Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berriaren proposamenen artean agertzen da udalen parte-hartzeari buruzko gogoeta. Gobernantza eredu berri bati begira jarrita, Mariam Bilbatua HUHEZIko irakasle ohiak eta Durangoko Hezkuntza zinegotziak udalen, Hezkuntza Sailaren, hezkuntza eragileen eta hezkuntza komunitatearen funtzioei eta egitekoei buruzko iradokizunak biltzen ditu, norabidea markatuz.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen Hezkuntza Legearen proposamenaren aurrean udalei hezkuntza arloan eragiteko ematen zaien aukeraz baliatuko naiz Hezkuntza Legeak aipatzen duenaz, aipatu beharko lukeenaz eta, bereziki, nire ustez, Hezkuntza Sailak zein beste hezkuntza eragileek sakondu beharko luketen norabideaz hausnartzeko. 

Lege proposamenaren 61. artikuluak Udal Hezkuntza Kontseiluak eratzeko aukera aurreikusten du. Hautazko aukera, beraz. Ondorioz, ez zaigu argi geratzen zein izango den Hezkuntza Sailaren konpromisoa Legean udalei proposatzen zaizkien eta ondoren aipatzen diren konpromisoak aurrera eramateko: “Hezkuntza proiektu komunitarioak taxutzea eta bultzatzea, baliabide publikoen erabileran sinergiak sortuz eta ikasleen ongizatera eta garapenera bideratutako ekintzak gauzatuz”.

Eskola Komunitateak indartu 

Sistemaren ahuleziek, irakasleriaren egonkortasun ezak, sistemaren burokratizazioak eta administrazioaren lidergo ezak, eskola komunitateak ahuldu dituzte, proiektuak egonkortzeko bideak oztopatu eta irakasleriaren konpromisoa ahuldu. 

Horren aurrean, eskola komunitatea indartzeko beharra azpimarratu nahi dut. Izan ere, eskola bakoitzean gertatzen diren egoera konplexuei erantzuteko, eskolaren, irakasleriaren eta komunitatearen barne indarra aprobetxatzea ezinbestekoa da. Kanpoko presioek eskolen barneko gaitasuna indartu behar dute eta ikasleen ikaste prozesuen hobekuntzan eduki behar dute eragina. Goitik beherako estrategia burokratiko eta arrazionalaren ordez, eraldaketarako dinamika autonomoak bultzatu beharko lituzke administrazioak eta erakundeen parte-hartzaileei protagonismoa eman.

Bestalde, testuinguru konplexu eta aldakorrei aurre egiteko gaitasuna duen eskola antolaketa eredua behar dugu, antolaketa malgua, testuinguru anitzen eta etengabe aldatuko diren balditzen aurrean, erantzun berriak pentsatzeko eta ezartzeko gaitasuna izango duen eskola, alegia. Bide horretan, Ikaskuntza Komunitatearen eredua dugu, Fullanek (2002) ondorengo berezitasunak aipatzen dizkiena: taldeko helburu partekatu bat izatea, proiektuarekiko talde konpromisoa egotea, taldekideen partaidetza ahalbidetzen duen antolaketa, eta ezagutza partekatzea ahalbidetuko duen hizkuntza bateratua izatea. Aipatutako berezitasunak garatzea, hots, ikaskuntza komunitate bat sortzeko eta garatzeko prozesua arrakastaz burutu nahi bada, lidergo pedagogikoa, komunitatea osatzen duten pertsonen arteko konfiantza eta elkarlana ezinbestekoak dira. Hezkuntza lege berriaren ezarpenak norabide horretan diseinatutako irakasleriaren formazioa eta erreferenteak izan daitezkeen proiektuak babesteko baliabideak ziurtatzea ezinbestekoak ikusten ditut, norabide horren arrakasta ziurtatzeko. 

Eskola eta tokiko komunitatea 

Eskolak berak bakarrik ikasleen desberdintasunak ekiditeko gaitasuna duela adierazten duten espektatiben aurrean, ikerketek erakusten dute eskolak zeregin handia duela. Baina bere ekimenez soilik ezin ditu gainditu —eskolaz kanpoko faktoreengatik— ikasleen artean dauden desberdintasunak. 

Hezkuntza sistemez ari bagara, Euskal Herrirako nahi dugun hezkuntza sisteman erreparatu behar dugu. Izan ere, haurra testuinguru kultural batean bizitzen eta hezten da, eta testuinguru horrek bere nortasun heldua eraikitzeko prozesuan berebiziko garrantzia du. 

Aipatutako erronkak lortze aldera, eskolaren eta komunitatearen arteko loturak bi norabidetan kokatzen ditugu: eskola testuinguru sozialean kokatzea eta testuinguru soziala eskolan txertatzea. 

Testuinguru sozialak eskolan txertatzeak gertuko curriculumari arreta jartzea eskatzen du, hala nola, gertuko historia eta memoria ezagutzeko aukerak zabaltzea, bizipenak partekatzeko eskolen arteko ekimenak bultzatzea, elkarbizitza eta parte-hartzea ahalbidetzen dituzten ekimenetan parte hartzeko aukera sortzea… 

Aurreko parrafoan aipatutako testuinguru sozialekiko loturak eraikitzeak hezkuntza eragileen arteko elkarlana behar du eta, horretarako, bi instituzioen ahalegina eta lan bateratua irudikatzen dugu. Alde batetik, familia eta gertuko komunitatearen inplikazioa ahalbidetuko duen eskola antolaketa eta, bestetik, eskolaz eta hezkuntzaz arduratzen diren beste erakundeen arteko elkarlana bideratu dezaketen udalak, mankomunitateak edo beste gertuko erakundeak.

Testuinguru horretan kokatzen ditut Udalaren esku-hartzea eta lan ildo posibleak: 

  • Ikastetxeekin batera hezkuntza formalaren diagnostiko partekatua eta ildo estrategikoen eraikuntza bateratua diseinatzeko prozesuak martxan jartzea. 

  • Estrategikotzat hartu daitezkeen arlo zehatzei zuzendutako proiektu bateratuak bultzatzea: euskara, berdintasuna… 

  • Hezkuntza formalean eta ez-formalean inplikatutako eragileen arteko ikuspegia bateratzeko elkarlana eta proiektu bateratuak identifikatzeko sortutako hezkuntza foroak sustatzea. 

  • Herri Hezitzaileen esperientziak bultzatzea.

Hik Hasik proposatutako Hezkuntza Proposamenean (Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak, 2017) azaltzen den Herrietako Plana izan daiteke herriko beharrak antzemateko eta herritik erantzun komuna emateko erreferente egoki bat udalentzat, bertan azaltzen baitira Herrietako Hezkuntza Planaren eragileak eta jaso beharko lituzketen esku-hartze eremuak. 

Aipatutako lan ildoetan badaude erreferenteak izan daitezkeen zenbait udaletan garatutako esperientziak. Interesgarria litzateke udalek esperientzia horien berri izatea eta ildo horietan udalen lana erraztuko luketen laguntzak martxan jartzea.