Jarrai dezagun han gertatzen dena salatzen.
Jarrai dezagun gure elkartasuna helarazten, eta egin dezagun indarra sarraskia behin betiko amai dadin. Eta ez diezaiogun utzi, ikasgeletan ere, Palestinari buruz hitz egiteari.
Israel Palestinan egiten ari den genozidioa kaleetan ez ezik, Euskal Herriko ikasgeletan lekua hartzen ari da pixkanaka. Haurrek inguratzen dituen mundua ulertu nahi dute, horretarako eskubidea dute eta eskubide hori gauzatzen lagundu behar diegu. Era berean, ikasle kritikoak nahi baldin baditugu, justiziarik ezaren aurrean ahotsa altxa dezaten nahi baldin badugu, mundua ulertzeko eta horren gaineko iritziak argudioekin janzteko tresnak eskaini behar dizkiegu. Palestinan hiltzen ari direnak gure haurrak ere badira, eta oso garrantzitsua da gure haurrek haien berri izatea. Ezin ditugu munduan gertatzen denari bizkarra emanda hazi eta hezi.
Euskal Herriak eta gure hezkuntza komunitateak Palestinarekin daudela erakutsi dute beste behin ere. Mobilizazio ugari izan da gurean azken asteetan: besteak beste, greba eta lanuzteak izan ziren urriaren 15ean —lanuztearekin bat egin zuen Hik Hasik—, eta palestinar haurren aldeko manifestazioa izan zen Bilbon urriaren 25ean Gure Haurrak Ere Badira plataformak deituta.
Israelek jaurtitako bonbak ez dira isildu kontrakoa hitzartu zuten arren eta palestinarrek goseak eta egarriak jota jarraitzen dute. Bizirik geratu direnek ez dute nora itzuli. Segi dezagun bada, belarriak eta begiak erne Palestinari begira. Azken asteotan titular handietan agertzen ez bada ere, egoerak ez baitu hobera egin. Jarrai dezagun han gertatzen dena salatzen eta palestinar herriari gure elkartasuna helarazten, eta egin dezagun indarra sarraskia behin betiko amai dadin. Eta ez diezaiogun utzi, ikasgeletan ere, Palestinari buruz hitz egiteari.