Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da nora goazen jakiteko. Eta nondik gatozen jakiteko, leku paregabea da EHUren Ibaetako campusean kokatua dagoen Hezkuntzaren Museoa. 2014. urtean zabaldu zituen ateak, eta Euskal Herriko hezkuntzaren historian barrena ibilbide bat egiteko parada ematen du.
Euskal Herriko Unibertsitateko Garaian ikerketa taldearen ekimenez sortu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntzaren Museoa, eta Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutaraztea ditu helburu nagusi. Pauli Davila da taldeburua eta museoko zuzendaria, baina Joxe Garmendia irakaslea eta museoko Koordinazio Batzordeko kideak zabaldu dizkigu ateak. Museora sartzea gure historia hurbilera bidaia egitea da, bi mende inguruko bidaia egitea. Azaleko begirada eskainita, agerian geratzen da euskal hezkuntzaren kontrola frantziar eta espainiar estatuek izan dutela beti eta, biek ala biek, eskola asimilaziorako tresna gisa erabili dutela.
Hiru zatitan antolatzen da museoa: Euskararen mundua eta hezkuntza, Eskolaren gunea eta Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren gunea.
Euskara eta euskal hezkuntza
Euskara nondik datorren eta zer ibilbide egin duen azaltzen da atal honetan. Bisitariak museoaren irakurketa hizkuntzaren oinarritik egin dezan lortu nahi dute, eta XIX. mende hasieratik hezkuntza formalak Hego Euskal Herrian izan dituen mugarri nagusietara bitarteko ibilbidea egin daiteke:Moyano Legearen efektuak, karlistaldiak, Seiurteko Iraultzailea, Primo de Riveraren diktadura... II. Errepublikaren garaian, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatea jarri zuen abian. Euskal Unibertsitatearen sorrerako historia azaltzeko, hainbat horma irudi eta panel daude. Gela horretan dituzte, baita ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eskolen argazki bildumak; eskola horiek hemengo erakundeek landaguneetarako sortutako eskolak izan ziren, eta arrakasta handia izan zuten. Espazio hori osatzeko, Errepublika garaiko material ugari dago, ikasleen eskola koadernoen bilduma garrantzitsu bat horien artean. Donostiako hainbat eskolatako koadernoak dira, II. Errepublika garaikoak eta gerra garaikoak.
Frankismo garaian, legez kanpo funtzionatzen zuten eskolak sortu ziren han-hemenka hainbat herritan, eta euskara irakasten zuten, debekatua egon arren. Eskola horietan erabili ziren koadernoak ere ikus daitezke, eta baita argazkiak eta ikasle izan zirenen lekukotasunak ere. Gune horretan bildu dituzte berrikuntza pedagogikoko mugimenduak, euskal curriculuma ezartzeko urratsak, euskalduntzea eta alfabetatzea…
XIX. mendean, asimilazio prozesu handia gertatu zen Euskal Herrian. Kanpoko irakasle asko sartu zituzten ikasgeletan, argi diote datuek: atzerriko irakasleak % 61 ziren Euskal Herrian; % 18 Galizian, eta % 19 Katalunian. Inspektoreek ere lan handia egin zuten asimilazio lan horretan, besteak beste, zer ikasi behar zen zehazten baitzuten.
Eskolaren gunea
Frankismo garaiko zortzi idazmahai bikoitz, irakaslearen mahaia, arbela eta ikasgelako beste hainbat elementu berreskuratu dituzte. 50eko eta 60ko hamarkadetako ikasgelak nolakoak ziren ikus daiteke, eta bisitariek garai hartako hezkuntza nolakoa zen senti dezakete. Gela horretatik, modernoagoa den beste batera pasatuko da bisitaria: 70eko hamarkadako hezkuntza erreformari dagokio. Nabarmena da bataren eta bestearen arteko aldea.
Irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren gunea
Hainbat irakasgairen irakaskuntzan erabili diren materialak kokatu dituzte: Fisikakoak, Kimikakoak, Geografiakoak, Natur Zientzietakoak... Eskola curriculuma eratzen duten irakasgaietako irakaskuntza eta ikaskuntza nolakoak izan diren jakin daiteke, material eta tresna horien bidez.
Hiru gune horiez gain, museoak Dokumentazio Zentroa du. Zentro horretan, XX. mendean erabilitako testuliburuak, eskola koadernoak, memoriak… gorde dituzte. Gainera, hezkuntza gaiei buruzko liburutegi bat ere bada, hezkuntzaren historiari buruz XVIII., XIX. eta XX. mendeetan argitaratuko liburuekin.
Gune guztiak osatzen ari dira etengabe, museoaren ikuspegi didaktikori eta dinamikoari eutsiz, betiere. Geure hezkuntzaren historia ezagutuz, etorkizuna idazteko tresnak izan ditzagun.