Gasteizen aurkeztu zuen Kontseiluak urriaren 10ean EAEko Hezkuntza Legeari egindako osoko ekarpena, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala. Hezkuntzakomunitateko eragile EHIGE, Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasiko ordezkariekin, eta euskal gehiengo sindikaleko ELA, LAB eta STEILASeko ordezkariekin batera azaldu zituen proposamenaren gakoak.

Kontseilutik 2021eko abenduaren 16an eskaera bat egin genuen Gasteizen elkartu ginen hezkuntza eragileekin batera: Eusko Legebiltzarrean jorratzen ari den hezkuntza hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa aurkezteko. Euskaraz hazi, berdintasunean hezi izeneko adierazpenean jaso genuen eskaera. 

2022ko apirilean Legebiltzarrak onartutako hitzarmenean kezka agertu genuen, izan ere, ez zuen berariaz jasotzen hezkuntza sistemak izango duen hizkuntza eredua. Horrexegatik, Kontseiluak, baina baita kezkarekin bat egin zuten hezkuntza eragileek ere —Ikastolen Elkartea, EHIGE, Kristau Eskola, EHIZE, Hik Hasi, ELA, LAB eta Steilas—, legeak zehaztapenak ongi jaso zitzala eskatu genuen. 

Irailaren 14an, lege aurreproiektua aurkeztu zuten eta hezkuntza sistemak izango duen hizkuntza ereduaren inguruan zehaztapenik gabe jarraitzen dugu. Gogora dezagun, birgogora dezagun, hezkuntza sistema oinarrizko zutabea dela egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenean, eta ikasle guztiei aitortu eta bermatu behar zaiela euskara maila egokia lortzea ahalbidetuko dien sistema. 

Urriaren 10ean Gasteizen hezkuntzako eragile nagusienekin eta gehiengo sindikalarekin batera, legearen eztabaidan proposamen berri bat jarri genuen. Orri zuriaren gainean egindako proposamena da, euskararen betaurrekoetatik egindakoa, ikasleen eskubideak erdigunean izango dituena. Zinez uste dugulako, beharrezkoa dela euskarari buruzko proposamen integrala egitea, finean, berdintasuna eta kohesioa ditugulako jokoan. 

Zalantzarik gabe, proposamen honek badu puntu garrantzitsurik. Horrenbeste aldiz aipatu dugun zehaztasun-eza modu zehatzean jaso dugu honako proposamen honetan: hizkuntza eredua. 

Atal berezitua du hizkuntza ereduak eta honako hau jasotzen du: 

  1. Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakas- eta ikas-hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; 

  2. Hizkuntza eredu orokor eta inklusiboaz ari gara; 

  3. Eta arreta berezia jarri behar zaie hizkuntza ofizialetako bat (edo biak) ezagutu gabe sartzen diren ikasleei. 

Horixe da gu aldarrikatzen ari garen zehaztasuna. Horixe da legeak jaso beharrekoa. Gainera, ikusi dugu hori dela eredurik arrakastatsuena. Ondoan ditudan eragileek oso ongi dakite hori. Bidea zein den badakigu, hortaz, legeak jaso dezala. 

Bestalde, kontuan hartuta etorkizunean hizkuntza proiektuek garrantzia eta pisua hartuko dutela, horiei buruzko atala ere zehaztu dugu. 

Halere, hor badago proiektu guztiek jaso beharrekoa, besteak beste, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza hartzea, eta horretaz gain, bada azpimarratu nahi dugun oinarria: euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea. 

Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea. Baldintza soziolinguistikoez ari garenean, printzipio hori aplikatzea besterik ezin da ulertu. 

Atal horretan, bestalde, hizkuntza proiektuak ebaluatu eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu beharra jasotzen da. Are gehiago, hizkuntza proiektua egokitu ezean programa kontraturik ez da sinatzerik izango. 

Proposamen gehiago 

Hizkuntza ereduez eta hizkuntza proiektuez gain, beste hainbat elementu jaso ditu Kontseiluaren proposamenak. 

Lehenik eta behin, curriculumari, euskal curriculumari bereziki, erreferentzia zuzena egiten dio: euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia jaso beharko du, eta hainbat lanketa proposatzen ditugu horretarako. Eta hor ere irakasleen prestakuntzari arreta jarri beharko zaio. 

Bigarrenik, ikastetxeetako hizkuntza jardunari erreparatu behar zaio, uste dugulako hor legeak lauso jokatzen duela. Horrexegatik, gure proposamenak ikastetxeetako hizkuntza jarduna ere arautzen du, ikastetxeak euskararen arnasgune funtzional bihur daitezen, eta ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen. Horretarako, noski, langileen hizkuntza gaitasunean eragin behar da, eta hor hainbat neurri jasotzen dira, egun euskara ez dakiten langileei prestakuntza ematea, esaterako. 

Horietaz gain, badira beste hainbat atal: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide heziketa, kirol eta arte ikaskuntzak… bai eta hezkuntza sistemaren helburuak eta ikasleen hizkuntza eskubideak ere. 

Ekarpen integrala egiten saiatu gara, hau da, euskararen betaurrekoetatik, eskubideetatik, eta kohesioa helburu, beharrezkoak diren elementu guztiak txertatzen. 

Kontseiluak ekarpen gisa erregistratu du Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan. Alderdi politikoei gure proposamenaren berri emango diegu, bere egin eta haiek ere ekarpenetan jar ditzaten. Eta abenduan ikusiko dugu zer-nola jasotzen den zirriborroan. 

Lege berrian euskararen gaia egoki jasotzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu: hezkuntza sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea. Gurean, ikusi izan dugu zer-nolako ekarpen ikaragarria egin dion hezkuntza sistemak euskalduntze prozesuari, baina oraindik urrun gaude ezagutzaren unibertsalizaziotik. 

Gizarte kohesioa zein bizikidetza bermatzeko giltzarria ere bada hezkuntza, eta helburu horiek betetzeko nahitaezkoa da ikasleen arteko bereizkeriarik ez egitea eta derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan denek maila berdina izatea. 

Hurrengo hamarkadetan indarrean dagoen legeak bai ala bai bermatu behar du euskara ikas- eta irakashizkuntza izango duen eredu orokor eta inklusiboa abian jarriko dela. 

Ezin da aukera galdu. Ezin dugu aukera galtzen utzi.