Arantxa Urbe Irazusta, irakaslearen eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Hind Rajab-ek 5 urte zituen Israelgo armadak hil zuenean. Gazatik alde egiteko agindua betetzen ari zirela, tanke israeldar batek eraso egin zion familiaren ibilgailuari. Hura eta 15 urteko Layan lehengusina soilik atera ziren bizirik. Layanek Palestinako Ilargi Gorriari deitu zion esanez familia hil egin zutela eta tankeek tiroka jarraitzen zutela. Hizketan ari zela hil zuten. 

Bakar-bakarrik geratu zen Hind munduaren eta desarrazoiaren aurrean, 5 senideen gorpuez inguratuta. Basakeriaren erdian, Ilargi Gorriarekin hizketan jarraitu zuen. Geroago argitaratutako audioetan entzun zuten esaten: “Nire bila etorriko al zarete? Beldur naiz, zatozte, mesedez!”. Hind hiru orduz aritu zen desesperatuki laguntza-zerbitzuei bila joateko eskatuz; gose eta egarri zela, zaurituta zegoela eta iluntasunak beldurra ematen ziola esan zien. Joan zen anbulantzia laguntzera. Han zihoazen bi osasun-langileak ere erail zituzten, nahiz eta Israelek pasatzeko baimena eman zien. 

Israelen inbasioaren izugarrikeriaren sinbolo da Hind; 10 minuturo adingabe bat hiltzen dute Palestinan. Hala, zigorgabetasun osoz infantizidioa era sistematikoan eta planifikatuan egiten duen munduko herrialde bakarra da Israel. Palestinan eta Gazan haur izateak edota zibil izateak ez du inolako begirunerik. Izan ere, Israelgo presidenteak publikoki adierazi du: “Gazan ez dago zibil errugaberik”.  

Israelek, 5 hilabetean, azken 4 urtetako munduko gerra guztietan baino haur gehiago hil zituen Gazan. 2024ko irailean, Gazako Osasun Ministerioak 649 orrialdeko dokumentu bat argitaratu zuen, 2023ko urritik hildako palestinarren identifikazioekin: lehenengo 14ak urtebetetik beherako haurtxoak dira. 

Laster beteko dira 15 urte Hik Hasi Palestinako eskoletan izan zela. Bertatik bertara somatu genuen haien bizitzeko grina eta indarra. Eskola bateko bazterretik zelatan aritu zen 6 urteko mutikoa. Ez zen hurbildu. Bazituen bere arrazoiak. Aita begien aurrean hil zioten, baita haren laguntzan joan zen ama haurduna ere.Umeek egin zizkiguten marrazkietan etxeak, zuhaitzak, txoriak zeuden. Gure haurrek eginak izan zitezkeen. Aldea, hesi amaigabe batek inguratzen zituela. Ez ziren Palestinatik irten, arriskutsuegiak ziren, nonbait. Hinden argazkia dut aurrean. Ile luze kizkurreko eta begi beltz distiratsuko neskatila irribarretsua da. Gure 5 urteko ikasgeletako edozein haur izan zitekeen, baina gazatarra da. 

Orduko hartan irakasle palestinarrek eskari bat egin zioten Hik Hasiri: “Kontatu zuen etxean hemen gertatzen ari dena”. Gaurkoa, eskatutakoa betetzera dator.