Umeak hizketan hasi ezinik sumatzen dira helduek haiekin interakzio eta komunikazio urria dutelako. Denbora eta presentzia falta da, eta txikiekin bezala, helduen artean ere komeni da. 

 

Adituei entzuten ohituta gaude hezkuntzan, hainbat jardunaldi, hitzaldi eta formazio jasotzen baitugu prestakuntza osatu, berritu eta aberastu asmoz. Arituok eguneroko jardunean ikusten edo sumatzen ditugun hainbat joera datuetara ekartzen dituzte adituek eta ebidentzia zientifiko bihurtzen, dakiguna baieztatuz eta orokortuz. Beste batzuetan, datuek eta adierazpenek harritu egiten gaituzte eta zerbait berria deskubritzen dugu. 

Halaxe gertatu da Hizketan hasi ezinik izeneko Hik Hasiren jardunaldietan. Haur txikiekin aritzen diren hezitzaile asko zerbait sumatzen hasiak daude eta estuasun moduko bat sortzen du egoerak: umeak hizketan hasi ezinik, zergatik ari da berandutzen hizketa, pantailen presentzia eta eragina, helduen eta umeen arteko interakzioa eta komunikazioa... Zer ote dago horren guztiaren azpian? Jardunaldiko adituak galdera horiei erantzuten aritu ziren eta ideia nagusian bat egiten dute: umearen eta helduaren arteko interakzioa ezinbestekoa da hizketa modu egokian garatzeko. 

 


Badira eskuin kutsuko eta ezker usteko sektoreak, ikastola kontzeptu modura, proiektu, erakunde eta mugimendu modura desagerrarazteko jokoan ari direnak

Antton Izagirre


 

Baieztapen horren ondotik etorri zen hurrengo ebidentzia: haurrei eskaintzen dizkiegun ahozko komunikazioa eta interakzioa gero eta urriagoak dira, eta presentzia gabezia hori dago arazoaren oinarrian. Behatzea, adi egotea eta behar duten denbora ematea ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten. 

Badago zer egina. Helduok haurrekin dugun interakzioaren eta komunikazioaren kalitatea hobetzea izan daiteke urte berrirako erronketako bat, presentzia erreminta nagusitzat harturik. Ez daitezela hizketan hasi ezinik geratu guk hitz egiten ez diegulako, guk begiratzen ez diegulako, gure erantzuna jaso gabe geratzen direlako edo gure begiradarik gabe geratzen direlako. 

Eta txikiekin bezala koskorragoekin, gazteekin eta gainerako helduekin ere. Zer esango ote dute adituek helduen arteko komunikazioaz eta interakzioaz? Elkarri entzuteko daukagun gaitasunaz, gatazkak bideratzeko daukagun trebetasunaz eta enpatiaz? Euskal hezkuntzan bizi dugun une ‘historikoa’ ahaztu gabe eta 2023ari begira jarrita, nork bere buruari, familiari, erakundeari, ikastetxeari edo herriari jartzen dizkion erronketan eta desiretan, hausnarketa horrek ere beharko luke tokia, hizketan hasi ezinik gera ez gaitezen, eta behin hasita, jarri dezagun.