Amaia ALBERDI, HUHEZIko irakaslea (MU) 

Amelia BARQUIN HUHEZIko irakaslea (MU) 

Miren BARANGUAN, Euskara eta Kulturartekotasunaren arloko irakaslea

 

Hezkidetza lantzea ez da kontu sinplea; gizartean, parekidetasun eza estrukturala da, eta hezkuntza-erakundeetan, nonahi aurkitu ditzakegu horren erroak. Ez dira gutxi, baina, hezkidetzaren bidea hartu duten eskolak. Testu honen egileek aukera izan dute ikerketa bat egiteko eta ikastetxe batzuen esperientzia gertutik ezagutzeko; horietan aritu diren eragileek egileekin partekatu dituzte euren gogoetak.

 

Azken urteotan, asko hausnartu eta hitz egin da hezkidetzaz. Hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe askotan, lanketa hori 2013tik aurrera egin zen, Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero- -indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana lanetik abiatuta (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, 2013).

Egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen plana II. Hezkidetza Plana. Berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023) deritzona da, eta sei helburu ditu: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta hezkidetza sustatzea; koordinatzeko eta jarraipena egiteko egitura egonkorrak sortzea; irakasleak hezkidetzan prestatzea; familiak eskolara gerturatzea; ikastetxeetara egokitutako hezkidetza-planak sortzea, eta, azkenik, ikasgeletarako hezkidetza-materialak sortzea.

Zer da hezkidetza? Lerro hauek Amaia ALBERDI, HUHEZIko irakaslea (MU) Amelia BARQUIN HUHEZIko irakaslea (MU) Miren BARANGUAN, Euskara eta Kulturartekotasunaren arloko irakaslea idatzi ditugunok honela ulertzen dugu: hezkuntza-prozesu integrala da, non pertsona guztien erabateko garapena eta berdintasuna sustatzen diren. Prozesu horretan, desberdinkeriak eta diskriminazio-mekanismoak hautematen dira, eraldatzeko tresnak ezartzen dira, eta aniztasun afektibo- -sexuala eta genero-adierazpen askea bultzatzen dira. Hezkuntza horrek ikasleak prestatzen ditu, aniztasunarekin adeitsuagoa den gizarte berdinzale bat eraikitzeko.

Ondoren aurkeztuko duguna zortzi ikastetxetan egindako ikerketa bat da, aurrera eraman duten hezkidetza-prozesuaren ingurukoa, hain zuzen. Ikertutako eskolek ibilbide bana garatua zuten ALBOAN gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Izan ere, 2015-2016 ikasturtean, erakundeak metodologia parte-hartzaile bat sortu zuen, hainbat hezitzailerekin batera. Partaidetzan oinarritutako prozesu horren helburua ikastetxearen beharretara egokitutako Hezkidetza Plana diseinatzea, inplementatzea eta ebaluatzea izan zen, hiru urteko zikloetan.

2020ko udaberrian, ALBOANek eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak ikerketa kualitatibo bat garatu zuten elkarrekin. Horretarako, zortzi ikastetxetako eragileak elkarrizketatu genituen (publikoak zein itunpekoak, handiak zein txikiak, Lehen Hezkuntzakoak zein Bigarren Hezkuntzakoak, hiru probintzietakoak…). Prozesuak aurrera eramateko sortu ziren talde eragileetako kideak dira elkarrizketatu guztiak, eta, aldi berean, eskoletako irakasleak.

Bi ziren egindako ikerketaren helburu nagusiak: alde batetik, hezkidetza martxan jartzeko prozesuen alderdi esanguratsuak hautematea eta aztertzea (gakoak, oztopoak, erresistentziak, estrategiak, parte- -hartzea…); eta, bestetik, gogoetak eta ondorioak jasotzea eta sozializatzea, bai ikastetxe horiei begira, bai prozesuan geroago sartu ziren beste batzuei begira.

Artikulu hau hezkidetza-prozesuak gauzatzeko gako nagusi batean oinarrituko da: talde eragilearen eraketa eta funtzionamendua. Testu honetan, horixe izango da erabiliko dugun terminoa, ikastetxeetan beste izen batzuk ere aurkitu ditugun arren: berdintasun-batzordea, talde motorra… Kontzeptu horren alderdi esan guratsuenak plazaratuko ditugu, eta irakasleen eta hezitzaileen azalpen batzuk tartekatuko ditugu, zenbait ideia ilustratzeko helburuarekin. Talde eragilea ikastetxeetan hezkidetza-prozesua abian jartzen eta kudeatzen duen taldea da. Oro har, lau-zazpi kidek osatzen dute. Gure ikerketaren arabera, partaide gehienak ikastetxeetako irakasleak izan dira, nahiz eta posible den eskola- -elkarteko beste partaide batzuk ere kide izatea (gurasoak, beste langile batzuk, ikasleak…). Zortzi ikastetxeetako talde eragileetan parte hartzen duten kideei taldearen jatorriaz eta ibilbideaz galdetu zitzaien. Ondoren dituzue erantzunak. Ez dezagun ahantz, baina, ikastetxe bakoitzak bere ezaugarriak eta testuingurua dituela, eta funtzionatzeko hainbat modu garatu dituztela, nahiz eta helburua berbera izan.

 

Sorrera 

Talde eragilearen sorrera askotarikoa izan da. Kasu gehienetan, zuzendaritzak eratu ditu taldeak berariaz egindako izendapenen bidez; beste batzuetan, aldiz, boluntarioek osatu dituzte. Ikastetxe guztietan, prozesua martxan jarri bezain laster sortutako taldeak dira; ezinbestekoa izan da talde horren sorrera prozesu osoa aurrera eramateko eta bultzatzeko.

Talde eragileetako partaideak 

- Etapak. Ahal den heinean taldean etapa guztietako ordezkariak izatea eraginkorragoa dela uste da, batez ere ikastetxea handia denean.

- Koordinatzailea eta haren rola. Garrantzi handia ematen diote koordinatzaileari. Ekimena eta gogoa erakutsi behar ditu, eta giro ona bultzatu behar du taldean. Irakasle batzuek diote lagungarria dela koordinatzaileak atazen aurretiazko lanketa egitea; koordinatzeko dagoen denbora urria kontuan hartuta, bilerak arinagoak eta eraginkorragoak izaten laguntzen du. Horrez gain, badira koordinatzailea feminista izatea ezinbestekotzat jotzen dutenak ere. “Berez, instituzioen aldetik, hezkidetzako arduradun bat eskatzen da, eta arduraduna pertsona bakarra da. Eskola horietan, ikusi da ezin dela pertsona bakar baten lana izan, gutxienez hiruzpalau behar direla, eta, abiapuntu horretatik, batetik laura pasatzea izan da aurreneko erronka, eta gero, ea lau baino gehiago izatera pasa gintezkeen. Beste eskola batzuetan, hasieratik hamarrekoa zen taldea -talde motorra-, eta, orduan, erronka izan da zabaltzea”

- Gizonen parte-hartzea. Lau kasutan, gizon bat dago talde eragileko kideen artean; eta lau horietatik bitan, hain zuzen, gizona da taldeko koordinatzailea. Elkarrizketatuek ondo baloratzen dute gizonek ere parte hartzea, eta ez dute zalantzan jartzen. Ikastetxe batzuetan, ikusten dute zubi-lan eraginkorra egin dezaketela erresistentzia agertzen duten klaustroko gizonezko irakasle batzuekin; baina ez da horrela suertatzen kasu guztietan. Adibidez, erresistentzia ugari sortu diren ikastetxe batean, ez dute nabaritu taldeko gizonaren eraginik arlo horretan. Bestalde, ikastetxe batean gizon batek koordinazioa utzi zuen, ataza hori emakume batek eraman behar zuela aurrera uste zuelako.

- Ikastetxeko langileak. Ikastetxe batzuetan, irakasleak ez diren langile batzuek ere hartzen dute parte talde eragilean (eskolazaina, jangelako langilea, idazkaria…), eta elkarrizketatuek uste dute horrek nabarmen aberasten duela prozesua. Beste ikastetxe batzuetan, pentsatzen dute partaide mota hori ez izatea gabezia bat dela eta haien presentzia desiragarria dela etorkizunari begira.

 

Egonkortasuna 

Kideen egonkortasuna asko estimatzen da taldean, prozesuaren jarraitutasuna bermatzeko. Aldi berean, taldean aldaketak egitea eta kide berriak sartzea positibotzat hartzen da. Badaude horretarako arrazoiak: batzuetan, kide berriek denbora gehiago eskain dezakete, eta “freskoago” daude; lan egiteko motibazio edo inplikazio handiagoa dute; ekimen berriak edota ikuspegi berriak txertatzeko gogoa dakarte… “Bada, kide batzuek behintzat egonkortasuna izatea ona da, ez? Apur bat jarraipena emateko proiektuari eta, bai, proiektua nondik datorren eta zertara doan ikusteko, ez? Baina, tira, jende berria sartu da gurean, eta saiatzen gara apur bat jende berria gehitzen. Eskola handia garenez, leku gehiagotara heltzeko; eta hori ere onura bezala ikusten dugu. Beti, noski, zein sartzen diren kontuan hartuta. Hori nik aipatu nuen batzarrean; uste dugu ez duela edozeinek sartu behar, apur bat sentsibilizazio hori duenak baizik. Baina uste dut aukera ona dela jende berria sartzea ideia berriak hartzeko, freskotasun apur bat ekartzeko. Gu apur bat blokeatuta egon ginen, eta pertsona berri horiek horretatik irteten lagundu digute”.

Denbora

Ikastetxe guztiek bat egin dute taldean aritzeko orduak esleitzea beharrezkoa dela esatean; hau da, kideek beren lan-jardunean taldean inbertitzeko denbora izatea beharrezkoa dela diote, eta ez dutela ari behar militantziagatik soilik. Beharrezkotzat jotzen dute, halaber, kide guztiek hezkidetza lantzeko denbora jakin hori aldi berean izatea, bildu eta elkarrekin aurrez aurre lan egin ahal izateko. Desiragarria da bileren artean denbora gehiegi ez pasatzea ere. “Eskola eraldatzaile batek koordinazioa eduki behar du oinarrian; eta koordinatzeko, orduak behar dituzu. Koordinazioa ez da egiten, -edo ez soilik-, kafea hartzen ari zaren bitartean, jolastokiko zaintza daukazula edo ez daukazula… Eta, aparte, hezkidetza-talde bat baldin badago, denboran aurrera egiten ari dena eta modu jasangarri batean koordinatuta, baliabide gehiago ematen ditu gero prozesu horretan ikasleak elkartzeko, familiak elkartzeko…”.


Hezkidetza-prozesu ororen atzean, talde eragile bat dago. Haren egokitasuna eta eraginkortasuna gakoak dira prozesuaren martxa onerako, eta aintzat hartu behar dira horretan eragiten duten faktoreak.


 

Espazio propioa 

Irakasle batzuen ustez, hezkidetzaren arloa eskolako beste lantalde EKARPENAK: HEZKIDETZA Hezkidetza-prozesu ororen atzean, talde eragile bat dago. Haren egokitasuna eta eraginkortasuna gakoak dira prozesuaren martxa onerako, eta aintzat hartu behar dira horretan eragiten duten faktoreak. batean txertatuta egotea, beste arlo batzuekin batera, arazo bat da. Adibidez, “elkarbizitza” multzoan. Hori gertatzen denean, multzoko beste gai batekin lotutako “urgentziak” sortzen dira batzuetan, eta ez da hezkidetzarako denborarik gelditzen bileran. Horregatik, elkarrizketatuek nahiago dute hezkidetzaren atazak dedikazio espezifikoa izatea.

Giroa, jarrera eta harremanak 

Edozein taldetan bezala, hemen ere funtsezkoa da giro atsegina izatea. Izan ere, elkarrizketa guztietan, laneko giroaren, jarreraren eta harremanen garrantzia azaleratu da. Maiz aipatu da, adibidez, garrantzitsua dela taldeko kideek gogoa izatea eta ardura hori betetzeko motibatuta egotea. Esan daiteke kideen inplikazioak ondorio positiboak dauzkala giroan.

Prestakuntza 

Ezinbestekoa dela adierazten dute. Ikertutako ikastetxeetako partaide gehienek prestakuntza jaso dute, eta hainbat modutara prestatzen jarraitzen dute (hitzaldiak, mintegiak, beste erakunde batzuen eskutik egindako ikastaroak, talde feminista bateko aktibismoa…). Ez aldi berean, gehienetan, norberak aukera daukanean baizik. Baten batek uste du generoaren arloan hastapenetan dagoela, eta ikasteko premia handia sentitzen du. Denek uste dute beren prestakuntza-prozesuak jarraitu egin behar duela.

Zuzendaritzako kideen presentzia 

- Talde eragilean parte hartzea. Oro har, pentsatzen da zuzendaritzako kideren bat hezkidetza-taldearen parte izateak positiboki eragiten duela taldearen eraginkortasunean. Horrek esan nahi du taldeak zuzenean hartu ahal dituela erabakiak, zuzendaritzarekin hitz egiteko urratsa egin arte itxaron gabe. Baina hori talde gutxitan suertatzen da. Alderantziz ere gertatu da: taldeko kide bat zuzendaritzara heldu da, talde eragilean parte hartzen jarraitzen zuen bitartean. Egoera lagungarria izan daiteke, baldin eta zuzendaritzako erantzukizunek ez badiote oztopatzen talde eragilearen bileretara joatea eta beste kideekin kolaboratzea.

- Elkarrizketatuek estrategikotzat jotzen dute talde eragileak zuzendaritzaren babesa eta bermea izatea. Hori gertatzen denean, taldeak onarpen handiagoa du klaustroan, eta eraginkorragoa da. Irakasle gehienek uste dute zuzendaritza inplikatuta dagoela ikastetxean, baina batzuek diote inplikazio horrek nabarmenagoa izan beharko lukeela irakasleen kolektiboaren aurrean, prozesua hobeto bultzatzeko. “Gure kasuan bai, horrela izan da. Zuzendaritza nagusiak parte hartu du lehenengo alditik [...] talde motorrean, haren inplikazioa ere besteen parekoa izan da. Talde-dinamikak egin behar izan ditugunean, parte hartu du… Eta gero, zuzendaritza-taldean ekimenari onespena eta babesa eman diote. Orduan, nik uste badela garrantzitsua eta badela funtsezkoa hor egotea, bai.”

- Taldearen zilegitasunerako gakoak. Talde eragileak ikastetxean “zilegitasuna” izateak eragina du; alegia, uste da hori dela eraginkortasuna izateko gakoetako bat; batez ere, eskola-elkarteak eta bereziki klaustroak taldearen proposamenak entzuteari eta aurrera eramateari dagokionez. Zilegitasun horretarako seinalatzen diren faktoreak honako hauek dira (gehienak modu orokorragoan aipatu dira jada, baina zilegitasunarekin ere lotzen dira):

- Zuzendaritza edota zuzendaria bera “ondoan egotea”, alegia, klaustroaren aurrean argi agertzea zuzendaritzak prozesua babesten duela, bai eta talde eragileak egiten dituen proposamenak ere.

· Zuzendaritzako kide batek edo batzuek taldean parte hartzea.

· Zuzendaritzak irakasle finkoak izendatzea taldean integratzeko. Izaera publikoa duten ikastetxeetan, zailtasunak gerta daitezke, irakasleen ezegonkortasuna dela eta.

· Taldeari denbora-tarte komun bat ziurtatzea eskola-ordutegiaren barnean.

· Taldeko partaideek feminismoarekin lotutako ibilbidea izatea edo lehendik ikastetxean inplikatuta egon izana gai horren inguruan. Mugimendu feministetako kidea izatea ere estimatzen da.

· Sozializatzeko prozesua gertatzea, alegia, eskola-elkarteari (irakasleak, familiak, ikasleak, inguruko beste eragileak…) prozesuaren berri ematea eta lankidetzarako bideak eraikitzea. Zuzendaritzak sozializazioa erraztu dezake. Nabarmena da, beraz, zuzendaritzaren inplikazioa noraino den garrantzitsua. Klaustroko kideek “ikusi” egin behar dute inplikazio hori. Talde eragilearen gakoak labur azaldu ondoren, garrantzitsua da aipatzea faktore horiek guztiak ez direla ikastetxe orotan gertatzen eta, hala ere, prozesuak martxa onean joan daitezkeela aurrera. Talde bakar batek ere ez ditu baldintza horiek guztiak betetzen; “egoera perfektua” ez da ezinbestekoa, beraz, lanean aurrera egiteko. Edonola ere, zenbat eta faktore gehiago bete, orduan eta erraztasun eta eraginkortasun handiagoa nabaritzen dute taldeko kideek. Bestalde, baldintza batzuk denboraren poderioz hobetu direla adierazi dute elkarrizketatuek. Horretarako, batzuetan, haien eskakizunak zuzendaritzari jakinarazi dizkiote, taldearen eraginkortasuna bultzatzeko asmoz. Badirudi estrategia eraginkorra izan dela. Hezkidetza-prozesu ororen atzean, talde eragile bat dago. Haren egokitasuna eta eraginkortasuna gakoak dira prozesuaren martxa onerako, eta aintzat hartu behar dira horretan eragiten duten faktoreak. Bidea hasita duten ikastetxeen esperientzia eta gogoetak baliagarriak dira, zalantzarik gabe, beste ikastetxeentzat. Eskerrik asko gure ikerketan inplikatutako ikastetxe guztioi zuen kemenagatik, baita zuen jakintza eta esperientziak gainerako guztiekin partekatzeagatik ere.


Erreferentzia erabilgarri batzuk

Ikastetxe horiek guztiek hezkidetza lantzeko erabili duten metodologia parte- hartzailearen berri izan nahiko bazenute, hemen dituzue horretarako egin diren argitalpenak. Lehen biek hezkidetza-autodiagnostikoak egiteko metodologia biltzen dute; hirugarrenean, aldiz, ikerketaren nondik norakoak eta ikaskizun guztiak jaso dira: 

- ALBERDI, A.; LEZAUN, M.; URIBE-ETXEBERRIA, Z. (2020). Eskola hezkidetzatik birpentsatzea. Bilbo: Alboan Fundazioa. 

- BASURTO, V. (2020). Eskolan Hezkidetza aztertzeko gakoak. Bilbo: Alboan Fundazioa. 

- BARQUIN, A.; BARANGUAN, M.; ALBERDI, A.; LEZAUN, M. (2020). Hezkidetza abian jartzeko prozesuak: gakoak eta ikaskizunak. Bilbo: Alboan Fundazioa.