Xabier Sarasua, Iraleko irakaslearen iritzi artikulua.

 

Momok erakutsi zigun “gizon grisak” guri lapurtutako denborari esker bizi diren arren gure esku dagoela denbora benetan bizigarri diren zereginetan erabiltzea. Ez ote gara sarri irakasleok haurrei denbora ebasten dieten gizon- emakume grisak?

Joan Domènech-ek Elogio de la educación lenta liburuan argi azaltzen du ikaskuntza bakoitzak bere denbora behar duela eta denbora eta sakontasuna zuzenki proportzionalak direla. Sakontasunaren premia badugu bada, gizateriaren garai honetan, heldulekuak eta zentzuak aurkitzeko.

Ikaskuntzek bezalaxe, haur bakoitzak ere badu bere erritmoa. Horregatik, bakoitzari behar duen denbora ematen badiogu, konfiantza ere emango diogu, eta ahalduntzen lagunduko. Gainera, ikasleek jarduerak sormenez gauzatu ahal izateko ere giltzarria da bukatzeko presarik gabe jardutea. Irakasleok ere badugu patxada hartzeko beharra, ikastetxeetan hezkuntza-proiektuaz gogoeta egiteko eta elkarrekin erabakitzeko nolako heziketa-jarduna nahi dugun.

Baina aurreko guztia egin ahal izateko, sistema irauli behar. Hasteko, alde batera utzi behar dira curriculum luzeegiak, eta bakandu, antolaketa-zereginak. Eta horretarako, lehentasunak ezarri behar dira, garrantzitsua denari leku egiteko gainerakoa baztertuz. Hortaz, soildu egin behar dira programazioak, ikasketa bakoitzean sakondu ahal izateko.

Eta aldi berean, prest egon behar da programatu gabeko zereginetan denbora “galtzeko”. Modu horretan, haur bakoitzari entzuteko eta behar duen arreta eskaintzeko aukera izango du hezitzaileak, haren potentzialtasunak eta alde ahulak ezagutuz bidelagun izateko. Momok egiten zuen antzera, inork ez bezala aditzen baitzuen, eta horrela lortzen baitzuen entzuna zenak bere onena ematea eta zenaren bertsio hobea bilakatzea.

Horrekin batera, ikasleei pazientzia eta lanean irauteko gaitasuna garatu ahal izateko moduko lan-prozesuak eskaini behar zaizkie. Esate baterako, baratzeko jarduerak edo txirularen funda puntuz egitea moduko eskulanak. Horrelako lanketetan, barne-prozesuei ere denbora ematen zaie, eta osoki engaiarazten dira gaztetxoak, sentituz, pentsatuz eta ekinez.

Programazio zurrunen eta justifikazio-zereginen presiorik gabe, hezitzailea umorez eta baikor aritu ahal izango litzateke ikasleekin elkarrekintzan. Esana baitago esanez baino gehiago, izanez transmititzen dela ondoen.