Euskal kultura eta Euskal Herriko ikuspegia bermatuko dituen hezkuntza nola antolatu pentsatzeko gakoak.

 

Ane Ablanedok, Nora Salbotxek, Idurre Alonsok eta Amaia Alberdik zapalkuntza egoeran dagoen herri bateko hezkuntza sistemaz, hau da, gureaz, hausnartu zuten Eneko Bidegainek gidatuta, HUHEZIren Euskal Kulturgintzaren Eragiletza masterrak antolatutako mahai-inguruan. Euskal kultura eta Euskal Herriko ikuspegia bermatuko dituen hezkuntza nola antolatu pentsatzeko gakoak eman zituzten adituek.

 

Nola ardaztu beharko litzateke euskal hezkuntzagintza Euskal Herriko ikuspegia bermatuko duen hezkuntza gisa antolatzeko? Euskal irakasleak zer oztopo eta zer indargune izan beharko lituzke kontuan hezkuntzatik Euskal Herria eraikitzeko? Euskal Herriko irakasleen rola zein izan beharko litzateke ikasleen artean herri ikuspegia zabaldu ahal izateko? Gisa horretako galderak egin zizkien HUHEZIko Euskal Kulturaren Eragiletza masterreko koordinatzaile Eneko Bidegainek lau irakasleri: Ane Ablanedo irakasle eta heziketa berritzaileetan eta alternatiboetan adituari; Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendari eta hezkuntza publiko burujabe eta feministaren defendatzaileari; Amaia Alberdi HUHEZIko doktoregaiari eta Idurre Alonso HUHEZIko irakasle eta Euskal Filologian doktoreari (Eragiletza masterreko koordinatzailea ere bada). Lau adituak hainbat ardatzetatik hurbildu ziren gaira, baina funtsean guztiak bat etorri ziren Alberdiren hitzek laburbiltzen duten ideia honekin: Gaur eta hemen euskal irakasleok, hezkuntzaren bidez herrigintzan jarduteko, lehenik eta behin geure egitekoa problematizatu eta politizatu behar dugu.

Euskal Herriko ikuspegia bermatuko duen hezkuntza ereduan pentsatzen hasteko, helburu hori galarazten duten oztopoak ikusarazten hasi behar da. Nora Salbotxek kontestu historikoan kokatu zuen afera, euskal hezkuntzak gaur bizi dituen mendekotasunak eta zapalkuntzak zerrendatzen hasteko; euskal hezkuntzan (ere) eragina duten kapitalismo eta neoliberalismo oldarraldiak aipatu zituen: Gaur egungo normatibitatea Frantziako Iraultzaz geroztik ezarri zen, eta burgesa, liberala eta patriarkala dena arau bihurtu zen, eta hortik kanpo gelditu zen guztia
kontraposizioko gorputz izendatu zen: baldarrarena, itsusiarena, herri xumearena, jendarte arruntarena, barbaroena. Hezkuntza sistemak testuinguru horretan sortu ziren. Ondoren, eta salto handi bat eginez, 80ko hamarkadan, kapitalismoak esku-hartze basati bat egin zuen hezkuntzan; [Ronald] Reaganekin eta [Margaret] Thatcherrekin, Berlingo harresiaren erortzean, kapitalismoak hezkuntza negoziorako esparru bihurtu zuen. Eredu horrek hezkuntzako alderdi guztiak zipriztintzen ditu, COVID-19az geroztik nabarmen gelditzen ari zaigun moduan; ikasle bat / dispositibo bat paradigmak negozio eredu hori argi uzten duen moduan. Salbotxen aburuz, euskal hezkuntza normatibitate heteropatriarkal kapitalistak gurutzatzen du alderik alde, eta bestelako subjektuek hor ez daukate ez lekurik ez hitzik: Beraz, testuinguru honetan, non dago gaurko curriculumetan eta hezkuntza prozesuetan gure gorputza? Gure gorputz kolektibo zein indibidual hori? Gure gorputz euskaldun, emakumezko, sexu disidente, funtzionalki ez-normatibo eta abar hori?. Hezkuntzaren testuinguru soziopolitikoak eta ekonomikoak gure praktiketan duten eragina azaltzeko, lur hartuz ipini zuen adibidea Amaiurko eskolako zuzendariak: nola izena du gure ikasgela garbitzen duen gorputz horrek? Ba al dakigu? Edo ez dakigu nola izena duen? Eta zergatik ez dakigu? Zerbaiten sintomatikoa da, ezta?.

 


Non dago curriculumetan gure gorputza? Gure gorputz kolektibo zein indibidual hori? Gorputz euskaldun, emakumezko, sexu disidente, ez-normatibo eta abar hori?

Nora Salbotx, Amaiurko eskolako zuzendaria


 

Zapalkuntza nazionala: izendaezina den oztopoa

Ane Ablanedok zapalkuntza nazionalaren ikuspegia gehitu zion Salbotxek egungo hezkuntza ereduari egindako kritikari: Egiturazko zapalkuntzak dauden tokian askatasunari buruz hitz egitea egiturazko zapalkuntza horiek izendatzea eta adieraztea da. Zentzu horretan, hezkuntzak askatzailea eta emantzipatzailea izan behar du, eta haurrei, hezkuntzaren bidez, gakoak eman behar zaizkie zer gertatzen den uler dezaten, kontestu politiko baten baitan koka dezaten bizi dutena. Eta hori da askea. Ablanedok ahobizarrik gabe esan zuen hezkuntza politizatu behar dela, baita ikuspegi nazionalari dagokionez ere: Zergatik? Nazioari buruz ari garenean, batzuek zalantzan jartzen dute egiturazko zapalkuntzak aipatu behar ditugunik; hezkuntza neutroa egitea posible izango balitz bezala. Baina nazio ikuspegirik gabeko hezkuntza egitea ez da posible. Garbi dago, naziogintzan, politika geletara eraman behar dela.

 

Hezkuntza politikoa da

Ildo beretik mintzatu zen Alberdi. HUHEZIko doktoregaia, merkantilizazio prozesuetan eta irakasleen erantzukidetasun sozialean aditua da eta sakonago, irakasleen posizionamenduaz eta politizazioaz mintzatu zen, hori baita bere tesiaren ikerlerroa. Egungo testuinguruak ezartzen dituen oztopo globalak nahiz gure herriari dagozkionak jarri zituen mahai gainean: Irakasleon lana —edo hezkuntza— politikoa da: politika polisa egitea dela ulertuta, hau da, herria egitea dela ulertuta. Guk, irakasle moduan, mundua eta lurra eta gure herria interpretatzeko estrategiak elkarbanatzen ditugu, eta ikasleei mundua irakurtzeko estrategiak ematen dizkiegu. Beraz, guk elkarbanatzen ditugun begiradek hezigai horiengan munduari begiratzeko aukerak irekiko dituzte, eta ikasle horiek aukera desberdinak daudela ikusiko dute. Izan ere, askotan guri kontatu zaizkigun aukerak ez dira berez dauden aukera bakarrak. Beraz, irakasleon lana politikoa denez, onar dezagun lehenbailehen: irakasleok ezin dugu neutroak izan, eta ez da ezer gertatzen. Alberdiren aburuz, irakasleak neutroak izaten saiatzen garen bakoitzean, sistemarentzat egiturazkoak diren botere egiturak erreproduzitzen ditugu”. Irakaslearen neutraltasunaz eta posizionamenduaz hausnartzeko galdera plazaratu zuen HUHEZIko irakasleak: 45 urtez egongo naiz gela batean; zeren mesedetan jarri nahi dut nire gorputza 45 urtez? Hausnar dezagun.

Irakasleek hezitzailearen erantzukidetasuna eta konpromiso soziala nola ulertzen duten aztertzen ari da Alberdi bere tesian. Oraingoz ikusi ahal izan duenaren arabera, oso irakasle gutxik hautatzen dute lanbidea komunitatearen edo herri ikuspegitik jarduteko helburuarekin, nahiz eta gurean, oraindik, badiren Euskal Herriaren, euskal kulturaren eta hizkuntzaren transmisio eta mantentze nahiagatik hezkuntzara engaiatzen direnak. Izan ere, Alberdiren arabera, ezin da ahaztu konpromisoak euskal hezkuntzaren genealogian izan duen pisua: Euskaldun irakasleok iraultza egin dugu eskoletatik, duela mende bat baino gehiago: bai Frantziako  Estatutik edo Espainiako Estatutik euskara debekatzen zen garaian, momentu askotan, irakasle euskaldun askok ezetza eman zioten sistema horietan lan egiteari. Gure genealogiako izen behinena nabarmendu zuen: Elbira Zipitriak frankismoak uzten zituen zirrikituak baliatu zituen; emakume on eta sumisoaren figura baliatuz, subertsiotik, etxeetan eskolak ireki zituen.

 


Egiturazko zapalkuntzak dauden tokian askatasunari buruz hitz egitea egiturazko zapalkuntza horiek izendatzea eta adieraztea da. Hezkuntzak askatzailea eta emantzipatzailea izan behar du

Ane Ablanedo, irakaslea eta heziketa berritzaileetan eta alternatiboan aditua


 

Euskal Herria eraikitzeko hezkuntzak bizi dituen oztopoak zerrendatzean, Zipitriaren garaiko nazioaren, hizkuntzaren eta kulturaren zapalkuntzari gaurko hezkuntzak bizi duen merkatuaren zapalkuntza erantsi behar zaiola nabarmendu zuen Alberdik ere, Salbotxen haritik. HUHEZIkoak ere mahai gainean jarri zuen gaurko hezkuntza merkatugai bihurtu dutela, subjektibotasun neoliberalaren transmisiorako tresna: eskolak zergatik dauzka misioa eta bisioa eta ez printzipio pedagogikoak? Talentuaz, bisioaz edo misioaz hitz egitea, inperialismo ekonomikoak hezkuntzan hartu duen indarraren erakusle da. Inperialismo kulturaletik askatu nahi baldin badugu, nekez egingo dugu inperialismo ekonomikoak erabiltzen dituen estrategiak baliatuz, adierazi zuen Alberdik, eta Audre Lorde idazle feminista, lesbiana eta eskubide zibilen aldeko irakasle afroamerikarraren hitzak ekarri zituen: Ugazabaren erremintek ez dute ugazabaren etxea desmuntatuko. Beraz, hezkuntza berrikuntzaz eta talentua erakartzeaz ari garenean, zertaz ari garen eta emantzipazio kolektiboa non gelditzen den hausnartu beharko genuke.

 

Kapitalismoa, konpetentziak eta hizkuntzen instrumentalizazioa

Zapalkuntza globalak eta lokalak etengabe gurutzatzen dira euskal hezkuntzagintzan. Idurre Alonsoren arabera, merkatuaren logikak zeresan estua du hizkuntza praktiketan. Kapitalismoaren logiketan ari gara sistema eta hezkuntza etengabe erreproduzitzen, eta horrek hizkuntzari ere bete-betean eragiten dio. Hezkuntza McDonaldsizatua dugu, dena da 'laburra, azkarra, laburra, azkarra' eta ez da posible. Logika kapitalistaren sistemak proiektuak eskatzen dizkigu etengabe, baita hizkuntzei dagokienez ere, eta hizkuntza zerbait instrumentala balitz bezala egiten ditugu proiektu horiek. Haren hitzetan, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik ere, hezkuntza beste modu batera pentsatzen hasteko garaia dugu: Ikastetxe guztiak hizkuntzak nola uztartu pentsatzen ari gara, euskara nola uztartu gaztelaniarekin, frantsesarekin, ingelesarekin… eta igual beste modu batera pentsatzen hasteko sasoia da: nola uztartuko dugu euskara kulturarekin?.

 


Irakasleon lana politikoa denez, onar dezagun lehenbailehen: irakasleok ezin dugu neutroak izan, eta ez da ezer gertatzen

Amaia Alberdi, irakaslea eta HUHEZIko doktoregaia


 

Hezkuntzak sakontasuna behar du, eta Alonsok hizkuntza proiektuak euskaratik pentsatzeko beharra nabarmendu zuen. Horretarako, hizkuntza proiektuetan soziolinguistika eta kultura txertatzeko beharra nabarmendu zuen: Feminismoak betaurreko moreak eskaini dizkigu egiturazko menderakuntzak identifikatzeko eta beste errealitate bat eraikitzeko, eta euskalduntasunetik eta nazio ikuspegitik ere betaurrekoak behar ditugu egiturazko menderakuntzak identifikatzeko eta beste errealitate batzuk eraikitzeko, eta, horretarako, ezagutza soziolinguistikoa eta kulturala edukitzea ezinbestekoa izango dugu.

Alonsoren aburuz, momentu honetan ikastetxe gehienetan indarrean den konpetentzien markoa aukera bat izan beharrean, edukiz hustutako sistema bat da: Ikasleak egitearen logika kapitalistan jarri ditugu. Konpetentzien markoak ezin gaitu hezkuntzan haien logiketan aritzera eraman. Guk kontzientzia politikoa eta identitarioa behar ditugu euskaldun identitatean bizirauteko, eta ezin dugu euskara, besterik gabe, komunikazio gaitasuna jorratzeko soilik landu.

Bizi dugun egoeran, ikasleak hiztun aktibo eta kontzienteak izateko premia dagoela aldarrikatu zuen HUHEZIko irakasleak eta hezkuntzaren marko orokorrean instrumentalizatu gabe jokatu beharko genukeela gehitu zuen: Inongo justifikazio kapitalistarik gabe eta inolako instrumentalizaziorik gabe txertatu behar dugu kultura eskolan.  Kulturaz ari delarik, ordea, hurbiltasunetik eta esperientziatik ari da Alonso, herri kulturaren eta komunitateari gertuko zaion kultur esperientziatik: Ezin dugu kultura elite baten praktika izango balitz bezala, urrutiko zerbait balitz bezala irakatsi.

 

Hizkuntzarena, testuinguruan jarri beharreko zapalkuntza

Ablanedoren aburuz ere funtsezkoa da bizi dugun zapalkuntza kulturalaren berri ez ezik, ikasleei zapalkuntza nazionalaren berri transmititzea, ez soilik bizi dugun errealitatea interpretatzeko, baita euren errealitate propioa ulertzeko ere: Ikasleentzako etsigarria da: bizitza osoa daramate euskara ikasten eta ez dira gai ongi mintzatzeko. Etsigarria da! Eta inork ez die esplikatzen zergatia; errudun sentiarazten ditugu ez dutelako euskaraz egiten, hizkuntzarena hautu pertsonal bat soilik balitz bezala. Ikasleei esplikatu egin behar zaie zer den diglosia eta nola eragiten duen, eta ez soilik soziolinguistikaren ikuspegitik, baita herri zapaldu baten ikuspegitik ere.

Ablanedoren aburuz, gaur egun, euskararen eta euskal kulturaren transmisioari ideologia politikoa falta zaio. Eta irakasleak arazoaren muinera eraman gintuen: Esan al dezakegu gure gaurko egoeran gure herria zapaldua dela?. Isiltasunak erantzun zuen. Horrek bi gauza ematen ditu argitara: lehena, hezkuntza sistema hori zenbateraino ote den geurea. Geurea balitz, posible izan beharko litzateke hori geure buruari aitortzea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea. Herri honetan ongi bizitzeko eta integratzeko behar duten oinarrizko jakintza transmititzeko aukera izan beharko genuke, eta ez dugu.

Hezkuntza politizatu behar dugu, baina ezin dugu, ondorioztatu zuen Ablanedok. Eta ezintasun hori garesti ari gara ordaintzen, haren hitzetan: Ez soilik hezkuntzan; borondaterik onenarekin eta gure ekimen gaitasun guztiarekin, independentzia lortu gabe independenteak izango bagina bezalako egiturak eduki nahi izan ditugu herri honetan, eta hori primeran dago. Orduan, denari deitu diogu euskal, eta badugu euskal eskola, Eusko Jaurlaritza... Dena dugula ematen du eta normalizazio itxura bat transmititu dugu, baina horren prezioa garesti ari gara ordaintzen. Normalizazioa dago; beraz, gazteek ez dute egoeraren kontra egiteko beharrik ikusten. Kontua da normalizazio horrek ez duela gure gatazka konpondu, noski, eta, gainera, isilarazi edo kamuflatu egin duela borrokatzeko beharra.

 


Konpetentzien markoak ezin gaitu hezkuntzan haien logiketan aritzera eraman. Guk kontzientzia politikoa eta identitarioa behar ditugu euskaldun identitatean bizirauteko, eta ezin dugu euskara, besterik gabe, komunikazio gaitasuna jorratzeko soilik landu

Idurre Alonso, HUHEZIko irakaslea


 

Konponbideak bilatzeko ahalegina

Egun bizi ditugun oztopoak zehaztu ostean, hezkuntza Euskal Herriko ikuspegia bermatuko duen antolamendu gisa pentsatzen hasteko, Bidegainek konponbideak izendatzeko ahalegina ere eskatu zien lau hizlariei. Feminismoa, irakasleak saretzea eta formatzea dira aipaturiko giltzarrietako batzuk. Alonso: “Irtenbidea ikuspegi hau partekatzen dugun irakasleak saretzea da, formatzea eta diskurtso erradikalagoa egitea”.

Euskal Herriko ikuspegia bermatuko duen hezkuntza eredua josteko, saretzea gako garrantzitsuetako bat da, lau hizlarientzat, Alberdik adierazi zuen moduan: “Arazo kolektiboek konponbide indibiduala dutela pentsatzen badugu, jai dugu. Nire ikasleak espainieraz edo frantsesez erantzuten baldin badit, pentsatzen dut arazoa nirea dela, eta ez, arazoa sistemarena da”.

Irakasleok zer kolaborazio tresna, elkarte edo erakundetan saretu gaitezkeen galdetuta,  Hik Hasi izan zen agertu zen lehen eredua, Ablanedoren zein Alberdiren hitzetan. Lurralde eta sare desberdinetako irakasleak Hik Hasin elkar gaitezke”. Hik Hasi erakunde nazional bat da, euskal hezkuntzaren alde ari dena eta hor saretu gaitezke”, adierazi zuen Ablanedok.

Feminismoak gizartean hartu duen indarra eredu beharko genuke, lau hizlarien arabera. Izan ere, Alberdik azaldu zuen moduan, “feminismoak erakutsi digu arazoa sistemarena dela, eta gauza bera gertatzen da hezkuntzan ere; arazoa sistemarena da”. Are gehiago, feminismoak gizartean ez ezik, hezkuntzan hartu duen erreferentzia baliatu beharko litzateke Ablanedoren aburuz, eta feminismoaren diskurtsoa naziogintzara ekarri beharko genuke: Orain feminismoak hartu duen indarrarekin argi ikusten da politikoki eragin behar dela hezkuntzan eta ikastetxeetan: hor eragiten den moduan, politika geletara eraman behar dela garbi dago. Hori bera, naziogintzara ekarri beharko litzateke”.

Horiez gain, herrigintza ipar garrantzitsutzat hartu beharko luke hezkuntzak, Alonsoren arabera: Euskal Herrian herrigintzak egin duen guztia kontuan izanda, hezkuntzak zergatik ez dio gehiago begiratzen herrigintzari? Zergatik begiratzen diegu praktika kapitalistei?.