Gaia naturaltasunez lantzearen garrantzia.
Nerabezaroarekin batera iristen da hilekoa emakumeon bizitzara. Eta kuleroak odolez zikintzen diren lehen aldi horrek urduritasuna, kezka, zalantzak sortzen ditu maiz. Gaia naturaltasunez lantzearen garrantzia azpimarratzen du Eva Rosino sexologoak.
Lotsa, kezka, beldurra eta estresa sortzen die gaztetxo askori hilekoaren etorrerak eta oso gutxik jasotzen dute horren gaineko informazioa, Eva Rosino sexologoak dioenez. Amarenea egitasmoaren sortzailea, gizarte hezitzailea eta terapeuta ere bada Rosino eta gaztetxoek jasotzen duten informazioa apurrak alderdi fisikoarekin lotura izan ohi duela dio, baina gutxi hitz egiten dela alderdi emozionalari buruz: “Ez da hitz egiten hilekoaren zikloari buruz, bizitzako etapei buruz, prozesuei buruz edota emozioei buruz, eta arriskutsuena dena: ez dugu ikusten zeinen garrantzitsua den lasaitasunez aritzeko, esperientziak partekatzeko eta informatzeko espazioak sortzea”.
Izan ere, hilekoa oso azaletik begiratzeko joerak bere horretan irauten duela uste du Rosinok eta oraindik ere, zerbait zikina bezala ikusten dugu. Gure barrenarekin konektatzeko modua ere bada, ordea: “Hilekoa barrurantz begiratzeko gonbidapen gisa hartu dezakegu; aurreko faseetan trabatuta gelditu zaizkigun emozioei irtenbidea emateko aukera gisa. Kontzientzia hartzera bultzatzen gaitu, geure burua ezagutzeko aukera ematen digu, eta mina, sufrimendua eta ondoeza jakituria eta ikaspen bihurtzeko aukera zabaltzen digu”.
Ez da hitz egiten hilekoaren zikloari buruz, bizitzako etapei buruz, prozesuei buruz edota emozioei buruz, eta arriskutsuena dena: ez dugu ikusten zeinen garrantzitsua den lasaitasunez aritzeko, esperientziak partekatzeko eta informatzeko espazioak sortzea
Zikloa ezagutzearen garrantzia
Hilekoa izatea ez da hilean behin odola isurtzea soilik. Emakumeok linealak izatetik ziklikoak izatera pasatzen gara lehen hilekoarekin batera eta oso garrantzitsua da hilekoaren zikloak nola funtzionatzen duen ezagutzea, prozesua osotasunean hartzeko aukera ematen duelako. Hilekoaren zikloak lau fase ditu eta horietako bakoitzean behar desberdinak izaten ditugu. Ez soilik fisikoki, baita emozionalki eta mentalki ere.
Gazteei informazio hori guztia transmititzen dien pertsonak lasaitasuna eta neutraltasuna transmititu behar ditu eta, batez ere, ez ditu epaitu behar. Pertsona horrek hilekoarekin izan duen harremanak prozesua nola azalduko duen baldintzatuko du: “Beraz, helduok geure burua berrikusi behar dugu lehenik, ondoren transmisio hori epaiketarik gabe eta kargarik gabe egiteko”, azpimarratu du sexologoak.
Euren bizipenak eta sinesmenak berrikusiz, eta ezagutzak eta laguntzeko tresnak eskuratuz. Lehenik euren buruarekin egin beharko dute lanketa, ondoren seme-alabekin zintzotasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez aritzeko
Eva Rosino, sexologoa
Familiak, transmisiorako giltza
Rosinoren hitzetan, oso interesgarria da haurrekin eta gaztetxoekin gaia landu aurretik familiekin formazio saioak egitea. Honela lagundu dezakete gurasoek Rosinoren hitzetan: “Euren bizipenak eta sinesmenak berrikusiz, eta ezagutzak eta laguntzeko tresnak eskuratuz. Lehenik euren buruarekin egin beharko dute lanketa, ondoren seme-alabekin zintzotasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez aritzeko”.
Eta ez dugu lehen hilekoa izan arte itxoin behar gaiari heltzeko, haurtzarotik landu behar dugu, lehenengo galderak egiten hasten diren unetik: “Geure buruari galdera egin behar diogu: ‘Nola sentitzen naiz uneotan seme-alabekin gai horri buruz hitz egiteko?’ Zer gertatzen da nire barnean galderak entzuten ditudanean eta erantzutera noanean?”. Hortik abiatuta, konfiantzaz eta naturaltasunez arituko gara geure alabekin eta baita semeekin ere. Mutilek ere informazioa behar baitute, neska-mutilak harremanetan daudelako eta bizitza osoan horrela jarraituko dutelako. Izan ere, Rosinok dioen moduan “hilekoaren kultura gizateria osoarentzat da”.