Hezkidetza eta feminismoa funtsezko zutabe eskoletan, institutuetan eta aisialdian.


Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak hezkuntza eraldatzailearen alde lan egiten du, hezkidetza eta feminismoa funtsezko zutabe izan daitezen eskoletan, institutuetan eta aisialdiko talde hezitzaileetan.

 

Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen ikuspegian, hezkidetza da berdintasuna eraikitzeko hezkuntza eredua, pertsona guztien aniztasunetik abiatzen dena. Horretarako bidea genero-rolak eta -estereotipoak desikasiz egitura patriarkalak desegitea da, eta harremanetarako eta antolatzeko modu berriak ikastea. Bizitzaren erdigunean, zaintza-lanak dauden tokian, hor egon nahi dugu guk. Feminismoak ibilbide-orria markatzen duen lekuan, hor dago jarraitu nahi dugun bidea.

Gainera, arreta berezia jartzen diogu bertakoaren eta mundukoaren arteko loturari, benetan sinesten dugulako ezin dela hemen hezkidetzan hezi, han gertatzen dena kontuan hartu gabe. Hezkidetza munduko toki askotan gertatzen ari den prozesu bat dela ziur gaudelako, esperientzia horiek aurrera eramateko moduetatik ikasi nahi dugulako eta, era berean, modu horiek partekatu nahi ditugulako. Eta, urte hauetan egin dugun lanaren bidez, egiaztatu ahal izan dugulako hori dela mundu justuagoa lortzeko bidea: desberdinkeria eta emakumeak eta neskak zapaltzen dituen sistema patriarkala deuseztuko duen mundu bat, pertsona bakoitzaren garapena lehenetsiko duena, haren beharretatik abiatuta eta haren gaitasunak indartuz.

Hezkidetzan ikuspegi global batetik hezteko, ezinbestean bilatu behar dira indarkeria matxistak desagerrarazteko apustua egiten duten erakundeak eta pertsonak, eta harremanak izateko eta garatzeko modu berriak sortu behar dira. Alboanek hamarkada bat baino gehiago darama bide horretan, ikastetxeekin, erakunde feministekin, gizarte zibil antolatuko taldeekin edo hezkuntza-aisialdiko taldeekin batera ibilian, ikuspegi feministatik gauzatzen ditugun eraldaketa-prozesu hezigarriei sostengua emango dieten sareak ehuntzeko. Eta erakunde publikoekin batera ere egin nahi dugu bidea, badakigulako ezinbestekoa dela proiektuen iraunkortasuna ahalbidetuko duten eta berdintasun- eta ekitate-eskubideak betetzea bermatuko duten politiketan eragitea.

Aliantza horiek guztiak lagungarriak dira hazteko, begirada zabaltzeko, eta hala besteengandik nola besteekin ikasteko. Hain zuzen ere,  ikas dezakegu hezkidetza-prozesuak eskoletan nola ezartzen dituzten Latinoamerikako, Afrikako edo Asiako erakundeek, guk hemen, Hegoaldeko ikastetxeetan, ditugun helburu berberekin. Errealitate eta testuinguru desberdinetatik abiatzen gara, baina antzeko beharrak ditugu. Hemengo udalerrietako ikastetxeetako hezkuntza-komunitateak —adibidez, Bilbo, Iruñea, Azkoitia, Sopuerta, Eibar, Basauri, Muskiz, Durango, Eskoriatza, Bastida edo Gasteizkoak— beste herrialde batzuetako irakasleekin harremanetan jartzen ditugu —esaterako, Kolonbia, Nikaragua, Venezuela, Honduras, Guatemala, India edo Kongokoekin—. Eta, elkar biltze horretan, ezin konta ahala aukera sortzen dira, ametsak, jarduerak, proposamenak nahiz proiektuak ikasleekin inplementatzeko.

Arian-arian, gero eta urrats gehiago egin ditugu hezkidetza ikastetxeen parte izatea lortzeko, eta ikastetxea bost dimentsioren bidez aztertzen duen tresna bat garatu dugu, hezkidetzari dagokionez zer egoeratan dagoen diagnostikatzeko. Hainbat eremu berrikusten dira, hala nola irakaskuntza-ikaskuntza eredua; politika instituzionalak edo ekintza-planak; ikastetxearen egitura eta antolaketa; ondoren, jarduera akademikoa eta curriculumekoa; gero, ikastetxearen espazioak, iruditeriak eta kultura; eta, azkenik, norberaren zaintza, elkarren zaintza eta ingurunearen zaintza. Hortik abiatuta, eskola bakoitzak ikus dezake zein arlo dituen hobetzeko, eta zein arlotan duen egina ibilbide luzeagoa “hezkidetza- ikastetxe integral” izendapena lortzeko. Hala, ebidentzietan oinarritutako hezkidetza-planak egin ahal izango dituzte eskolako bizitzan txertatzeko, eta hezkuntza-komunitate osoak arrakastaz ezarri ahal izango ditu.

 

Betaurreko moreak jantzita

Proposamen honen parte izatera gonbidatzen zaituztegu orain, zuen ikastetxean, eskolan edo institutuan hezkidetza autodiagnostikoa eta plana egiteko.

Horretarako, zuen eskura eta doan jartzen dugu Alboanek garatutako on-lineko tresna bat. Nola erabiliko dugun azalduko dizuegu orain:

  1. Zuen eskolan hezkidetza aztertzeko talde eragile bat sortu behar duzue. Talde horretan etapa edo ziklo desberdinetako irakasleak, administrazioko eta zerbitzuetako pertsonala, familiak, ikasleak, eta zuzendaritza-taldeko norbait egotea komeni da. Hezkidetza arduradunak proposamen bat egin diezaioke zuzendaritza-taldeari eragile taldea osatzeko.

  2. Web horretan kontu bat sortuko duzue, zuen ikastetxearen izenarekin. Saioa hasten duzuenean, zuen esparruan aurkituko dituzue material guztiak autodiagnosia pausuz pausu eta blokez bloke garatzeko. Informazioa igotzeko, moldatzeko, gehitzeko eta aldatzeko aukera izango duzue zuen beharren arabera. Datu guztiak prest daudenean, zuen autodiagnosia deskargatzeko prest egongo da.

  3. Behin diagnosia eginda, Hezkidetza Plana sortzeko aukera ere izango duzue plataforma horretan, azkeneko atalean.

  4. Dokumentu biak prest dauzkazuenean, klaustro osoarekin partekatu beharko duzue hezkidetzarako bidean jarraitzeko.

Pausu horiek aurrera eramateko Alboanen hezkuntza teknikarien bidelaguntza izango duzue. educacion@alboan.org helbidera idatzi eta, korreo bat  jasoko duzue zuen beharrak zein diren galdetuz. Hortik aurrera elkartzeko momentuak adostuko dituzue, normalean 3-6 hilabete beharko dituzue autodiagnosia egiteko, eta beste hiru hezkidetza plana prestatzeko eta hezkuntza komunitate osoarekin partekatzeko. Ikasturte bat beharko duzue soilik, eta zuen beharretara moldatzeko aukera izango duzue beti. Hori bai, Hezkidetza plana garatzeko epea amaitzen denean… berriro ziklo guztia errepikatu beharko duzue!

Beraz, zertarako planteatzen dizuegu hau guzti hau?

  • Ikasleen garapen osoa zein elementuk zailtzen edo sustatzen duten identifikatzeko, bertan egoteagatik edo ez egoteagatik.

  • Gure erabakiak gertaera frogagarrietan oinarritu daitezen, sinesmenetan intuizioetan, aurreiritzietan eta estereotipoetan oinarritu beharrean.

  • Ikastetxean hezkidetza sustatzeko eta Hezkidetza Plana martxan jartzeko aukera ematen duten neurriak lehenesteko, planifikatzeko eta abiarazteko.

  • Hezkidetza-planen jarraipena eta ebaluazioa errazteko.

  • Hezkuntza-komunitatearen sentikortze- prozesua errazteko.

 

Autodiagnosiak, planak eta sareak

Autodiagnosiak eta planak beharrezkoak dira, bai, baina irakasleen arteko sareak sortzeari dagokionez, zer? Azken urteotan, irakasle askori lagundu diegu haien ikastetxeetako hezkidetza-prozesuetan, eta, pixkanaka, Hezkidetza Praktika Komunitate bat eraiki dugu, egiteko erak eta jardunbide egokiak trukatzen, zalantzak kontsultatzen edo kezkak partekatzen dituena. Mundu osoko komunitate bat, non elkarri ikasitakoen berri ematen diogun, Fe y Alegría hezkuntza-instituzioaren moduko erakundeekin. Alboanen, hezitzaile horien bidelagun izateko eskaintzen dugu gure burua, eta praktika hezigarriak hobetzeko prestakuntza-prozesuak ere antolatzen ditugu, bai hezkuntza formalaren esparruan, bai aisialdiko hezkuntzan.

Hezkuntza Formaleko Hezkidetza Praktika Komunitatea (HPK) topagune bat da, non euren ikastetxean hezkidetza-proiektuak abian jarri nahi dituzten irakasleak egoera berean dauden beste batzuekin jartzen diren harremanetan. Normalean ikasturte bakoitzean bi edo hiru aldiz biltzen gara, aurrez aurre edo modu birtualean, eta gutako bakoitza egiten ari garen lana, zalantzak eta proposamen arrakastatsuak partekatzen ditugu. Horrekin batera, autodiagnosiak edo hezkidetza-planak zein momentutan dauden ere azaltzen dugu topaketa horietan. HPK bileretan jasotzen ditugun galderak eta “gehiago jakiteko gogoak” erantzuteko, gai zehatzetako prestakuntzak ere egiten ditugu, hor agertzen diren jakinminei erantzuna emateko eta gure praktika hobetzen laguntzeko.

 


Sare batean konektatuko gaituen hezkidetzaren alde egiten dugu apustu; aukera berdinetan hazten lagunduko digun praktika, sistema honen zapalkuntzak kontuan hartuko dituena, horiek gainditzeko


 

Ander Alonsok hasieratik hartzen du parte Hezkidetza praktika komunitate horretan. Lehen Hezkuntzako irakaslea da eta haren hitzetan HPK “hezitzaile feminista eta hezkidetzaileen topagunea da”. Hark esaten duen moduan, “hezkidetza egunerokotasunean txertatzeko apustua egiten duen komunitatea da, elkarbanatzeko eta elkarlanerako espazioa, eta gure kezkak, zalantzak, praktika onak, proposamenak… mahai gainean jartzeko eta partekatzeko lekua. Anderrek HPKren helburu hau ere azpimarratzen du: “Inguruko ikastetxe hezkidetzaileekin sareak sortzeko aukerak emateko gune bat da”. Hark honela azaltzen du zein den HPKaren asmoa: “Alboanek bidelaguntzarako eskaintzen duen aukera paregabea da: formakuntza eta elkarlana dakartza” .

Haizea Miranda Martínez de Lapera Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko berdintasun teknikariak esaten duenez, “eskola, gizartearen isla da zentzu askotan, eta berdintasunak gizartean lortu duen legitimazio formala eskoletan ere ikasten da, baina harago joan behar gara, berdintasunaren ispilua hor dagoelako, eta kontziente izan behar dugu oraindik lan handia dagoela egiteke”. Hezkidetza Praktika Komunitatearen erronka, eta era berean, Alboanen Hezkidetza proposamenaren erronka “pertsona inplikatuetatik hezkuntza komunitate inplikatuetara pasatzea” da, gure inguruan irakasle eta hezitzaile oso inplikatuak aurkitu ditugulako.

 

Talde feministen laguntza

Haizearen hitzekin jarraituz, “berdintasuna modu integral batean landu behar da, egunero eta egunerokotasunean”. Haren ustez, “hurrengo pausua ikuspegi feminista ezagutza guztietan eta curriculumean txertatuta dagoela bermatzea da, baita curriculum ezkutuan ere”. Alboanek Haizearekin bat egiten du amets horretan, horregatik planteatzen dugu Hezkidetza lantzeko ibilbide hau, eta horregatik egiten dugu lan hainbat eragilerekin. Horien artean, ikasleak ere oso aktore garrantzitsuak dira. Talde feministak bultzatu nahi ditugu helburu horrekin, eta eskaerei erantzunez, irakasleei taldeak sortzeko laguntza eman nahi dizuegu.

Laburbilduz, sare batean “nahastu” eta konektatuko gaituen hezkidetza baten alde egiten dugu apustu; aukera berdinetan hazten lagunduko digun praktika bat, sistema honen zapalkuntzak kontuan hartuko dituena, horiek gainditu ahal izateko, gutako bakoitzaren aniztasuna eta indibidualtasuna errespetatuz. Betiere, eratzen gaituzten kategoria pertsonal guztiak zeharkatzen dituen begirada intersekzional batekin, horri esker tokikoaren eta globalaren artean erlaziona baikaitezke, elkarrekin zapalkuntza patriarkalaren adierazpen guztien aurka lan egiteko. Gure komunitatearekin bat egin nahi al duzu?