Ikas euskal pedagogia zerbitzuak hizkuntza gutxituetako ikasmaterialgintzaz hitz egiteko solasaldia antolatu zuen iazko udazkenean Baionan, Ikasen 25. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Bretainiako, Okzitaniako, Korsikako eta Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa, argitalpen politikak eta jokagaiak izan zituzten hizpide argitaletxeetako ordezkariek eta erakunde publikoetako ordezkariek. Guztiek azpimarratu zuten hizkuntza gutxituetan sortutako materialen garrantzia eta beharra.

Hizkuntza gutxituen egoera antzekoa da Bretainian, Okzitanian, Korsikan nahiz Ipar Euskal Herrian. Frantsesaren itzalpean bizi diren hizkuntza gutxituen eta hizkuntza horietako hiztunen egunerokoa zailtasunez betea dago. Familen bidezko transmisioa etena dago Korsikan, Jean Baptiste Paoli Canope argitaletxe sareko proiektuen kudeatzaileak Ikasek antolatutako solasaldian adierazi zuenez: “Gure gurasoen belaunaldian hizkuntza naturala zen korsikera haientzat eta guk errazki eskuratu genuen. Gaur egun familia barruko transmisioa % 2koa da. Galera oso azkarra bizi dugu. Zailtasun handiak ditugu belaunaldi berrietan korsikar hiztun onak edukitzeko, orain arte ez garelako bideratu hizkuntza murgiltzera”. Okzitania oso eremu zabala da, estatu frantsesaren heren bat baino gehiago, eta hizkuntza biziberritzeko erronka oso inportanteak dituzte, Herve Coture Capoce argitaletxeko arduradunaren esanetan. UNESCOren arabera, desagertzeko zorian dago okzitaniera: hiztunen % 2-3 galdu dituzte eta % 7 dira okzitanieraz elkarrizketa sinple bat edukitzeko gaitasuna duten hiztunak. “Egoera hori izanagatik, gehiengoa okzitaniera mantentzearen edo garatzearen aldekoa da eta hamarretik zortzik politika bereziak egin behar direla dio. Eskolak oso gune inportanteak dira familia barruko transmisioa oso txikia delako”, azaldu zuen Jean Luc Armand Okzitanieraren Erakunde Publikoko lehendakariak. 

Ipar Euskal Herriko argazkia Aines Dufau Ikaseko zuzendariak egin zuen: “2016ko azterketa soziolinguistikoaren arabera, kostaldean, Lapurdin, seitik bat da euskaraz aritzeko gai eta barnealdean heren bat pasa. Eremu publikoan, karrikan, ehunekoa gutxituz doa, % 5 besterik ez da entzuten”. 

Egoera soziolinguistiko zail horietan, denek azpimarratu zuten irakaskuntzak duen garrantzia, familian gertatzen ez den transmisioa eskolak berma dezakeelako. “Bretainian orotara 18.000 ikasle ditugu 570 eskoletan sare elebidunean. Gainerakoak frantses eredu elebakarrean ibiltzen dira (30.000 ikasle) eta lan handia dugu sail elebakarretik elebidunetara pasatzen”, azaldu zuen Delphine Le Bras Tes argitaletxeko arduradunak. “Korsikan korsikeraz ikasten duten ikasleen kopurua jaitsi egiten da adinean aurrera egin ahala”, gehitu zuen Paolik. “Ama Eskolan ikasleen % 90ak hautatzen du, kolegioan erdiak baino gehiagok uzten du eta lizeoan % 12k bakarrik hautatzen du atzerriko hizkuntza gisa. Lizeoaren erreformaren ondotik 50 ikaslek baino ez dute korsikera espezialitate gisa”. Ipar Euskal Herrian ikasleen ¾ frantsesez bakarrik eskolatzen dira, sail elebidunean % 19 pasa eta murgiltzean % 7. “Ama Eskolan ikasleen % 40 hasten da euskal irakaskuntzan, baina gero, Korsikan bezala, kolegioan erdiak jarraitzen du euskaraz, % 20k, eta lizeoan % 10ak. C1 mailako gaitasuna duten ikasleak biziki gutxi dira: urtean 100 bat baldin badira eder da”, Dufauren esanetan.

Zailtasun handiak ditugu belaunaldi berrietan korsikar hiztun onak edukitzeko, orain arte ez garelako bideratu hizkuntza murgiltzera

Jean Baptiste Paoli (Korsika)

Ikasmaterialaren funtzioa 

Hizkuntza gutxituan irakasteko materiala behar dela argi dute denek eta horretan dihardute. Baliabidecpedagogikoak, liburuak, fi txak, ikus-entzunezkoak, tresna interaktiboak, Interneteko edukiak, fi lmak, joko pedagogikoak, animazioak... “Familientzako eta hezkuntza komunitatearentzako ekoizpen digitalak ere egiten ditugu, eta pandemia garaian eskaria handitu egiten zen, gainera”, zioen Bretainiako eledunak. Azken urteetan ekoizpen digitalen kopurua igo egin dute argitaletxe guztiek, gaur egungo egoerak hala eskatuta. “Guk, gainerakook bezala, lexiko propioa garatzeari garrantzia eman diogu, terminologia bateratua erabiltzeko”, gehitu zuen Korsikako ordezkariak. “Guretzat garrantzitsua da itzulpenak murriztu eta sorkuntzari pisu gehiago ematea. Horrela, pedagogia aldetik gogoeta egin ondoren sortzen ditugu lanak eta gure ondare naturalaren eta kulturalaren presentzia bermatzen dugu. Argitaletxe handietako materialak ez du zertan hobea izan behar eta, gainera, haien mendekotasunetik aldentzea interesatzen zaigu”, Ikaseko zuzendariaren hitzetan. Okzitaniako Capoceko arduradunak azaldu zuen gazteentzako literatura bildumak egiten dituztela eta “guretzat oso tresna garrantzitsua dira, hizkuntzaren jokamoldeak bereganatzeko oso garrantzitsuak baitira”. “Gainera, bai literaturako eta bai eskolako liburuetan, biziki inportantea da gustuaren atxikitzea, materialak erakargarriak izatea eta kulturaren ikuspegitik oraiko jendarteari lotuak izatea. Saiatzen gara obra interesgarriak proposatzen, betiere jokagaietatik hurbil eramanez eta ustiapen pedagogikoarekin”, erantsi zuen Dufauk. 

Ikasmaterialgintzaren helburua bada hizkuntza gutxituetan dabiltzan irakasleei laguntzea ere, eta horretarako haiekin zuzeneko hartu-emana dute argitaletxe guztiek, haien beharrak zein diren jakiteko, zein zailtasun dituzten ezagutzeko eta nola ari diren informatzeko. “Gure helburua korsikeraz irakasteko gai izango diren irakasleak sortzea da, oso gutxi baititugu”, zioen Korsikako Paolik. “Korsikan irakasleentzat irekitzen diren postuetatik erdia elebidunentzat erreserbatuak dira, baina korsikar gizarteak ez du gaitasunik korsikar hiztunak sortzeko, eta beraz, korsikar irakasleak izateko. Urtero ez ditugu 30 irakasle ekoizten eta ez da nahikoa. Irakaskuntzara bideratu nahi diren korsikar hiztunak ez dira nahikoak”. Lurralde guztietan eskaintzen dute formazioa eta horrek ere laguntzen du irakasleen prestakuntzan. 

Irakasleak ez ezik, gainerako helduak ere gogoan dituzte. “Ipar Euskal Herrian, esate baterako, familia erdaldunak ailegatzen dira urtero eta gure erantzukizuna da horiei euskara ikasteko materiala eskaintzea. Hizkuntza transmisioa familian ere landu nahi baldin badugu, beharrezkoa zaigu gurasoei bederen ikasteko materiala eskaintzea. Zeregin horretan AEKrekin elkarlanean ari gara”, zioen Dufauk. 

Eskolak oso gune inportanteak dira familia barruko transmisioa oso txikia delako

Jean Luc Armand (Okzitania)

Hizkuntza politiken norabidea 

Baionako solasaldiaren bigarren zatian hizkuntza politikaz aritu ziren, zehatzago esanda, ikasmaterialgintzaren arloan zein hizkuntza politika eramaten diren aurrera. Bretoieraren Erakunde Publikoko Fulup Travesek bretoierari ikusgarritasuna emateko egiten ari diren lana azpimarratu zuen, “terminologia, lexikografi a, hizkuntza ondarea eta bide seinaleak lantzera bideratu dugu gure jardunaren zati handi bat, hizkuntzaren corpusa sendotzeko eta hedatzeko”. Okzitanieraren Erakunde Publikoa sinetsita dago hizkuntza politikaren zutoinak transmisioa eta gizarteratzea direla, eta transmisioan eskolak eta helduen irakaskuntza direla gako. “Horregatik, irakasleen formazioa bultzatu nahi dugu, sail elebidunean sartzeko aukera izan dezaten” Jean Luc Armanden hitzetan. “Horrekin batera, Capoce argitaletxea bermatzea eta lankidetzan aritzea da helburua”. 

Euskararen Erakunde Publikoaren helburua “sare publikoan ama eskolan murgiltzea sustatzea da, elebidun izateko baitezpadakoa baita murgiltzea. Bigarren mailan oren parekotasuna da jomuga eta lizeoan egokitze batzuk egin behar dira ikasle askok uzten dutelako. Azterketak euskaraz egitea ere xede dugu eta hortik aurrera goi mailako ikasketak segitzen dutenek kalitate oneko ikasketak ukaitea. Beraz, formakuntzan erronka handia dugu”, adierazi zuen Antton Kurutxarri lehendakariak. “Bide horretan, helburua da Ikas zentroa laguntzea bere funtzionamenduan eta baita ikasmaterialen ekoizpenean ere”. 

Helburuak finkatuta daude, norabidea markatuta dago, bitartekoak jarri eta elkarlana baliatuz xedeak betetzera iristea da erronka.

Lan handia dugu ikasleak sail elebakarretik elebidunera pasatzen”

Delphine Le Bras (Bretainia)