Oso organizatuta eta planifikatuta dagoen mundutik irten eta espazio librera jauzi egiteko aukera ematen die haur eta gazteei aisialdirako heziketak. Pertsonak erdigunean jarriz, norbere ekimenak aurrera eramateko abagunea eskaintzea du xede. 

H“Zer egingo dut nire denbora librean?”, “Zertan apuntatuko dugu haurra?”, “Zer du gustuko?”, “Zein baliotan hezi nahi dugu?”… ohikoa da ikasturte hasieran haur, gazte zein gurasoek era horretako zalantzak izatea. Ez da garai txarra denbora libreko jardueren gaineko hausnarketa egiteko: nolako aisialdia nahi dugu haurrentzat? Eskolaz kanpo ere hezkuntza arautuko eredu berberak jarraitzea komeni ote da? Edota euren zaletasunak aurrera eramateko baliabideak eskaini behar zaizkie? Izan ere, non dute gaur egun haurrek eta gazteek iritzia eman, erabakiak hartu eta euren proiektuak aurrera eramateko aukera?

Haur-txokoak, gaztelekuak, udalekuak, aterpeetako egonaldiak, denbora libreko saioak… Hamaika modu dituzte adin guztietako umeek aisialdirako, ondo pasatzeko, taldean jarduteko, jende berria ezagutzeko, harremanak sendotzeko, euren proiektuak martxan jartzeko, sormena lantzeko, gero eurek antolatu eta dinamizatuko dituzten ekintzak planifikatzeko, ardurak hartzeko… behin eta berriz errepikatutako moduan, eskolan eta etxean ez ezik, aisialdian ere haurrak zein gazteak hezi egiten baitira. Baina zergatik da garrantzitsua hezkuntza ez-formala edo aisialdirako heziketa? Zein funtzio betetzen du haurren bizitzetan? Zertan da osagarri eskolako jardunarekin? Eta zertan familiakoarekin? Galdera horien inguruan solasteko aisialdirako heziketaren arloan lanean edota ikerketan dabiltzan hiru profesionalekin elkartu da Hazi Hezi: Atzio Orexa Urtxintxako koordinatzailearekin, Jose Andres Castaño Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako atalburuarekin eta Nerea Agirre MUko Huhezi fakultateko irakaslearekin.

Hezkuntza ez-formala edo aisialdirako heziketa ez da praktika zaharra. 70eko eta 80ko hamarraldietan familietan, kalean nahiz komunitatean gertatutako aldaketek eragindako beharrei erantzuteko sortu zen. Familia zabala txikituz joan zen, eta haren ordez, gizarte komunitarioak indarra hartu zuen, “hezkuntza soziala” kontzeptua jaio zen eta hainbat elkarte, auzo nahiz herritan jende andana hasi zen lanean boluntario gisara aisialdiko taldeetan, uste baitzen gizarte-eraldaketarako tresna izan zitekeela. Pixkanaka profesionalizatuz joan da aisialdirako heziketa, baina hasierako printzipioek bere horretan jarraitzen dute: haurrak nahiz gazteak erdigunean dituzten espazio libreak dira, haurrak aske, baina aldi berean zainduta eta babestuta sentituko diren eremuak, umeek ardurak hartuko dituzten eta inplikatuko diren tokiak, elkarbizitzarako harreman osasuntsuak oinarri izango dituztenak. Lehen irakurrian, hitz potoloak dirudite, baina Orexak adierazitako eran, printzipio horiek kontuan izanez gero, edozein heziketa prozesuk arrakasta izango du, “berdin du txotxongilo tailerra egin, film bat ikusi edota mendira txangoan joan”. Esperientziatik dihardu Orexak, orain dela 27 urte Urtxintxa sortu zenetik bertan aritu baita, haurrak aisialdirako hezten ez ezik, baita hezitzaileak formatzen ere. Horrexegatik, argi du haurrekin edo gazteekin dihardutenean ez daudela denbora-pasak egin, ondo pasa eta gurasoen denbora-antolaketari erantzuteko soilik, hori ere bai, noski, baina euren xedea haur eta gazte horiek, hezitzailerik gabe daudenean, euren aisialdia beste era batera antolatzen eta bizi-tzen ikastea da: “Bizitzarako eskola da, harremanen eskola, gatazkak kudeatzen ikasteko gunea, sormenaren eremua, norberaren proiektuak burutzeko espazioa… Horiek dira guk sustatzen ditugun oinarriak”.

Zenbait kasutan, ordea, badirudi hezkuntza ez-formala haurra nonbait “edukitzeko” baliabidea dela, eta ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen. Aldiz, beste era batera baloratu ohi da haurrek musika-instrumenturen bat ikastea, ingeleseko eskoletara joatea edota futbol taldean ibiltzea. Horiek ere eskolaz kanpoko jarduerak dira, aisialdian egiten diren hezkuntza-saioak, baina ez dira aisialdirako heziketaren parte. “Sarritan hezkuntza instrumentalizatu egiten dugu, helburu finalistak ditugu. Badirudi curriculuma dela pertsona bakoitzaren motxila eta motxila hori ahalik eta gehien betetzea dela egin dezakegun onena haurrak etorkizunerako prestatzeko”, Castañoren hitzak dira. Azken urteetan Diputaziotik bereziki Udalekin ari dira lanean, hango haur eta gazteekin diharduten hezitzaileak formatzen, profesionalizatzen. Berak azaldutako moduan, haur eta gazte horiek, gizarte, komunitate edo pertsona-multzo jakin batean bizi beharko dira, eta testuinguru horretan hartu beharko dute parte, hiritar aktibo izan, besteekin lan egin eta kolaboratu. “Ezaugarri horiek, beharbada, ez dira hain finalistak, bai ordea, oso garrantzitsuak pertsona horren bizitzarako, bere proiektu propioa eraiki dezan, modu autonomoan. Eta aisialdirako hezkuntzak alor horretan lan handia egiten du. Sarritan ez da erraza guk egiten dugun lana azaleratzea, baina balio handikoa da eta hori ikusarazi egin behar dugu. Pentsatu behar dugu zer motatako pertsonak nahi ditugun, eta eskaintzen ari gatzaizkien horrekin pertsona zoriontsuak ari garen egiten edota alderantziz”.

Orexa, Castaño eta Agirre, hirurak bat datoz proiektu pedagogikoak eta hezitzaileek jokatzen duten rolak duten garrantzia azpimarratzean. Agirrek argi dio: “Nik erdigunean proiektua jarriko nuke. Horrekin lotuta printzipioak datoz ondoren; hau da, pedagogiak eduki beharko luke protagonismoa bestelako interesen gainetik”. Ildo berean zera dio Castañok: “Nik uste dut proiektuen pedagogiaren eskema oso baliagarria dela. Azken batean, haur zein gazteak proiektu horren protagonista izan beharko dira eta eurek erabaki beharko dute zer egin nahi duten eta nola egingo duten”. Jaume Funes pedagogoaren ideiei jarraiki, hezi-tzailearen egitekoa erreferentziazko heldua izatea dela diote, haurrari hainbat aukera mahai gainean jarriko dizkiona, entzungo diona eta berarekin hitz egingo duena, zailtasunak gainditzen lagunduko diona, eta guztiaren gainetik, unean uneko eta tokian tokiko egoeren aurrean zentzuz eta malgutasunez jokatzen jakingo duena. “Badugu gure aldeko baldintza bat: eremu honetan gauza asko  harremanetan eta harremanetatik eraiki ahal dugu. Garbi eduki behar dugu, hezitzaile taldean adostuta, landuta eta etengabe eztabaidatuta zer harreman eredu nahi dugun eraiki ume edo gazteekin, eta baita zein estrategia erabiliko ditugun ere: zein estrategia erabiliko dugun eztabaidarako, zein estrategia erabiliko dugun adostasunak lortzeko, zein estrategia erabiliko dugun gatazken aurrean, zein estrategia erabiliko dugun ondo pasatzen ari garenean…”, bizipenetatik mintzo da Agirre, autogestioan, autoeraketan eta auzolanean oinarritutako euskal udalekuetan izandako esperientziatik, hain zuzen. Antzerki tailerraren adibidea jarri du hezitzaileak. Produkzio eta kontsumo gizartearen kontrapuntuan, baliabide material oso gutxirekin egin daitekeen jarduera da, eta haur zein gazteek ardurak har ditzakete, gidoian, planifikazioan, muntaian, entseguetan, antzerkia taularatzean zuzenean parte hartu. Nolako antzerkia, nolako ikuskizuna, nolako show-a? Bada, denen artean erabakitzen den modukoa: “Guk udalekuetan euren gaitasunetan oinarritutako ikuskizun bat prestatzeko proposamena egiten diegu. Denbora bat ematen diegu euren artean elkartu, eztabaidatu, haserretu, adiskidetu, lagundu, zer egingo duten erabaki eta prestatzen hasteko. Hezitzailearen funtzioa zein da? Euren gaitasunetan oinarritutako ikuskizun bat prestatu nahi dugunez, lehenik eta behin haurrei ikusarazi behar zaie edonork dituela gaitasunak, edozer izan ahal dela gaitasuna, eta gaitasuna izan daitekeela oso ondo egiten den zerbait edota erdi-ondo egiten den zerbait. Hortaz, haurrei ikuskizuna prestatzeko proposamena egin aurretik, hezitzaileok show txiki bat egiten dugu eurek ikus dezaten guk gaitasunak nola uler-tzen ditugun: bi begirale soka-saltoan agertuko gara eta egingo dugu ahal dugun moduan, beste batek txirula joko du, erdipurdi abesten duen batek kantatu egingo du… helburua da haurrei ulertaraztea pertsona guztiok gauza batzuk ondo egiten ditugula eta beste batzuk, akaso, ez hain ondo, baina guztiak izan daitezkeela baliagarri”.

Sarritan, ordea, ez da samurra izaten haur edo gazteak erdigunean izango dituen proiektuen pedagogiari arrakastaz eustea, aisialdirako heziketa gaurko gizartearen parte baita, eta hein batean baita ispilu ere. “Gizartean emaitzek dute lehentasuna, eta gu ere, batzuetan, aldendu egiten gara aisialdirako heziketa oinarrian dituen printzipioetatik. Proiektuen pedagogiatik emaitzen pedagogiara pasatu gara”, kritiko da Orexa. Argi du, ordea, aisialdirako heziketak baldintza ezin hobeak eskaintzen dituela haurrek eta gazteek momentu horretan oso ezkutuan dituzten beharretan eragiteko: “Egia da korrontearen kontra goazela, eta oso gauza txikia eta puntuala garela gaur egun gizartean hain errotuta dauden zenbait baliori aurre egiteko, baina horrek ez du esan nahi gauzak beste modu batera egin ezin daitezkeenik”. Horretarako, ekintzen “gurpil zorotik” irtetea eta programazio itxitik aldentzea ezinbestekoa dela dio, haurrak jardueraz eta estimuluz gainezka daudela uste baitu, euren ekimenak aurrera eramateko gunerik gabe eta horretarako lanabesik gabe. “Horrela jarraitzen badugu, beste esparruetan egin den gauza berbera errepikatzen amaituko dugu, eta horretatik aldendu egin behar dugu. Aisialdirako heziketan ez dago ebaluaziorik, ez dugu notarik jartzen, ez dago eduki zehatz batzuk ikasi beharrik… Bere zaletasunak aurrera eramatea, taldean konpromisoaren bizipena esperimentatzea, gizartearen aurrean ardura hartzea… Hori guztia non bizitzen dute gaur egun haurrek? Non har ditzakete erabakiak? Nork ematen die aukera zer egin nahi duten adierazteko? Eta euren iritzia emateko? Aisialdirako heziketak horretarako guztirako baldintzak eskaintzen ditu. Beraz, jar ditzagun baliabideak eta probestu dezagun aukera”.

Hitza haurrei emanaz
Aisialdirako heziketa aipatzean, haurren eta gazteen partaidetzaz, kooperazioaz, ardurak hartzeaz, sormena lantzeaz, inplikazioa sustatzeaz, taldean lan egiteaz, norbere proiektuak garatzeaz… hitz egiten da. Baina errealitatean, eguneroko praktikan, nola egikaritzen da hori? Askotan errazena, hezitzaileak bulegoan haurrekin egingo duen guztia planifikatzea eta ekintza guztiak aurrez ondo lotuta eramatea izan ohi da. Kontrara, Orexak, Castañok eta Agirrek uste dute aisiadirako heziketan haurrei eta gazteei pentsatzeko, proposatzeko eta gauzatzeko aukera ematen zaiela. Ekintza dena delakoa izanik ere, garrantzitsua bidea egitea dela diote, prozesu horretan sortzen diren oztopoak, zailtasunak, arrakastak… horiek guztiak bizitzea pertsonaren haziera eta heziera prozesuan. “Gaur egun haurrak askotan aspertu egiten dira euren denbora librean, ez dakite zer egin, ez dira gauza euren aisialdiko denbora antolatzeko. Dena egina eman zaie, kontsumitzeko pronto. Baliabideak falta dituzte. Lehen kalean edo harreman-sare zabalagoetan lortzen genituen, baina gaur egun ez. Aisialdirako  heziketatik horri eman behar diogu bultzada, eta hori ez da lortzen esanaz edo kontatuaz soilik; bizi egin behar da. Adibidez, gatazka baten aurrean hitz egin, adostasunetara iritsi, malgua izaten ikasi, arazoa konpondu… hori norberak bizi behar du. Ez dago bakarrik, noski. Beste kideekin eta hezitzailearekin harremanetan dago eta harreman horretan ikusten da haurra nolakoa den, zer behar dituen, laguntzen diozu ondorioetara iristen, galderak eginaz eta ez erantzunak emanaz. Hori da guk eskaintzen duguna, hori da aisialdirako heziketa duen baliorik inportanteena edo eduki beharko lukeena”.

Haurrek edota haien gurasoek, batez ere Bigarren Hezkuntzatik aurrera, euren denbora librean egiteko kirola —denen artean futbola da nagusi—, hizkuntzak edota musika instrumentuak aukeratzen dituzte, batez ere. Aisialdirako hezkuntzaren parametroetan jarduten duten elkarte edo taldeen aukera, ostera, azken postuan geratzen da, eta zenbait haur eta gaztek oso modu puntualean erabili ohi dute zerbitzu hori; bereziki, opor-egunetan beste nora jorik ez dutenean… Orexak, Castañok eta Agirrek uste dute garrantzitsua dela seme-alaben denbora antolaketa egitean aisialdirako heziketak lantzen dituen balioetara egokitzen diren eskaintzei ere tokia egitea, denbora bat gordetzea bizitzarako eskola izango den horretarako. “Hausnartu beharko dugu gure haurrek zein premia dituzten, ea behar duten hori mundu akademikoan soilik eskura ote dezaketen”. Aisialdirako heziketako taldeak oso irekiak izan ohi dira, ez da eskolaz kanpoko beste hainbat jardueratan bezalako sailkapenik egiten eta edonork izaten du parte hartzeko aukera: “Aniztasunari dagokionez eta inklusiora bidean, eremu honetan izugarrizko lana egin da eta aukera handiak ematen ditu. Horregatik, guraso guztiak animatuko nituzke, umearen gaitasunak direnak direlarik ere, eremu horri tokia egitera”.