HEZKIDETZA

Amaia ALBERDI, HUHEZIko irakaslea (MU) 

Amelia BARQUIN HUHEZIko irakaslea (MU) 

Miren BARAGUAN, Euskara eta Kulturartekotasunaren arloko irakaslea

 

Hezkidetza lantzea ez da kontu sinplea; gizartean, parekidetasun eza estrukturala da, eta hezkuntza-erakundeetan, nonahi aurkitu ditzakegu horren erroak. Ez dira gutxi, baina, hezkidetzaren bidea hartu duten eskolak. Testu honen egileek aukera izan dute ikerketa bat egiteko eta ikastetxe batzuen esperientzia gertutik ezagutzeko; horietan aritu diren eragileek egileekin partekatu dituzte euren gogoetak.

 

Hezkidetza hezkuntza-prozesu integrala da, non pertsona guztien erabateko garapena eta berdintasuna sustatzen den. Prozesu horretan, desberdinkeriak eta diskriminazio-mekanismoak hautematen dira, eraldatzeko tresnak ezartzen dira, eta aniztasun afektibo- -sexuala eta genero-adierazpen askea bultzatzen dira. Aniztasunarekin adeitsuagoa izango den gizarte berdinzale bat eraiki dezaten prestatzen ditu hezkuntza horrek ikasleak.

Badira urte batzuk hezkuntzan hezkidetzaz hausnartzen eta hitz egiten dela, gaia lantzen ari garela. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe askotan, lanketa hori 2013tik aurrera egin zen, Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana egitasmotik abiatuta (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, 2013). Egun, indarrean dago II. Hezkidetza-plana. Berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023). Sei helburu ditu plan horrek: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta hezkidetza sustatzea; koordinatzeko eta jarraipena egiteko egitura egonkorrak sortzea; irakasleak hezkidetzan prestatzea; familiak eskolara gerturatzea; ikastetxeetara egokitutako hezkidetza-planak sortzea, eta, azkenik, ikasgeletarako hezkidetza- -materialak sortzea. Hezkidetza lantzea ez da kontu sinplea; gizartean, parekidetasun eza estrukturala da, eta hezkuntza-erakundeetan, nonahi aurkitu ditzakegu horren erroak. Ez dira gutxi, baina, hezkidetzaren bidea hartu duten eskolak. Testu honen egileok aukera izan dugu ikerketa bat egiteko eta ikastetxe batzuen esperientzia gertutik ezagutzeko; horietan aritu diren eragileek gurekin partekatu dituzte beren gogoetak. Aitortza egin nahi diegu praktika eta egoera errealetan sortutako jakintza kolektiboei; eskerrik asko, bihotz-bihotzez, ibilbide honetan parte hartu duzuen guztioi.

Testuingurua

Ikertu ditugun eskolek Alboan GKEarekin elkarlanean abiatutako hezkidetza-ibilbide bana garatu dute. 2015-16 ikasturtean, erakundeak autodiagnostikoak egiteko metodologia parte-hartzailea sortu zuen hainbat hezitzailerekin batera. Partaidetzan oinarritutako prozesu horren helburua zen ikastetxearen beharretara egokitutako Hezkidetza Plana diseinatzea, inplementatzea eta ebaluatzea, hiru urteko zikloetan. 2020. urtean, 15 ikastetxe eta hezkuntza ez-formaleko 3 talde zeuden prozesu horietan martxan. 2020ko udaberrian, Alboan elkarteak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko kide batzuek talde bat osatu genuen, eta ikerketa kualitatibo bat jarri genuen abian, prozesuen gakoak ezagutzeko. Horretarako, zortzi ikastetxetako eragileak elkarrizketatu genituen (publikoak zein itunpekoak, handiak zein txikiak, Lehen Hezkuntzakoak zein Bigarren Hezkuntzakoak, hiru probintzietakoak…). Elkarrizketatu guztiak prozesuak aurrera eramateko sortu ziren talde eragileetako kideak dira; gainera, guztiak dira irakasleak. Ikerketa gauzatzeko, alde batetik, bi edo hiru kide elkarrizketatu ditugu ikastetxe bakoitzean; eta, bestetik, talde-eztabaida bana egin dugu haiekin. Elkarrizketak eta eztabaidak grabatu, transkribatu, kategorizatu eta analizatu egin ditugu. Artikulu honetan, ikerketa horretan sortutako gogoetak eta ondorioak plazaratzen dira, ikastetxe horientzat zein etorkizunean prozesu berean sartuko direnentzat baliagarriak izango direlakoan.

Hezkidetza lantzean, arlo batzuk beste batzuk baino gehiago garatzen dira Ikerketan ikusi zenez, arlo guztiak ez ziren modu berean garatu, batzuk besteak baino sakonago edo “errazago” landu ziren. Arlo garatuenen artean, feminismoak aldarrikatzen dituen data garrantzitsuenetan antolatzen diren jarduerak azpimarratu dira. Ikastetxe guztietan, zenbait jarduera jartzen dira abian egun zehatz horietan, martxoaren zortzian batez ere (baita azaroaren 25ean, maiatzaren 17ean… ere). Zentro gehienetan, bazegoen ohitura hori, Alboan elkartearekin batera hezkidetza-prozesua martxan jarri baino lehen. Egun, ikastetxeetan horiek lantzea jada oso onartuta dagoenez, ohiturari eustea abiapuntu egokitzat jo da beste ekimen batzuk bultzatzeko. Hala ere, irakasle batzuek adierazi dute ekintza horiek puntualak direla eta hezkidetza askoz harago eraman beharko litzatekeela. Hizkuntzaren erabilera ez-sexista ere askotan landu da. Ikastetxe batzuetan, gai horri heldu zaio, testu hik hasi I 261. zenbakia. 2021eko urria I 29 idatzietan nagusiki. Dokumentuak orrazten dira, eta zentroaren komunikazioak (familiekikoak nagusiki) zaintzen dira. Gaztelanian jartzen da arreta batez ere, euskarak baino oztopo gehiago dituelakoan, eta maskulino generikoa saihesteko ahalegina azpimarratzen da. Aipatzen da, halaber, irakasle batzuek garrantzia kentzen diotela gaiari klaustroetan, eta komunikazioan aldaketak egiteko aukeraren aurrean erresistentzia agertzen dutela. Ikastetxe ugaritan ari dira jolastokien inguruan gogoeta egiten eta eraldaketak abian jartzen. Jolastokiaren erabilera, banaketa eta funtzionamendua da ikastetxe askotan aurreratuen dagoen jarduna. Jardunbide egokien artean, bi dira nabarmentzekoak: alde batetik, azaldu dute ikasleen eta irakasleen artean egin beharreko prozesua dela; bestetik, gune komunen osaeran eta plangintzan txantiloiak erabili eta adosteak duen garrantzia azpimarratu dute. Hala ere, ez dituzte aldaketak bukatutzat eman: prozesu luzeak dira, eta pixkanaka gauzatzen dira. Hori dela eta, kasu askotan, espazio osoa ez da aldi berean eraldatu; zatika ari dira aldaketak egiten. Genero-perspektiba eguneroko jardunean eta materialetan txertatzea maiz aipatzen da, baina, gehienetan, desafio gisa; ez da gauzatu oraindik. Helburu garrantzitsua da curriculumean eragitea, nahiz eta oraindik urrun ikusten duten. “Hau programazioan sartu behar dugu, eta denok jakin behar dugu patriarkatua zer den, H2O ura dela dakigun bezala, ezta? Badaude oinarri batzuk; zein dira? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, hezkuntza-sailaren ustez, hau. Bale, ba eman dezagun hori. Nork? Denok. Baina programazioetan. […] Ni Euskarakoa baldin banaiz […], nik nire curriculuma buruz badakit. Orduan, hau curriculum bat baldin bada, denok jakin beharko genuke buruz zer ematen dugun eta noiz. Gero, gustatuko zaizu edo ez, edo epela irudituko zaizu edo ez… Baina hau legea da, hau eman egin behar dugu, ezin diezaiokegu uko egin. Eman behar badugu, jar ditzagun emateko baliabideak, “hau zein mailatan? Non? Noiz? Nork? ”. Azkenik, desorekak detektatzen dira klaustroetan, generoari dagokionez. Haur Hezkuntzan, ia profesional guztiak emakumeak dira; Lehen Hezkuntzan, berriz, gizon gehiago daude, baina oraindik nabaritzen dira diziplinen arteko aldeak. Bigarren Hezkuntzan, aniztasun handiagoa hautematen da, baina ziklo batzuk erabat feminizatuta daude, eta beste batzuk, aldiz, erabat maskulinizatuta. Itunpeko ikastetxe batzuetan, aipatzen da kontratazioak egiterakoan oreka bilatu daitekeela; baina etorkizuneko aukera moduan ikusten da, ez orain martxan dagoen prozedura gisa.


Genero-perspektiba eguneroko jardunean eta materialetan txertatzea maiz aipatzen da, baina, gehienetan, desafio gisa; ez da gauzatu oraindik. Helburu garrantzitsu moduan daukate curriculumean eragitea, nahiz eta oraindik urrun ikusten duten


Zailtasunak eta erresistentziak Hezkidetza martxan jartzeko prozesua gorabeheratsua da, eta askotariko oztopoak sortzen dira. Aipatuena denbora falta izan da, hamaika eskakizun eta larrialdi sortzen direlako egunerokoan; irakasleek nabarmendu dute beste hainbat programek ere arreta eskatzen dutela. Eskola publikoen kasuan, gako garrantzitsuen artean, azpimarratu dute bitarteko irakasleen joan-etorriek, gehiegitan, proiektu pedagogikoen jarraipena oztopatzen dutela. Gainera, esan dute joan-etorri horiek eta erretiroek urteetan pilatutako jakintzaren eskualdatzea zailago egiten dutela. Baina badaude beste oztopo batzuk ere. Horien artean, pertsona batzuek agertzen dituzten erresistentziak dira nabarmenenak. Gaur-gaurkoz, salbuespena omen da irakasle batek gaiarekiko desadostasuna modu irekian adieraztea; aldiz, batzuek diote ez direla behar proposatutako ekimen eta jarduera horiek, “tontakeriak” direla, edota gehiegikeria dela. Bestalde, gehien aipatzen den erresistentzia pasibotasuna da: pertsona horiek ez dute desadostasuna ozenki adierazten, baina ez dute laguntzen, eta ez dute gauzatzen talde eragileak proposatutakoa. Nor dira? Orokorrean, ez dira asko: pertsona solte batzuk, talde txiki bat edo batzuk, ikastetxearen arabera.

Elkarrizketatuek fenomeno hori ez dute adin zehatz batekin lotzen, ez nagusia izatearekin, ezta gaztea izatearekin ere. Generoari dagokionez, bestalde, denetik dagoela esaten dute gehienek, baina esaten dute etapa eta ziklo batzuetan gizonak direla nagusiki horrela jokatzen dutenak. Hain zuzen ere, oso ingurune maskulinizatuetan gertatzen dena jartzen dute erdigunean: ingurune horietan, gizonen arteko konplizitatea eratzen da, eta maskulinitate tradizionalarekin lotutako adierazpenak formulatzen dira (komentario matxistak eta txiste desegokiak, adibidez). Testuinguru horietan, emakume batzuek ere bilatzen dute gizon horien oniritzia, eta ez diete aurre egiten; talde eragileko emakumeentzat, berriz, giro desatseginak dira. Zailtasun moduan agertu den beste kontzeptu bat parekidetasunaren isla izan da; hau da, eskola-elkarteko pertsona askok uste omen dute berdintasunera iritsi garela. Hori dela eta, ez dute beharrezkoa ikusten hezkidetza lantzea. “Baina uste dut ez garela oso kontziente, gaur egun. Askeak eta ez dakit zer garela uste dugu, baina baldintzatuta gaude oraindik. Horren harira, ikusten ditut erresistentzia batzuk. Eta sentsibilitate batzuk. Eta sentsibilitate horiekin borrokan ibiltzeak neke handia sortzen du; baina, nire ustez, horixe bera da hezkidetzako proiektuak duen oinarrizko zeregina”.

Nola erantzun erresistentziei? 

Erreakzioak askotarikoak dira: alde batetik, irakasle batzuek haserrea aipatzen dute, haserre hori ez erakusten saiatzen diren arren; beste alde batetik, elkarrizketetan maiz agertu da, aurre egiteko estrategia moduan, ados ez daudenekin behin eta berriz hitz egitea. Badira kontra agertzen direnei kasu gehiegi egiten ez dietenak ere, gehiegizko arreta jartzea energia xahutzea dela uste baitute. Horregatik, elkarrizketatuek nahiago dute energia hori positiboki bideratu, ekimenak aurrera ateratzeko. Gainera, irakasle batzuek nabarmentzen dute urrats hori egin dutela: kritiken eraginez indarrak galtzetik lagundu nahi duen gehiengoarekin lan egitera. Azkenik, erresistentziei aurre egiteko, zuzendaritzaren babesa ere lagungarri gerta daitekeen baliabide gisa agertzen da.

Sozializazioa, komunikazioa eta lankidetza Prozesua ikastetxeko eragileekin partekatzea oso garrantzitsutzat jotzen dute elkarrizketatuek. Sozializazio hori irakasleekin egiten da nagusiki, baina baita familiekin ere, eta, hein txikiago batean, ikasleekin. Partekatze hori askotarikoa da: egiten diren urratsen berri ematea, kolektibo horiengandik informazioa jasotzea, lankidetzan aritzea… Irakasle gehienek, ordea, azaldu dute ez dutela nahikoa egin alderdi horretan. Hori dela eta, uste dute komunikazioak askoz arinagoa izan beharko lukeela etorkizunean. Arlo hori da, hain zuzen ere, gehiegi asetu ez dituen alderdietako bat. Horren ondorioz, ibilbidea ebaluatzen dutenean, elkarrizketatuak oro har ez daude erabat pozik.

Irakasleak ez diren lankideak kontuan hartzea Dirudienez, irakasle ez diren eskolako langileekin izan duten harremana da gabezia moduan hautematen den beste alderdietako bat. Izan ere, askotan, ez dituzte eskolako beste lankideak aintzakotzat hartu prozesua aurrera eramateko garaian. Beraz, uste dute posible dela komunikazioa eta lankidetza hobetzea. Ikastetxe batzuetan, aldiz, irakasleak ez diren langileek ere hartu dute parte talde eragilean (eskolazaina, jangelako langilea, idazkaria…), eta horrek nabarmen aberastu du prozesua.

Prestakuntzaren garrantzia Elkarrizketatu guztiek adierazi dute ezinbestekoa dela hezkidetzaren inguruko gaietan prestatzea. Azaldu dutenaren arabera, oinarrizko trebetasunak eskuratu dituzten arren, beharrezkoa da gehiago sakontzea. Gainera, uste dute ikastetxean eman beharreko prestakuntzak irakasle guztientzat izan beharko lukeela, hik hasi I 261. zenbakia. 2021eko urria I 31 ez soilik talde eragileko kideentzat. Ikastetxe batek, estrategia modura, talde eragileek jasotzen dituzten prestakuntza-saioak klaustro osora zabaltzeko bideak ireki ditu. Aipa dezagun, bidenabar, familiei prestakuntza eskaintzea desiragarri jotzen dutela, baina familiak prestakuntza- -saioetara erakartzeko zailtasuna ere aipatu dute. Hori da, hain zuzen ere, eskola batzuetan azpimarratu den kezka nagusia: familiekiko komunikazioa. Bestalde, ez da agertu ikasleekin hezkidetza-prozesu hau partekatzeko beharrik. Askok adierazi dute prestakuntza egokia lortzea lan mardula izan daitekeela. Adibidez, esperientzia batzuk azaldu dira, non kanpoko prestatzaileak kontratatu diren; baina horrek ez dio premiari espero zen bezala erantzun. Aipatzekoa da ikastetxe batzuetan hezkidetzaren inguruko prestakuntza irakasleen ordutegian sartzen dela; printzipioz, derrigorrezkoa litzateke guztientzat kasu horretan. Dena dela, ikastetxeren batean adierazi dute ezin zela ezarri derrigorrean, eta borondatezko gisa eskaini da, erresistentziak ez areagotzeko. Horiek gorabehera, curriculum-premiekin lotutako trebakuntza-saioak hobetsi nahi dituzte ikastetxe batzuetan, kide batzuen arbuioa saihesteko. Bestalde, hezitzaile batek azaldu du modu zurruna dagoela prestakuntza ulertzeko. Adierazi duenez, batzuen ustez, prestakuntza kanpotik etorritako aditu batek kudeatutako saioa izango litzateke. Haren ustez, aldiz, hausnarketa kolektiboa egitea edota talde eragileko kideek hezkidetza- -prozesua elkarrekin diseinatzea ere bada prestakuntza: “Saio horiek, argi eta garbi, nire ustez, prestakuntza dira, baina elkarrizketan oinarritutako prestakuntza, eta ez aditu bezala ematen den zer edo zer. Irakasleen arteko elkarrekintzan, eta beno, hor gauden guztion arteko elkarrekintzan oinarritutako prestakuntza une orokoa da.[...]. Ez du zertan aditu batek etorri gure arteko elkarrekintza hobetzeko edo hazteko”.


Zailtasun moduan agertu den beste kontzeptu bat parekidetasunaren isla izan da; hau da, eskola-elkarteko pertsona askok uste omen dute berdintasunera iritsi garela. Hori dela eta, ez dute beharrezkotzat hezkidetza lantzea


 

Aurrean dauden erronkak: sexu-heziketa eta LGTBIQ+ errealitatea Galdetzen zaienean, irakasleen erantzuna da sexu-heziketa oso garrantzitsua dela, baina, aldi berean diote ez dela arreta handiz lantzen edo hezkidetza ez dagoela programako lehentasunen artean. Erronka moduan ikusten dute. Oso hedatuta dago kanpotik adituak ekartzeko ohitura; normalean, haiek izaten dira ikasleekin aritzen direnak. Bigarren Hezkuntzako irakasleek ontzat ematen dute estrategia hori, haien ustez gazteek errazago hitz egiten dutelako gai horien inguruan beren tutoreak ez diren eta ezagutzen ez dituzten hezitzaileekin. Lehen Hezkuntzako irakasleen artean, bestalde, ez dago adostasunik; batzuek uste dute tutoreek gehiago ahalegindu beharko luketela eta arlo hori bereganatu; beste batzuek, ostera, kanpoko laguntza hobesten dute. Haur Hezkuntzan, ordea, ez da kanpoko ekarpena beharrezkotzat jotzen. LGTBIQ+ errealitateari dagokionez, hori ere garrantzitsutzat jotzen dute, eta kontuan hartzen dute, baina ez dago lehentasunen artean, eta ez da sakontasunez lantzen. “Egia esaten baldin badizut, ez dut uste [sexu-heziketa] asko ukitu dugunik. Ez naiz behintzat kontziente, eta, alde batetik, pena ematen dit, zeren egia da oso faktore inportantea dela, eta oraindik eta gehiago gure txikiekin. Zenbat eta lehenago hasten zaren lan horietan, askoz hobe. [...]. Eskolan ere egiten dugu, tutoreok egiten dugu lan, baina zenbait gauzatarako askoz egokiagoa da kanpoko pertsona bat etortzea, eta iruditzen zait umeek ere bestelako askatasuna sentitzen dutela hitz egiteko orduan; etorri den jendearekin eduki ditugun esperientziak, behintzat, positiboak izan dira".

Beste ikastetxeentzako aholkuak Elkarrizketatutako irakasleei eskatu zaie aholku bat emateko, prozesuan murgilduko diren beste ikastetxe eta hezitzaileentzat. Hainbat arlo ukitzen dituzte proposamenek. Hona hemen horietako batzuk: 

• Talde eragileko kideen artean elkar zaindu. 

• Pazientzia izan eta ehundutako talde eragilea sortu. 

• Lasaitasunez hartu, hezkidetza eskolako oinarri bat da; ez jarri helburu handiegiak, apurka-apurka lantzen joan behar den zerbait da. 

• Ausartak izan, eta aintzakotzat hartu aldaketa guztiak; gutxi bada ere, zerbait aldatu da. 

• Eskola osoaren eraldaketa jarri jomugan, ez norbanakoena soilik; guztion nahiak biltzeak izan beharko du erronka. 

• Talde eragilea txikia bada ere, indartsua izan dadila, feminista.

Laguntza behar izanez gero, eskatu, ez kikildu. 

• Helburuak argi izan eta transmititu; komunikazioa oso garrantzitsua da. 

• Lan egiteko gogo handia izan, baina gogoratu: errespetatu pertsona guztien erritmoak. 

Irakasleen hitzekin amaituko dugu artikulua. Bigarren artikuluan, beste gako batzuei helduko diegu. Bitartean, ez dadila amaitu eskola moreen iraultza! 

“Ausartak izatea, eta berdin dio aldaketak zein tamainatakoak diren, aldaketak dira. Orduan, txikia bada, ba txikia da. Zerbait aldatu dugu". 

“Nik esango nioke, talde eragilea txikia bada ere, potentea izan behar duela. Lider den horrek feminista erradikala izan behar duela.[...] Eta zer esango nuke? Ba laguntza beharko balu, gure ikastetxera etortzeko [...], gu laguntzeko prest gaudela<2. 

“Programazioan sartzeko… Irakasleontzat, programazioan ez dagoena ez da existitzen. Egia da […], ba zure programazioan lerro bat badago, lerro batekin nahikoa da, ze zure lerro bat, matematikakoaren lerro bat, beste lerro bat… 10 lerro da ikasturte batean, eta orain egiten duguna baino hamar aldiz gehiago da ". 

“Nahiz eta euren ustez pausoak handiak ez izan, hau da pauso txikiak eman, eta uste badute ez duela ezertarako balio, jarraitu. Ziur nago zer edo zertarako balio duela eta eurek pentsatu baino gehiagorako balio duela".

 


Erreferentzia erabilgarri batzuk:

Ikastetxe horiek guztiek erabili duten autodiagnostikoetarako metodologia parte-hartzailearen berri izan nahiko bazenute, hementxe dituzue horretarako egin diren argitalpenak. Lehen biek hezkidetza-autodiagnostikoak egiteko metodologia biltzen dute; hirugarrenean, aldiz, ikerketaren nondik norakoak eta ikaskizun guztiak jaso dira: 

• Alberdi, A.; Lezaún, M.; UribeEtxeberria, Z. (2020). Eskola hezkidetzatik birpentsatzea. Bilbo: Alboan Fundazioa. 

• Basurto, V (2020). Eskolan Hezkidetza aztertzeko gakoak.Bilbo: Alboan Fundazioa. 

• Barquín, A.; Baranguan, M.; Alberdi, A.; Lezaún, M.(2020). Hezkidetza abian jartzeko prozesuak: gakoak eta ikaskizunak. Bilbo: Alboan Fundazioa.