Bostehundik gora lagun elkartu ziren Hik Hasik Hezitzailea non, haurra han izenburupean azaroan antolatutako jardunaldietan. 

 

360 pertsona bildu ziren Barakaldoko BECen eta 200 Donostian. Jolas librean eta mugimendu autonomoan hezitzaileak dagokion tokia eta dagokion rola zein den jakitea garrantzitsua da, haurrek ere dagokien tokia eta espazioa izan dezaten eta haurrei haien garapenean laguntzeko.  

 

Non kokatu behar du hezitzaileak? Eta haurrak? Zein da bakoitzari dagokion lekua? Galdera horiei erantzun zieten Hezitzailea non, haurra han izeneko jardunaldietan elkartu ziren adituek. Umeek dituzten beharrei begiratu eta haien erreakzioen arabera esku hartu beharko genukeela esatean bat egin zuten denek.

Esperientziei lekua eman aurretik hartu zuten hitza Teresa Neirak eta Alvaro Beñaranek. HHko hezitzaile eta formatzaile galiziarra eta konstruktibismoaren ikuspegian zein irakurketa eta idazketa arloan aditua da Neira eta “Gorputzetik hitzera: begirada konstruktibista bera” izeneko hitzaldian praktika konstruktibistak izan zituen hizpide. Beñaran, berriz, psikomotrizista eta ASEFOP Europako elkarteko presidentea da eta “Bidelaguntzeko estrategiak eta tresnak” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Hezitzailearen eta haurraren arteko harremanaz mintzatuz hasi zen Beñaran eta harreman horretan hezitzaileak hartu beharko lukeen tokiaz hitz egin zuen.

Hezkuntza harremana dela azpimarratu nahi izan zuen hasieratik Beñaranek eta horregatik, oso garrantzitsua dela bestea entzutea. Haurrekin elkarrizketa partekatu behar dugula dio eta 0-3 etapan, pertsonaren oinarrizko egitura garatzen den aldian, umeentzat garrantzitsua zer den ulertu behar dugula, bestela ezingo diegulako bidean lagundu.

Ume teorikoaz hitz egin zuen: Beñaranek; mugitzeko eta egiteko gogoa duena, jakin-mina duena, komunikazioa nahi duena, gaitasun gero eta handiagoak izan nahi dituena, gero eta autonomia handiagoa duena da ume teorikoa. “Baina ikasgeletan aniztasuna dago eta umeei ezin dizkiegu gure metodologia, teoriak edo printzipioak ezarri. Entzun egin behar ditugu non eta nola dauden jakiteko. Eskolan umeekin harreman egokiak sortzeko teknikarik ez dago. Jarrera kontua da dena”. Haurrak bere ikasketaren subjektua izan dadin interesa eta motibazioa behar ditu eta horretarako garrantzitsua da haiekin dauden helduek haurrekiko motibazioa eta interesa izatea eta haurrak egiten ari direna haiekin partekatzeko gogoa izatea.

 

Esperimentatzeko aukera eman

 

Haurrei esperimentatzeko denbora eman behar diegula dio psikomotrizistak. Eta hezitzaileek euren buruari ere denbora eman behar diotela haurrek adierazten dutena ez estaltzeko: “Oso garrantzitsua da ez erreakzionatzea eta galderak aldatzea. Haur batek maiz jotzen duenean galdera ez da nola lortuko dugun haur horrek besteak ez jotzea baizik eta nola lagunduko diogun hobeto egoten, jotzen duen ume bat ez baitago ongi”.

Umeak jotzen duela, objektuak botatzen dituela, ez duela hitz egiten… soilik begiratzen baldin badugu, sintomara soilik joango gara eta zuzendu egiten dugu. Pedagogia zuzenduetan dugun begiradak kontrola du atzean eta umeek begirada hori ez dute gustuko Beñaranen hitzetan: “Haurra eta taldea nola dauden kontuan hartu behar dugu eta horrek gu erdigunetik kentzea eta lasaitzea eskatzen du umeak zertan ari diren eta gugandik zer behar duten jakiteko. Umeek arriskutsua eta beldurgarria ez den heldu batekin daudela sentitzen dutenean eta errespetatzen ditugula sentitzen dutenean asko lasaitzen dira. Seguru sentitzen direnean, ausartzen hasten dira”.

 


Umeei ezin dizkiegu gure metodologia, teoriak edo printzipioak ezarri. Entzun egin behar ditugu non eta nola dauden jakiteko

Alvaro Beñaran, psikomotrizista eta ASEFOPeko presidentea


 
Autonomia, urrundu gabe

 

Eskoletan autonomia benetan garatzeko moduko giroa sortu behar dela dio Beñaranek: “Metodologia jakin batek ez du autonomiarik ematen; mugimendu autonomoa egiteak ez du esan nahi haurrak autonomoak direnik. Autonomia ezin da irakatsi eta ezin da ezarri, haurrek eraiki behar dute eta guri dagokigu haurrek autonomia garatu dezaten zer egingo dugun erabakitzea”. Hiru bide ditugu helduok haurren autonomiaren garapenean eragiteko: eredu izatea, haurrekin dugun interakzioa eta gurekin harremanetan bizi dutena.

Autonomia emateak ez du esan nahi, ordea, hezitzaileak urrundu egin behar duenik: “Zirkulazio autonomoan hezitzailea urruntzeko arriskua dago. Espazioa, materialak eta abar prestatu behar dira eta badirudi hezitzailea estetika horretan oztopoa dela eta erditik kendu behar dela. Umeek Haur Hezkuntzan helduon presentzia behar dute eta presentzia hori nola landu zaindu behar dugu. Hainbat eskolatan ikusi dut umeak metodologiaren esku uzten dituztela. Mesedez ez egin horrelakorik. Haurrak ez du autonomiarik garatuko bakarrik uzten baldin badugu. Kaosa gertatuko da: haurrak bakarrik sentituko dira eta helduak agertzeko atentzioa ematen edo liskarrak sortzen hasiko dira”.

Autonomia garatzeko haurrek izan behar dituzten baldintzak aipatu zituen Beñaranek: segurtasun nahikoa (haurrak dakarrena eta guk ematen dioguna), lasaitasun nahikoa, interes nahikoa, errespetuzko ingurunea eta gure jarrerak eta jokabideak egokiak izatea.

 


Zentzurik gabe ez dago ikasketa sakonik. Ikaskuntza esanguratsua izango da soilik behar bati erantzuten dionean

Teresa Neira, hezitzailea eta  konstruktibismoan aditua


 
Egiten dutenak zentzua izan behar du

 

Umeek egiten dutenak zentzua izan behar duela eta norabide bat izan behar duela nabarmendu zuen Beñaranek: “Haurrek egiten dutenaren emaitza ikusi nahi dute. Egin dutenak zerbait transformatu duela sentitu nahi dute eta norbaitek ikustea nahi dute. Helduaren presentzia eta begirada behar dituzte eta heldu horrek hainbat ezaugarri izan behar ditu: ez du epaitzen, ez du zuzentzen, ez dio exijitzen, ez du inbaditzen, ez da desagertzen eta haurrak egiten duenarekiko interesa du”.

Hala azpimarratu zuen Neirak ere. Umeengan ikasketa esanguratsua bultzatu nahi baldin badugu, zentzua duten gauzak egiteko aukerak eman behar dizkiegu: “Zentzurik gabe ez dago ikasketa sakonik. Ikaskuntza esanguratsua izango da soilik behar bati erantzuten dionean. Ekintza umearen beharretik sortzen da eta ez kanpoko agindu batetik”, esan zuen Neirak.

Irakasleen esku-hartzeak emozionalki eustean datza, segurtasun fisikoa bermatzea eta jokatzeko era jakin bat inposatu gabe aukerak zabaltzea eta egiten dutenak zentzua, esanahia izatea da praktika konstruktibistaren zutabeetako bat Neirak adierazi zuenez. Konstruktibismoaz luze eta sakon mintzatu zen eta zera azpimarratu zuen: konstruktibismoa ez dela metodologia bat, epistemologia bat baizik.

 

Konstruktibismoaren bidetik

 

Umeek jaiotzetik eraikitzen dituzte hipotesiak gorputzarekin. Hipotesi horiek ez dira soilik motorrak, kognitiboak dira. “Erorketa bakoitzak, desoreka bakoitzak, doitze bakoitzak eta ibilbide aldaketa bakoitzak ezagutza sortzen du. Gerora, haurrak marrazten duenean, onartzen dugu marrazki horrek haren nortasuna, izaera, bizitza ikusteko era, eta haren gaitasunak proiektatzen dituela. Baina, irakurketa-idazketa arloan dena bateratu nahi izaten dugu, denak batera joan daitezen nahi izaten dugu, erritmo berean, hezitzaileak nahi duen erritmoan”, adierazi zuen Neirak.

Konstruktibismoa zer ez den azaltzeko hainbat adibide jarri zituen irakasleak: “Collage bidez txerri baten silueta papertxoak itsatsiz osatzea, puntuak jarraitzea, puntzoiarekin orri baten zatiak moztea, paperarekin bolatxoak egitea… Hori egiten duen eskolak ez du haurtzaroa errespetatzen”, esan zuen. Gaur egun konstruktibismo deitzen duguna hausnarketa sakonik gabeko jarduera multzo bat da batzuetan.

Gorputzaren eta hitzaren arteko paralelismo konstruktibista egin zuen Neirak:

  • Mugimendu librea eta idazketa espontaneoa: biek hipotesi propioak adierazten dituzte.Jolas sinbolikoa eta narrazioa: bietan mundu posibleak sortzen dira.

  • Mugimenduarekin zerikusia duten gatazken ebazpen autonomoa eta testuen berrikuspena: biek berrantolaketa eskatzen dute.

  • Eszenatokiak eraikitzea eta testuen produkzioa: biek planifikazioa eta barne koherentzia eskatzen dituzte.

Baina ez da konstruktibista honakoa egitea:

  • Zirkuitu zurrunak eta fitxa mekanikoak: ez dute hipotesi pertsonalak egiteko aukerarik ematen.

  • Mugimenduen errepikapena eta behin eta berriz egindako kopiak: zentzurik gabeko ereduak erreproduzitzen dituzte.

  • Etengabeko zuzenketa eta zuzenketa ortografiko goiztiarra: helduak umeen erreflexioa ordezkatzen du.

Neiraren hitzetan, praktika horiek dependentzia sortzen dute, autonomia murrizten dute eta esanahien eraikuntza zailtzen dute. Oso garrantzitsua da helduak umeei une oro bidean laguntzea eta behaketa egitea, dokumentazioa egitea eta doitutako esku hartzea diseinatzeko gai izatea eskatzen du. Kasu praktikoak aipatu zituen: “Gidatutako zirkuitu baten kasuan irakasleak zirkuitua prestatzen du eta haur guztiek modu berean egin behar dute. Zer ikasten du haurrak egiazki? Zer mugimendu hipotesi eraiki ditzake? Aktibitatea da edo erreprodukzioa?”. Eta ustez “eskua prestatzeko” balio duten grafomotrizitea lantzeko fitxak ere baztertu egingo lituzkeela gaineratu zuen: “Goizero trazu errepikakorrak egiteak zer zerikusi du komunikatzeko intentzioarekin? Nolako pentsamendua sortzen du?”, galdetu zuen.

 


Irakasle konstruktibista esanahiaren profesionala da, ez kontrolaren profesionala 

Teresa Neira, hezitzailea eta konstruktibismoan aditua


 
Haurren beharrak erdigunean

 

Hainbat esperientziaren berri jaso zuten jardunaldietara gerturatu zirenek. Horien artean Arbizuko Kattuka haur eskolakoa. Eider Garde hezitzailea eta zuzendaria da bertan eta hezitzaileak jolas librean duen lekuaz aritu zen. Gardek azpimarratu nahi izan zuen zaila dela haurrak jolasten duen bitartean hezitzaileak zer egiten duen aipatzea: “Aurretiaz pentsatu eta prestatu behar da dena, ez da inprobisazioa, egitura sendo bat dago azpian eta haurrak jolastu dezan hiru baldintza bete behar dira: seguru sentitu behar du, behar fisiologikoak asetuta izan behar ditu eta espazioa, materiala zein denbora behar ditu”.

Beñaranen moduan harremanari berebiziko garrantzia eman zion Gardek. Eta baita hezitzailearentzat haurra zer den zehazteari ere. Hezitzaileak, besteak beste, haurraren gaitasunetan konfiantza du eta presentzia eta segurtasuna eskaintzen dizkio; haurrarentzat euskarri emozionala da. Bestalde, ez ditu haurren ekintzak eta jolasak epaitzen, ez du jolasa oztopatzen eta ez ditu arazoak konpontzen.

“Zailtasunen aurrean haurrek saiatzen jarraitzen dute, konponbide berriak aurkitzen saiatzen dira eta hori ikasketa prozesuaren parte garrantzitsua da. Helduak hasieratik soluzioa ematen baldin badio, haurrak ez du ikasketarik eraikiko. Guretzat, printzipioz, zailtasuna eraikitzailea da”, azpimarratu zuen Gardek.

Bilboko Tivoli eskolak, Duranako Ikasbidea ikastolak eta Zaldibiako Lardizabal eskolak ere jardunaldietan parte hartu zuten. Margari Eizagirre eta Bakarne Juarez irakasleek eman zuten Zaldibiako esperientziaren berri. Lardizabal eskolan begirada argia dute: haurra erdigunean kokatzen dute eta hezitzailea hari bidean laguntzen, jolasa oinarri hartuta.

Zaldibiako eskola ekosistemen arabera antolatua dute eta bakoitzean bi hezitzaile egoten dira. Esku-hartze bateratuak egiteko protokoloak sortu zituzten eta zainketarako, haurrekin nola hitz egin behar duten zehazteko edota mugei eta arauei dagozkien protokoloak dituzte martxan, betiere haurren beharrak lehentasun gisa kokatuta.

 


Aurretiaz pentsatu eta  prestatu behar da dena, ez da inprobisazioa, egitura sendo bat dago azpian

Eider Garde, Arbizuko Kattuka eskolako hezitzailea eta zuzendaria


 
Beldurrik gabe

 

Esku-hartzeari beldurrik ez izateko deia egin zuen Beñaranek: “Batzuetan pentsatzen dugu esku hartuz gero haurrari askatasuna eta autonomia moztuko dizkiogula eta pasibotasunean erortzen gara. Baina errespetuzko jarrerak garatzen baldin baditugu esku hartzeak egin ditzakegu eta hanka ere sar dezakegu. Ez dugu perfekzioa bilatu behar, errespetuz jokatzen badugu, lasai egon gaitezke. Eta naturaltasuna ere behar da, zurruntasunik gabe eta metodoen mendean jarri gabe aritzeko”.

Hezitzailearen jardunari buruz mintzatuz amaitu zuen Neirak: “Irakasle konstruktibista esanahiaren profesionala da, ez kontrolaren profesionala. Gure lana ez da haurrei besterik gabe gauzak egiten uztea eta ez da pauso bakoitza zuzentzea. Begiratzea da, interpretatzea, akonpainamendua egitea eta haurrei pentsatzeko aukera emango dieten esperientziak eskaintzea. Gorputzetik hitzera ez dago salto bat, bide jarrai bat dago eta eskolak hori errespetatu edo eten dezake. Gure esku dago bata ala bestea aukeratzea”.

 


Konstruktibismoaren zutabeak

Teresa Neiraren hitzetan sei dira konstruktibismoaren zutabeak eta psikomotrizitatea zein idatzizko hizkuntza zeharkatzen dituzte: 

1. Subjektuaren jarduera 

Ikastea ez da informazioa jasotzea. Ikastea ekitea, pentsatzea eta dakiguna berrantolatzea da. Ekintzak ezagutza sortzen du eta garbi izan behar dugu ikastea ez dela kopiatzea, baizik eta ekintzatik abiatuta esanahiak eraikitzea. 

 2. Interakzio soziala, komunikazioa eta elkarrizketa 

Garapena interakziotik abiatzen den barneratze prozesua da eta pentsamendua interakziotik fintzen da. Jarduerak gidatuak direnean eta gauzak irakasleak esaten duen moduan egin behar dituztenean, ez dira printzipio horiek betetzen.  

3. Esanahia 

Zentzurik gabe ez dago ikasketa sakonik. Ikaskuntza esanguratsua izango da behar bati erantzuten dionean. Ekintza umearen beharretik sortzen da eta ez kanpoko agindu batetik.  

4. Testuinguru esanguratsua izatea 

Ikasketak egiazko testuingurua behar du. Eszenatoki artifizialetan ez dira ikasketa sakonak eraikitzen. Espazio errealak interesgarriak dira horretarako (baratzea, patioa, egunerokoan erabiltzen diren materialak), egiazko baldintzak sortzen dituztelako.   

5. Berregituraketa 

Hutsegitea ez da oztopo bat, pentsamendurantz zabaldutako leihoa eta ikasketaren motorea da. Berregituratzea konstruktibismoaren bihotza da. Ikasteak aurretiazko ideiak berrantolatzea eskatzen du eta etengabeko zuzenketek berregituraketarako aukera ezabatzen dute. “Nik ez dut perfekziorik espero; haien garapena errespetatzea espero dut. Haur Hezkuntzan, praktika konstruktibistan ez da perfekziorik existitzen”, azaldu zuen Neirak.  

6. Autonomia eta autoerregulazioa 

Autonomia ez da erabateko independentzia, pixkanakako autoerregulazioa baizik. Haurren gaitasunetan konfiantza izan behar dugu. Pertsona helduak ez du zehaztu behar umeek zer pentsatu edo egin behar duten; prozesua eusten du umeak zentzua eraiki ahal izan dezan. Begirada horrek sentsibilitatea, denbora eta erritmo indibidualekiko errespetu sakona eskatzen ditu.