Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna da urtarrilaren 24a.

 

Egun horrek aukera eskaintzen du hezkuntza giza eskubide gisa aldarrikatzeko eta, aldi berean, hezkuntza arloko erronkak eta aukerak ezagutzeko, irakaskuntza prozesuak hobetzeko eta ikasle, irakasle zein gizarte osoarekin elkarlanean aritzeko.

 

Eskubide gisa aldarrikatzen dugu hezkuntza sarri, baina zer esan nahi du, benetan, hezkuntzarako eskubidea izateak? Bidegintza elkarteko kide Begoña Ruizen hitzetan: “Hezkuntza eskubidea bermatzea ez da soilik eskolara joatea; benetako erronka haur eta nerabe guztiek beren gaitasunak garatzeko eta ongizate osoz bizitzeko baldintzak izatea da”. Haren ustez, hezkuntza ezin da ulertu beste alor batzuetatik bereizita: “Ez dago hezkuntza eskubidea bermatzerik babesik, berdintasunik, osasunik, identitaterik, inklusiorik eta parte hartzerik gabe. Elkarrekin lotuta daude guztiak, eta bat egiten dute denek, haur bakoitzaren garapen integralaren alde”.

Bidegintza elkarteak urteak daramatza haurren eta familien ongizatea sustatzen, batez ere egoera zaurgarrian dauden pertsonen alde lan eginez. Hiru zutabetan oinarritzen da haien ikuspegia: ingurune seguruaren ereduan, hezkuntza komunitarioan eta Hezkuntza 360 ereduan. Oinarri bera dute eredu horiek guztiek: hezkuntza ez da irakasleen lana soilik; komunitate osoaren ardura da.

Honela azaldu du Ruizek: “Hezkuntza eskubidea ez da betetzen curriculumaren bidez soilik; eguneroko harremanetan eta bizikidetzan ere eraikitzen da. Irakasleek, familiek, ikasleek eta administrazioek espazioak behar dituzte elkarrekin hausnartzeko eta erabakiak hartzeko. Hezkuntza bizia, zaintzailea eta parte hartzailea behar dugu, ez soilik transmisioan datzana”. Horregatik, hezkuntzaren kalitatea ez da neurtzen ikasketen emaitzetan soilik; benetako kalitatea haurrak entzunak, errespetatuak eta baloratuak sentitzen direnean agertzen da.

 

Eskubideetan oinarritutako hezkuntza

 

Hezkuntza eskubidea bada bizitzarako eskubidea ere. Ruizen arabera, eskubideetan oinarritutako hezkuntzak bost konpetentzia ardatz nagusi izan behar ditu:

  1.  Nork bere burua ezagutzeko eta pentsamendu kritikorako konpetentzia, ikasle bakoitzak bere identitatea eraiki eta bere ahotsa aurkitu dezan.

  2. Ongizate emozionala eta norberaren zaintza, ikaskuntza emozionala hezkuntzaren bihotzean kokatzeko.

  3. Erregulazio eta adierazpen emozionala, sentimenduak eta gatazkak modu osasuntsuan kudeatzeko.

  4. Harreman sozial eta komunitarioen kudeaketa, elkartasuna, enpatia eta elkarrizketa sustatzeko.

  5. Zaintzaren kultura, norberaren, besteen eta ingurumenaren zaintza barneratzeko.

Ruizek hauxe azpimarratzen du: “Zaintzarik gabe, ez dago hezkuntza osasuntsurik; zaintzak egitura osoa elikatzen du: irakasleak, ikasleak eta komunitatea”.

 

Hizkuntza aniztasuna eta inklusioa

 

Euskal Herrian, hizkuntza aniztasunak hezkuntzaren ikuspegia aberasten du. Ruizen arabera, “euskara sustatzea eta beste hizkuntzekiko begirunea uztartzea da erronka nagusia. Aniztasuna ez da arazo; aukeratzat ulertu behar da”. Hezkuntza inklusiboak hizkuntza eskubideak ere barne hartu behar ditu, bai elebidunekin edo eleaniztunekin sortzen diren desorekei erreparatuz, bai zeinu hizkuntzak aitortuz. Halaber, haur eta nerabeen iritzia kontuan hartu behar da inklusioan, haien bizipen eta sentipenak erabakigarriak direlako. Ruizek, gainera, hau ere azpimarratu nahi izan du: “Askotan ahazten dugu zeinu hizkuntza ere gure gizartearen parte dela, eta espazio propio bat eman behar dio gure hezkuntza sistemak”.

 

Etorkizunera begira

 

Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna une aproposa da hausnarketa egiteko: nola ari gara hezkuntza eskubidea bermatzen gure inguruan? Zer neurri hartzen ari gara haur guztiek benetan beren gaitasunak garatu ahal izan ditzaten? Ruizek dioenez, “eskola inklusiboa berrasmatu behar dugu: ez aniztasunari erantzuteko, baizik eta aniztasunean oinarritutako bizikidetzarako”. Horretarako, ezinbestekoa da ikuspegi helduzentrikoa gainditzea eta haurren eta nerabeen ahotsa erdigunean jartzea.

“Ez dezagun ahatz hezkuntza ez dela soilik ikasteko espazioa, elkar zaintzeko eta elkarrekin bizitzeko laborategia ere badela. Irakasleen ongizatea zaintzen badugu, ingurune seguruak sortzen baditugu eta haurrei entzuten badiegu, orduan bai, benetan eskubide unibertsala izango da hezkuntza”, ondorioztatu du Ruizek.

 


Hezkuntza, bakearen eta garapenaren oinarri

 

Urtarrilaren 24a Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak eta UNESCOk 2018ko abenduaren 3an 73/25 Ebazpenaren bidez ezarritakoa. Nigeriak eta beste 58 estatu kidek proposatu zuten ebazpena, hezkuntzak garapen iraunkorrean eta bakean duen garrantzia azpimarratzeko. Finean, urtarrileko azken astea hezkuntza bultzatzeko, ikasleekin, irakasleekin eta gizartearekin elkarlanean aritzeko eta hezkuntzaren bidez berdintasuna, bakea eta garapena sustatzeko unea da mundu osoan.