Hik Hasiren standa Artekale 63n egongo da.
Durangoko Azokako Hik Hasiren standean bi liburu berri izango dira aurten.
Bata, Ane Ablanedo irakasle eta neurosiaren prebentzioan adituaren Heziketa librea liburua da. Argitalpen berri honek haurrek libre(ago) izateko beharko luketen heziketa eta haziera ditu hizpide. Egileak askatasunaren, heziketaren eta heziketa librearen gainean egiten dituen gogoetak biltzen dira liburuan. Ez da “heziketa libreak” nolakoa izan behar duen ikasteko gida bat, askatasuna ezin delako orokortu edo normatibizatu eta norberak behar duelako berea definitu, benetan libre izango bada.
Liburuaren aurkezpena abenduaren 6an, ostirala, izango da 19:30ean Landakoguneko Talaia gunean. Bertan izango da Ane Ablanedo idazlea, Olatz Lasagabaster Hik Hasiko erredaktorea alboan duela. Bien arteko solasaldian liburuan jasotzen diren gogoetak aletuko dituzte.
Bigarren nobedadea Gaxuxa eta karramarro magikoa. Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogo terapeutikoak idatzia eta Oihane Beñaranen ilustratua. Haurren beldurrei buruzko ipuin bat da, Gaxuxaren klarion magikoa arrakastatsuaren moduan. 2-6 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuina da, pentsamendu magikoaren garaian dauden umeei bideratua. Ipuinak, adin horietan oso tresna egokiak dira errealitatearen erronkei aurre egiteko. Istorio labur honetan haurren bizitzan sortzen diren beldurrei aurre egiteko aukerarik badagoela adierazten da.
Abenduaren 8an, astelehena, 11:45ean liburua aurkeztuko da Durangoko Azokako Saguganbara gunean. Mari Seara ipuin kontalariak bertaratzen diren haurrei ipuina kontatuko die eta segidan Alvaro Beñaran idazlea ipuinaren funtzioaz eta garrantziaz arituko da, helduei begira.
Hik Hasiren standa Artekale 63n egongo da, aipatu liburuez gain, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarien zenbaki berriekin, monografikoekin, musika liburuekin eta koaderno berriekin.