dagoela. Ingurune horretan aurki dezake haurrak gatazkak adierazteko aukera nahiz naturalki emozioak komunikatzekoa, eta harreman sanoak eraikitzen joan daiteke.

Bestetik, edozein ikasketa haurraren interesetik abiatu beharko litzateke, haren galderetatik, horrek baitarama zerbaiten gakoa bilatu nahi izatera. Hezitzaileak galderaren atzeko misterioa bistara diezaioke, haurrak bere galderaren erantzuna deskubri dezan. Benito Lertxundik dioen moduan, “askatasunaren jakinduriatik, gauzak datozen bezala antzematen dituzunean, bere xumetasunean agertzen zaizkizu, hau da, sakon, eta zurekin duten zerikusia eta lotura ikusten duzu”. Horrelako ikasketak ikasten jarraitzeko grina elikatuko dio gaztetxoari, eta naturalki joango da deskubritzen eta garatzen berez dakarren dohaina.

Ez dezagun ahaztu hezitzaileok garela heziketaren funtsezko pieza, eta inguruabarrak aldekoak ez izanik ere, gu geu izan gaitezkeela aldaketaren giltza.