Ñabardura kezkagarria da berritzegunean lan egiteko deialdian ahozko defentsa 'euskaraz egingo da' edo 'ahal bada euskaraz egingo da' jartzea. Ezin da onartu inondik inora.
Aldizkaria inprentara eraman bezperatan jaso dugu notizia: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Berritzegune Nagusirako zenbait laguntzailerentzako lan deialdia egin du Hezkuntza Sailak eta iazko deialditik aldaketa “esanguratsu” eta “kezkagarri” bat dago: ahozko aurkezpenean iaz “defentsa euskaraz egingo da” jartzen zuen lekuan, “defentsa ahal bada euskaraz egingo da” jartzen du aurten.
Aho zabalik geratzeko moduko notizia da, sinetsi nahi ez den horietakoa, “ahal bada” horrek dakartzan ondorioetan pentsatzen jarriz gero: irakasleen eta ikastetxeen aholkularitzan, prestakuntzan eta berrikuntzan arituko diren laguntzaileei ez zaie euskaraz mintzatzeko gaitasuna neurtuko, eta beraz, agian euskaraz hitz egiteko nahikoa gaitasunik ez duen aholkulari batekin egingo dute topo Berritzegunera jotzen duten irakasleek eta hezitzaileek. Gaztelaniaz mintzatu beharko dute euskarazko irakaskuntzan diharduten irakasleek Berritzeguneko aholkulariarekin? Gaztelaniaz emango dizkiete azalpenak eta aholkuak?
Broma dirudi, broma txarra. Nahi bai, baina ez da fake news bat. Hezkuntza Sailak adierazi du motibo “juridikoak” daudela aldaketaren atzean, “ja hizkuntza eskakizuna ezarrita, ezin dela behartu probak hizkuntza ofizial bakar batean egitera”. Eta behartu al daiteke irakasle bat aholkularitza gaztelaniaz jasotzera?
Neurri atzerakoi hori hartzeko motibo juridikoak baldin badaude, juridikoki berme gehiago beharko dira hezkuntzan diharduten profesionalek euskarazko gaitasuna izan dezaten bermatzeko. Irakasleei laguntzeko, hizkuntza gaitasun egokiko langileak behar dira. Babes juridikoa eta hizkuntza politika egokiak behar dira, argi eta garbi.
Hezkuntza Lege berria egiteko prozesuan murgilduta gauden honetan, argi gorria piztu du aldaketa honek. Ezin da onartu, ez da justua, ez da bidezkoa eta kezkagarria da. Atzerapausoak ematen baldin badira, ezin da aurrera begirako jauzirik egin. Saltoak egiteko, beste neurri batzuk hartu behar dira. Hau ez da onargarria.
Euskararen garapen osoa hizkuntza funtzio eta eremuak bermatuz eta eremu horiei babes juridikoa eskainiz soilik etor daiteke. Ingurumen zuzenbideak naturguneak babesten dituen antzera. Hots, norbanakoak euskalduntzetik eremuak euskalduntzera jauzi egin behar dela proposa daiteke
Iñigo Urrutia