Heriotza ona, heriotza lasaia esan nahi du eutanasia hitzak.
Eztabaida handia sortzen duen gaia da: eskubidea da batzuentzat, hilketa besteentzat. Sendatzerik ez duten gaixotasunen kasuan, bizirik jarraitu nahi dugun edo ez erabakitzeko aukera ematen du eutanasiak.
Heriotzak eta harekin lotutako gaiek tabu izaten jarraitzen dute, eta gutxi hitz egiten dugu horiei buruz, baina badugu eskubidea gaixotasun larriren edo sendaezinen bat izanez gero nolako heriotza nahi dugun erabakitzeko, Hego Euskal Herrian bederen. Eutanasiak eztabaida handia sortzen du, eta asko dira aldeko eta kontrako argudioak: duin bizitzeko eskubidea dugun moduan, duin hiltzekoa ere badugula defendatzen dute eutanasiaren aldekoek. Harri Berri-Oleta ikastetxeko irakaslea, psikopedagogoa eta heriotzak eragindako galeren pedagogian eta suizidioaren prebentzioan espezialista da Naroa Martinez Suarez.
Oinarrizko galdera, hasteko: zer da eutanasia?
Erabat osatzeko edo hobera egiteko aukerarik ez duen pertsona baten bizitzari amaiera medikalizatua ematea da eutanasia, betiere mediku batek lagunduta.
Gaixotasuna hilgarria ez den kasuetan aplikatzen al da, beraz, eutanasia?
Bestelako kasuetan, zainketa aringarriak aplikatzen dira. Hori da bataren eta bestearen arteko aldea: gaixotasun batek okerrera egiten baldin badu, zaintza aringarriak heriotza bizkortzeko aukera izan daitezke; hori ez da eutanasia. Gaixotasunak epe laburrera edo ertainera zuzenean heriotza ekarriko ez lukeen kasuetan aplikatuko litzateke eutanasia.
Gai horrekin ere zatiketa dugu Euskal Herrian: legezkoa da Hego Euskal Herrian, baina Ipar Euskal Herrian ez, Frantziako Estatuak ez duelako eutanasia legeztatu.
Herrialde askotan tirabira handiak daude legeztatzeari dagokionez. Eutanasia suizidioarekin parekatzen dut nik: eutanasiaren kasuan, agerikoagoa izaten da fisikoki dagoen degenerazio hori, gaitasunak galtzea edota sufrimendu fisikoa; baina, suizidio kasuetan, sufrimendu emozionala handia izaten da.
Zein dira eutanasiaren aldeko eta kontrako argudio nagusiak?
Kontrako argudio nagusia bizitzaren aurkakoa dela izaten da; abortuaren kontra daudenen argudio bera da. Bestalde, gehiegizko erabileraren beldurra aipatzen dute, eta erlijioak eta moralak pisu handia hartzen dute. Suizidioa legeztatzearen moduko zerbait izango litzatekeela dio hainbatek.
Abortuaren kasuan bezala, legeztatua egoteak ez du inor hori egitera behartzen, aukera bat baino ez da
Eta zer diote aldeko argudioek?
Heriotza duinerako eskubidea eta nork bere bizitzari buruz erabakitzeko askatasuna aipatzen dira. Abortuaren kasuan bezala, legeztatua egoteak ez du inor hori egitera behartzen, aukera bat baino ez da.
Kosta egiten zaigu hiltzeko erabakia hartzeko askatasuna onartzea.
Bai. Heriotzari beldurra diogu, ez dugu onartzen maite dugun norbaitek hiltzeko hautua egitea, eta porrot gisa bizitzen dugu. Mediku askori ere gauza bera gertatzen zaie, bizitzak salbatzeko hezi dituztelako eta ez bizitzak modu duinean amaiarazteko.
Zergatik da garrantzitsua eskolan eutanasiari buruz hitz egitea?
Heriotza bizitzaren parte da, eta eskolan eta etxean heriotzari buruz naturaltasunez hitz egin behar da. Txakurrekin eta maskotekin eutanasia oso onartua dugun zerbait da: sufritzen ari direla onartzen dugu, eta ez duela merezi, baina pertsonek ere erabaki hori har dezakete, eta horretarako informazioa eduki behar dute.
Heriotzaren aurrean, hainbat aukera
Heriotzaren atarian sufrimenduarekin amaitzeko hiru aukera nagusi daude, zainketa aringarriez harago: Aurretiazko Borondateen Dokumentua, eutanasia eta lagundutako suizidioa.
Aurretiazko Borondateen Dokumentua. Idatzizko dokumentua da, mediku taldeari zuzendua. Pertsona batek jarraibideak uzten ditu, etorkizunean bere borondatea adierazteko gai ez baldin bada jarraibide horiek kontuan hartu daitezen. Dokumentu hori edozein momentutan aldatu daiteke, edo atzera bota daiteke, pertsonak erabakiak hartzeko gaitasunari eusten dion bitartean.
Eutanasia. Medikuak botika hilgarri bat ematen dio gaixoari. Normalean, zain barnekoa izaten da.
Lagundutako suizidioa. Pertsonak norbaiten laguntza behar du eta, normalean, heriotza eragiten duen substantzia edangarria hartzen du, baina azken ekintza hark egiten du, ez medikuak.