Sabin Bikandi | Dantzaria eta Musikaria

Aiko dantza eta musika taldearekin bere bi pasio elkartu ditu Bikandik, bi 
arteak elkarrekin ulertzen baititu. Euskaldun gisa, dantza eta musika hedatzeko bokazioa dauka, onura pertsonalak eta sozialak dituzten tresnak jende 
gehiagoren esku jartzekoa, eta, batez ere, gozatzeko eta gozarazteko bokazioa. 

Sozializatzeko tresna garrantzitsua da dantza Sabin Bikandirentzat (Galdakao, 1965). “Helduentzako erreminta” zehazten du. “Dantza umetu egin dugu”, kexu da. Harentzat dantza eta musika txanpon beraren bi aldeak dira, biak sustatzeko asmoz sortu zuen dantzako eta musikako hainbat profesionalekin Aiko taldea, eta herririk herri helduak zein haurrak dantzan jartzen ditu.

Musikari saritua zara, disko askoren egilea, Londresen etnomusikologiako doktoretza egina duzu, dantza irakasle diharduzu… Zerk liluratu zintuen mundu honetatik? 
Liluratu, ezerk ez ninduen liluratu. Euskaldunok Europako azkeneko indioak gara, nik horrela sentitzen dut. Eta nire tribuan, asaba zaharrak erakutsi digute gure kulturaren lekukoa pasatzea hil ala biziko kontua dela euskaldun gisa. Danimarkako lagunei beti esaten diet gustatuko litzaidakeela jakitea zer den euskalduna izatea beraiek danimarkarrak diren gisan. Euskalduna izateak asko markatzen du; behartuta sentitzen naiz hau guztia egitera.

Musikara dedikatuta ere, izan nintekeen piano jotzailea edo klarinete jotzailea, baina euskalduna naizenez, danborileroa eta txistularia, ala! Eta beti horrela! Euskalduna izateak eraman nau, beste asko eraman dituen gisan, bidaia horretara, hor jarraitzen dugu ahaleginetan, euskaldun gisa bizirauteari begira, borrokan beti.

Hortaz, nola abiatu zenuen dantza eta musika uztartzen dituen bide hau?
Eskolan hasi eta flauta jotzen hasi nintzenean denek esaten zuten, “begira ze ondo egiten duen!”. 5 urterekin hasi nintzen lehenengo flautarekin, 7 urterekin aitak solfeora bidali ninduen eta 8 urterekin lehenengo txistua izan nuen… Eta bideak ekarri nau. 14 urterekin Maximo Moreno gure Galdakaoko musika irakasle handia zendu zen eta, herentzia moduan, neu proposatu ninduen txistu eskolak emateko. Artean oso berde nengoen, baina 15 urterekin erdi profesional bihurtu nintzen. Gero ikasketekin hasi nintzen Bilbon, kontserbatorioa zabaldu berri, lehenengotarikoa izan nintzen eta, ondoren, Donostian Piter Ansorenarekin ikasi nuen txistua. 21 urterako Goi Mailako ikasketak bukatuak nituen eta Bilboko Bandan jotzeko aukera sortu zen. Eta ondoren, ikasten jarraitzeko, Londresera joan nintzen unibertsitatera, doktoretza egitera.


Helduen harremanetarako gailu inportante bat izan da dantza; txukun hitz egiten jakin behar zen moduan, txukun dantzan egitea inportantea zen


Zure esperientzia akademikotik eta kalea ere hain ongi ezagututa, zer leku ikusten diozu mundu globalizatu honetan euskal dantzari eta euskal musikari?
Lekua, norberak egiten diona. Etiketekin galdu egiten gara. Zer kristo da euskal dantza? Euskaldunok gogoko dugun dantza? Euskaldunok egiten dugun dantza? Egiten genuena? Zer da euskal musika? Nik egiten dudan guztia euskal musika da? Zer izan behar du? Garaikidea da beste etiketa bat: nik egiten dudana garaikidea da, orain jota bat idatz genezake, baina ez da garaikidea? Konplexu asko dauzkagu. Beste bat moderno izan nahiarekin, cool izan nahi dugu eta nik horren atzean konplexuak ikusten ditut. Gauza bat da berriztea eta ikertzea, eta beste bat, moderno izan beharra. Lekua? Norberak egiten diona. Normaltasun gehiagoz bizi beharko genituzke gauzak.

Euskal dantza ez ote da bihurtu gurasook gure seme-alabei eskaintzen diegun eskolaz kanpoko beste jarduera bat?
Dantza umetu egin dugu. Erromerian edo plazan jotzen dugunean, gurasoak mahaiaren bueltan eserita Gin-tonica hartzen ikusten ditugu, eta haurrei esaten diete, “zoazte dantzara”. Hau da, euskararekin egiten dugun gauza bera egiten dugu dantzarekin: helduon artean erdaraz hitz egin eta gero haurrei euskaraz egiteko agindu. Gurasoek ez dute egiten eta haurrei agintzen diete dantza egiteko. Dantza umetu egin dugu eta horrek dantzak berez zeukan zentzu guztia galduarazi dio. Gure aitaren sasoian, mutikoak zain egoten ziren 14 urte bete, galtza luzeak jartzeko eta plazan dantzan hasteko. Niretzat, oraindik ere, dantza sozializatzeko baliabide inportante bat da. Dantza seduzitzeko modu bat da —sedukzioa modu zabalean ulertuta—, beste modu bateko harremana sortzeko eta daukagun onena emateko modua, sarritan hitzekin esaten ez dakiguna esateko bidea da dantza. Helduen harremanetarako gailu inportante bat izan da dantza, sozializatzeko; bizimoduan txukun hitz egiten jakin behar zen moduan, txukun dantzan egitea inportantea zen.


Mutikoak bizarra kentzen hasten direnean eta neskak titi-zorroa jartzen hasten direnean, dantza lagatzen dute 'umeen kontua' eta 'eskola kontua' delako


Dantzaren funtzioa kontaktua izan da, harremana, eta ez, gaur egun bezala, ikuskizuna. Kultura oro har, horretara eraman dugu: ikuskizunera. Musikan ere, gaur egun ezagutzen ditugun kontzertuak, musikariak oholtzan, fokoen azpian eta ikusleak eserita egote hori, oso modernoa da historian. Gure amak ez zuen ulertzen zertan zen jendea eserita Kepa Junkerak fandango bat jotzen zuenean! Gizakiak berezkoa du musika entzunda dantza egitea, berezkoa du halako erantzun psikomotore bat edukitzea, hori kultura guztietan gertatzen dela esango nuke. Baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori.

Dantza umetzen baldin badugu eta eskolan sartzen baldin badugu, duen zentzu eta xarma guztia aldatu egiten da eta gehienetan, mutikoak bizarra kentzen hasten direnean eta neskak titi-zorroa jartzen hasten direnean, dantza lagatzen dute “umeen kontua” eta “eskolako kontua” delako.

Zer egin beharko genuke ez lagatzeko eta interesa bizirik mantentzeko?
Justu kontrakoa. Lehen desiragarria zen dantza, eta helduen munduan parte hartzeko erritual bat zen plazan dantzan egitea. Guk, helduok, dantza mesedegarria dela ikusten badugu, nahi dugun ertzetatik begiratuta onuragarria dela  —osasunaren ikuspegitik, osasun mentalaren ikuspuntutik, euskalduntasunaren ikuspuntutik, euskalgintzatik, euskal kulturatik, sozializaziotik…—, helduok dantza baloratzen baldin badugu, haurrek dantza egin nahiko dute, helduok transmititzen ari gatzaizkielako guretzat dantza benetan inportantea dela. Dantza oso erreminta baliagarria da ikuspuntu pertsonaletik, terapeutikoa delako, eta sozializatzen laguntzen duelako; baina, herri bezala, ingurua dinamizatzeko, loturak sortzeko eta indartzeko ere oso baliagarria da dantza. Elkartu egiten gaitu eta elkartuta baldin bagaude, indarra daukagu arlo askotan. Gaur egun sistemak horixe egiten du: banatu egiten gaitu eta sakabanatuta eta beldurtuta gaude, eta horrela ez daukagu botererik ezer egiteko; ez euskararen alde, ez gure seme-alaben alde… Dantza elkartzeko eta ondo pasatzeko aukera bat da, eta batez ere, disfrutatzeko. Goza dezagun gehiago! Horretarako dantza irakasle onak behar ditugu, formatuak, eta gaur egun ez daukagu halakorik.

Aiko bokazio horrekin sortu zenuten dantzako eta musikako hainbat profesionalek?
Hainbat kontu daude atzean. Arrazoi nagusietako bat dantza zabaltzea eta demokratizatzea izan da. Dantza modu tradizionaletara jotzen dugu ez puristak eta talibanak garelako, baizik eta guk jaso dugun tradiziozko dantzaera zaharra ergonomikoagoa eta naturalagoa delako eta parte hartzea ahalbideratzen duelako. Dantza taldeen transmisio-ereduan sarritan formak bakarrik erakusten dira, sistema ulertu gabe.


Dakiguna transmititzeko bide bat aurkitu dugu azkenean onlineko dantza ikastaroekin, gure testamentua pasatzeko modua izango da


Urrats bat aurrera egin duzue, eta online dantza ikasteko aukera ematen du Aikok.
Partitura eta bideoa sinkronizaturik ditugu eta dantzak ikasteko aukera zabala eskaintzen du onlineak. Dakiguna transmititzeko bide bat aurkitu dugu azkenean onlineko dantza ikastaroekin, gure testamentua pasatzeko modua izango da.

Dantzarako diozun horrek, musikarako ere balio du ezta? Azkenean, dantza eta musika ez al dira txanpon beraren bi aurpegiak?
Hori Aikoren sorreran dago. Dantzako eta musikako profesional koadrila batek sortu genuen Aiko, gai horrekin arduratuta: dantza eta musika elkarrekin doaz, bai ala bai. Dantzan ikasteko musika ulertu egin behar da, eta zer esanik ez dantzan erakusteko! Aikoren ahalegina hortik dator: musika eta mugimenduak bat egitetik. Gure metodologia horrek egituratzen du.

Eta kantua ere galtzen ari gara! Ematen du kantatzeko kantaria izan behar zarela eta dantzan egiteko, dantzaria. Eta ez da hala! Dantzan egiteko eta kantuan egiteko modu asko daude!