HEZKUNTZA AKORDIOA

Eusko Legebiltzarreko alderdi nagusiek adostutako Hezkuntza Hitzarmenak lege bihurtzeko prozesua hasiko du hurrengo hilabeteetan. “Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa” bozkatu eta onartu ondoren, dokumentu horri lege forma emango zaio. Adostutako oinarriak egongo dira abiapuntuan eta prozesu horrek bere bidea egin bitartean, espazio sozialak ere irekiko dira ekarpenak egiteko eta eraikitzen jarraitzeko.

 

Euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak adostu dituzte EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta EP-IU alderdi politikoek martxoaren 18an eta egiten diren planteamenduekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemari andamio berri bat jartzen zaio. Egiturazko hainbat aldaketa dakartza.

Bateratzeko planteamendua Sistema batzearen aldeko planteamendua egiten da eta Euskal Hezkuntza Zerbitzua eratuko da horretarako. Ikastetxe publikoek eta kontzertatuek osatuko dute zerbitzu hori, administrazioak finantzatuko ditu eta bertan sartzeko ezinbestean bete beharreko baldintza hauek izango dituzte:

 • Lege berriak definituko dituen irizpideak errespetatu behar dituzte ikastetxeek hezkuntza eta hizkuntza proiektuak egiten dituztenean eta curriculumean.

 • Hizkuntzari dagokionez, lege berriak definitutako helburuak erdietsi beharko dituzte beren ingurune soziolinguistikoak eskatzen duen neurrian. • Parekidetasuna bermatzeko, ezingo dute sexu-segregaziorik onartu eta sexu zein genero askatasuna bermatzeko konpromisoa hartuko dute.

 • Laikotasuna ardatz hartuta Madrilgo Lege Organikoak ezarritako minimoa izango da ikastetxeek Erlijio ikasgaiari eskaini diezaioketen maximoa eta adoktrinamendurik ez dela izango bermatuko dute. 

 • Hezkuntza proiektuaren gidaritza demokratikoa bermatuko dute komunitatearen partaidetza demokratikoa ahalbidetuz.

 • Hezkuntza eskaintzaren planifikazioa egiteko tokian tokiko hezkuntza proiektuetan eta organo arautuetan parte hartuko dute ikastetxeek. 

 • Segregazioaren kontrako konpromisoa hartuko dute eta hala jasoko da hezkuntza proiektuan, eta hezkuntza administrazioak zein Tokiko Hezkuntza Kontseiluek zehaztutako neurriekin bat egingo dute.

 • Administrazioaren jabetzakoak ez diren Euskal Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeek langileen kontratazio prozesu garden eta demokratikoak garatuko dituzte eta horretarako bermeak ezarriko ditu hezkuntza administrazioak. 

 • Ikastetxeen azpiegiturak dagokion titularrarenak dira. Horrez gain, tokiko hezkuntza kontseiluek adostutako bestelako erabilerak izan ahalko dituzte.

 • Irabazi asmo gabekoak izan behar dute Euskal Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeek. Irizpide hauek modu progresiboan betetzeko konpromisoak hartzen dituzten ikastetxeek finantzaketa publikoa jasoko dute eta, ondorioz, Euskal Hezkuntza Zerbitzuko partaide izango dira. Baldintza eta konpromiso hauek betetze direla ziurtatzeko hezkuntza administrazioak beharrezko kontrol mekanismoak zehaztuko ditu. Horrez gain, hezkuntza administrazioak finantzaketa publikoaren gardentasuna bermatzeko, baliabide publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztiak auditatuak izango dira Jaurlaritzaren Auditoria Planaren barruan. Haur Hezkuntza derrigorrezko etapa ez bada ere, eskaintza unibertsalekoa, kalitatezkoa, bideragarria eta doakoa izango du. Horretarako, Haurreskolak Partzuergoa berrindartuko da, eskaintza unibertsaleko, kalitatezko eta doako zerbitzu publiko bilakatu dadin.

Antolaketa deszentralizatua

Egitura berria garatzeko, sistemaren antolaketa behetik gora planteatzen da eta eskola-antolamendu berri eta deszentralizatua aurrera eramateko gako batzuk zehazten dira:

 • Hezkuntza komunitatea: ardatza ikaslea izanik, ikasle bakoitza bere gaitasunaren gehiengora iristen dela bermatzea da helburua. Ikaslea sostengatu eta egunero hezteko prozesu honetan, laguntzaile izango dira, eskolaz gain, familiak eta eragile soziokulturalak. Denek parte hartuko dute ikastetxeko hezkuntza proiektua egiterakoan.

 • Ikastetxeetako zuzendaritzen ahalduntzea eta lidergo pedagogikoa: zuzendaritza sendoa behar du ikastetxe orok, eskola-komunitatea estrategia irmo batez gidatuko duena, erabakiak hartzeko autonomia izango duena eta lortu beharreko emaitzekiko erantzukizuna bere gain hartuko duena.

 • Irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzari arreta handiagoa jartzen zaio irakasleak ahalduntzea xedetzat hartuta.

 • Ikastetxeen artean lankidetza-gobernantza bultzatuko da eta hainbat erakunde sortuko edota eraberrituko dira: Euskadiko Eskola Kontseilua, Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua, Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, Ikuskaritza, Euskararen Ikaskuntzarako Institutua...

 • Administrazioen arteko hezkuntza-kogobernantza bultzatuko da. Udalek bereziki eginkizun sakona har dezakete matrikulazio prozesuan, onarpen protokoloak familiengana hurbiltzeko, azpiegiturak indartzeko, elkarbizitza sustatzeko, kohesioa bultzatzeko sareak sortu edota elikatzeko, euskararen erabilera sustatzeko eta, azken batean, eskola komunitatea sendotzeko.

 • Tokiko Hezkuntza Kontseiluak eratuko dira antolamendu hori bideratzeko.

 • Hezkuntza ez-formaleko eragileen parte-hartzea eta elkarlana bultzatuko da. Segregazioaren aurkako neurriak Egitura berrian jatorri eta klase segregazioaren aurka borrokatzeko hainbat jarduera-plan zehaztu dira. Batetik, elkarrizketa aktiboko prozesu bat bultzatuko da hezkuntza komunitatearekin, 2023an eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko helburuarekin. Urgentziazko 13 neurri ere zehaztu dira, besteak beste:

 • Ikasleen onarpenari buruzko araudia eguneratzea, ikastetxea askatasunez aukeratzearekin konbinatuz eta baremazio-irizpideak birpentsatuz (besteak beste, errenta baxuen pisu handiagoa, hurbiltasunaren pisua, puntu “dinamikoa” ezabatzea, puntu “diskrezionala”, etab).

 • HKI Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea izaera publikoz arautzea.

 • Ikasturtea hasita hasten diren ikasleen eskolatzea kudeatzea, Hezkuntza Sailburuordetzak ezarritako irizpideei jarraituz, ikasle kalteberen segregazio-indizea ez handitzeko moduan, beren udalerriko edo eremuko batezbestekoa baino segregazio-ehuneko handiagoa duten ikastetxeak alde batera utzita, eta lehentasuna emanda taldeko edo irakasleko ikasle gutxiago dituzten ikastetxeei, matrikula bizia modu orekatuan kudeatze aldera.

 • Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei buruz indarrean dagoen araudia eguneratzea, aniztasunari erantzuteko esparru berrira egokituz.

 • Eskola-plaza baten kostuari buruzko azterlana sustatzea, irakaskuntzaren doakotasun eraginkorrerantz aurrera egiteko tresna gisa.

 • Irakaskuntzaren doakotasuna behatzeko eta irakaskuntzagatik kuotak kobratzeko praktika ireki edo estali oro desagerrarazteko beharrezkoak diren kontrol-mekanismoak aktibatzea.

Euskararen helburuak finkatuta

Euskara ardatz duen sistema eleanitza proposatzen da, eta honako gaitasun-mailak ezarriko dira gutxieneko helmuga bezala: bi hizkuntza ofizialetan Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B1 LH amaitzerakoan eta B2 DBH amaitzerakoan, Europan ohikoa denez; atzerritar hizkuntzan, A2 eta B1 maila. Egindako ebaluazioetan ikusi da eskuratutako euskara-maila ez dela helburuetara heltzen eta horren arrazoiak aztertuko dira, ikastetxeak hobekuntzen bidez maila horietara heldu daitezen neurriak har daitezen. Hobetze bidean, ikerketa eta berrikuntza ezinbestekoak dira eta planak, epeak eta baliabideak zehazterakoan, ikastetxeen abiapuntuak eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoak oso ezberdinak direla kontuan hartu beharko da. Helburuak ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektuan egituratuko dira, legeak zehaztutako esparru komun baten barruan. Hizkuntza proiektuaren jarraipena egingo da eta, hala badagokio, egokitu egingo da, hizkuntza helburuak lortzea eta gainerako gaietan gaitasunak eskuratzea bermatzeko.