Gaizka Aranguren, Labrit multimedia ekoizpen etxeko zuzendaria 

 

Ariketa zaila da Gaizka Aranguren bi hitzetan aurkeztea. Jakin-minak bultzatu du bere ibilbidea, hainbat iturritatik edan du eta egin duen guztia totum revolutum gisa definitzen du. Besteak beste, Informazio Zientzietan lizentziaduna, Europar Integrazioan diplomatua eta Ondare Immaterialaren kudeaketan doktorea da. Eta azken horri lotuta, Labrit multimedia ekoizpen etxeko zuzendaria da gaur egun.Euskal imajinarioa etengabe berregiteko beharrak gidatu du bere jarduna. Euskal Herriko hezkuntzari begira jarri dugu Aranguren.

 

Hezkuntza gizartearen zutabe nagusia dela esaten dugu, gutxi edo gehiago denek aitortzen diote funtzio garrantzitsua, baina teorian esaten den hori praktikan ez dugu hain garbi ikusten. Nola ikusten duzu euskal hezkuntza gaur egun?

Kezka bat izan dut beti: hezkuntza publiko propiorik ez dugun neurrian, oso zaila dela geure munduari egin diezaiokegun ekarpena eduki kurrikularretara eramatea. Seme-alabak eskolatu genituenean kezka handia sortu zidan zer erakutsi behar ote zieten. Oso argi dut etxean hezten dela eta ikastetxean ikasi egiten dela. Heziketa eskolaren esku soilik uztearen kontrakoa naiz; oinarrizko aferetan etxetik hezita joan behar dugu, bestela irakasleek pairatu behar baitute etxean egiten ez dena.

Bestetik, etxean eztabaida izan genuen seme-alabak ikastolen mugimenduan edo D eredu publikoa deitzen duten horretan matrikulatzeko orduan. Ni ez nago ados, dena den, kontzeptualizazio horrekin, egitura administratibo propioak ez ditugun neurrian, herri ekimenetik abiatutako ikastolen mugimenduaren gisako ekimenak ez baitzaizkit pribatuak iruditzen, herri ekimenaren ondorio baizik. Beraz, publiko-pribatu dikotomia horretan ez naiz sartzen ez nagoelako ados. Euskal hezkuntza publikoa izango da herri hau bere buruaren jabe den unetik aitzina. Hori gertatu arte ezinean izanen gara beti, azpiratuta, menderatuta eta arriskuan.

Guk D ereduko ikastetxe baten alde egin genuen, ikastolen mugimendukoa ez zena, baina bere burua ikastolatzat hartzen zuena. Kolpe handia hartu nuen erabiltzen zituzten testuliburuen edukia aztertu nuenean. Haserretu egin nintzen eta protesta egin nuen, nik seme-alabak euskaldun gisa hezi nahi nituelako eta espainiar gisa hezteko testuliburuak aukeratuz gero, hori oso zaila delako.
 

Hizkuntza, kultura, lurraldetasuna, nortasuna, balioen transmisioa… Euskal curriculuma ez ote zaigu erdi ahaztuta gelditu?

Euskal curriculuma sendotu egin behar dugu eta erabili egin behar dugu. Baliabideak sortzen diren heinean, txertatu egin behar dira eta horrek aldaketa ugari eta ahalegina eskatzen ditu. Santillana liburuekin dena egina duzunean, agian ez duzu zure erosotasuna kolokan jarri nahi. Eta gauzarik okerrena nagikeria da.

 


Euskal hezkuntza publikoa izango da herri hau bere buruaren jabe den unetik aitzina. Hori gertatu arte ezinean izanen gara beti, azpiratuta, menderatuta eta arriskuan


 

Ez al da nahikoa egiten eskolan ikasleak euskaldun gisa hezteko?

Irakasleek maiz erraztasun didaktikoa edo pedagogikoa bilatzen dutela esango nuke, eta ahalegin berezia eskatzen duten bestelako materialekin jarduteak lan handia   dakarrenez, ez sartzea erabakitzen dutela espainiarrak edo erdi euskaldunak hezten ari diren begiratu gabe.

 

Beldur handia dago, gainera, politika eskoletan sartzeko eta ez gara ohartzen dena politika dela. Ikastetxeak apolitikoak izan behar direla, umeak ez direla ideologizatu behar… Ez gara konturatzen ikasleak era batera edo bestera politizatu eta ideologizatu egingo direla.

Jakina. Edozein gizataldek sozializazio prozesuan bere iruditeria pertsonala osatuko duten elementuak jasotzen ditu. Elementu horiek gurasoengandik jasotzen dituzte eta, gurasook egin ezean, beste norbaitek edo zerbaitek egingo du.

Eskolan eduki sozialak, kulturalak eta historikoak lantzen dira —eta horiek politika dira—, baina identitateari lotutako eztabaidarik ezin da egin. Ez dut ulertzen, ez al da politika berdin-berdin? Uste dut 10-11 urteko umeekin sozialismoaz eta herrien autodeterminazio eskubideaz hitz egin behar dela. Horixe politikaz hitz egin behar dela! 5 urterekin ahal denean ere bai, sexualitateaz edo edozein gairi buruz hitz egiten dugun moduan.

 

 

Subjektu politikoak eraiki behar al ditu eskolak?

Bai, jakina. Nik seme-alabentzat nire antzeko ikuspegia duen diseinu kurrikularra hautatu nahi dut. Bestela, beste bat erakutsiko diote.

 

Ez dago neutraltasunik, beraz.

Ez dut jasaten esaten dutenean haurra idatzi gabeko liburu bat dela eta hark bere liburua idatzi behar duela. Umea esponja baten modukoa da eta, modu batean edo bestean, baina bizitzen duena hartuko du. Zuk zeurea eskaintzen ez baldin badiozu, beste norbaitek eskainiko dio: lagunek, internetek, pornografiak… Gaur egun pantailetatik jasotzen dituzten elementu eta erreferentzia horiek normalean erdarazkoak eta atzerrikoak izaten dira. Hori da hain zuzen ere Labrit multimedian dugun jarduna: globalizaziora garamatzaten nazioarteko elementu frankizia-emaile horiei aurre egiteko lekuko iruditerien elementuak pantailetara eramatea.
 

Erreferentzien faltaz gain, zerk kezkatzen zaitu?

Hezkuntza arloan bi kontu kezkaz bizi ditut: lehena, ikasleen aldetik irakaslearen autoritatearekiko errespetu falta dagoela. Eta, bigarrena, ziur aski lehenak bultzatuta, ikasleek eta irakasleek euskararekiko duten jarrera.

Seme-alabak D eredura bidaltzen dituzten gurasoen hautua oso garbia da: euskarazko irakaskuntza hautatzen dute, murgiltze eredu batean. Ikasle horrek irakasle bati espainieraz hitz egiten dioenean, irakasleak ez baldin badio esaten ez diola ulertzen, gurasoen hautua traizionatzen ari da. Ez da bere lana egiten ari eta nire ustez kaleratua izateko aski argudio da. Murgiltze eredu batean ikasle bati komunikazioa espainieraz ahalbidetzen dion irakasle batek ez du haren lana egiten, lana traizionatzen ari da, gurasoen hautua ez du errespetatzen, ez du ikastetxearen hautua errespetatzen eta ez du kargua betetzen. Beraz, kalera joan beharko luke. Oinarrizko afera bat da, lanpostuaren esentzia definitu duen gaia pikutara bidaltzen duelako.

Hizkuntzaren eta hezkuntzaren arteko harremanak ere kezkatzen asko nau. Hizkuntzaren transmisioa oinarrizkoa da gure identitatearen oinarria den heinean, eta D ereduan diharduen irakasle batek ezin du komunikazioa espainieraz edo frantsesez ahalbidetu. Irakasleak hori onartzen ari dira, egoera bortitzak ekiditeagatik, gatazkarik ez izateagatik… Nik ez dakit zergatik!

 


Murgiltze eredu batean ikasle bati komunikazioa espainieraz ahalbidetzen dion irakasle batek ez du haren lana egiten, lana traizionatzen ari da



Kontzientzia falta delako akaso?

Kontzientzia eta profesionaltasun falta da.

 

Euskararen aldeko hautua ez da inposaketa, biziraun nahia baizik. Konplexuak alde batera uzteko garaia al da?

Haizearen kontra gabiltza urratsak ematen eta haurra haizearen kontra egin dezan pixka bat bultzatzen dugunean, inposatzen ari garela diote. Beste guztiaren gainetik komunikazioa ahalbidetu behar dugula diote, baina euskaraz izan behar du, bestela ez dutelako gure hautua errespetatzen. Euskarari politikak eta, batez ere, konpromiso politikoak on egin diote.

 

Azken asteetan mugimendu handia izan da gurean: Nafarroako Ikastolek ikasgelak kalera atera dituzte, Bernat Etxapare lizeoko ikasleen desobedientzia ekintza… Zer iritzi duzu?

Batez ere Ipar Euskal Herritik dator lezioa. Etxepareko ikasleen desobedientzia zibil ez bortitzeko jarrera, eredua izan da.

 

Familiak oso egiteko garrantzitsua duela aipatu dugu baina euskalduntze prozesuan eskolak ere berebiziko garrantzia du eta konturatzen ari gara 16 urterekin ikasle asko oraindik ere oso euskara maila baxuarekin ateratzen direla eta eskolak ez dituela behar den moduan euskalduntzen.

Nik hori ez dut oso ongi ulertzen. Gure garaian Iruñean, bederen, aukera gutxiago izanik ere, orokorrean 16 urterekin euskara maila hobea genuen gaur egungo 16 urteko gazteek baino. Ikastolan ikasgela arnasgunea zen, gure artean euskaraz aritzen ginen bertan, eta irakasleekin genuen harremana euskara hutsean zen. Gaur ez da halakorik gertatzen eta ez dakit zergatik.

 


Haizearen kontra gabiltza urratsak ematen eta haurra haizearen kontra egin dezan pixka bat bultzatzen dugunean, inposatzen ari garela diote


 

Hizkuntzaren gaiarekin ari gara eta beharbada zure Zoparen Teoria Orokorrak ere balio dezake hezkuntzan ditugun hutsuneak zein diren ikusarazteko. Gauza asko biltzen ditu zopak, baina hizkuntza ura da; oinarrizko osagaia, alegia. Estatu nazio propioa izango litzateke eltzearen estalkia eta gure eltzeak ez du estalkirik. Estalkia izan arte ez dugu hezkuntza sistema propiorik izango.

Horretarako hezkuntzaren diseinu kurrikularrek zera barneratu beharko lukete: edozein giza kolektibok bere biziraupenerako egitura administratibo eta komunikatibo propioa eta marko komunikatibo propioa behar dituela. Adibidez, nork banatzen ditu oraindik orain lurreko telebista digitalaren frekuentziak? Estatuak. Zergatik? Badakielako masa komunikabideek zopa banatzekorakoan duten eragina.

 

Hezkuntzan ere herri ikuspegia falta zaigula dirudi batzuetan. Administrazio desberdinen mende egonda, dena komunean jartzeko zailtasunak ere badira. Herri ikuspegia indartzeko beharrezkoa al da atzera begiratzea eta nondik gatozen ikustea?

Nabarralde sortu genuenean garrantzia berezia ematen genion atzera begiratzeari eta gaur egun ere ematen diot. Edozein giza kolektibok bere iruditeria osatzerakoan iraganeko elementu partekatuak erabiltzen ditu, kontzienteki edo inkontzienteki. Giza komunitate batek iraganean hainbat elementu partekatu izanak eta gaur egun hori aitortzeak, kohesioa laguntzen du. Gure bizitza pertsonalagoan —familian— edo sozialagoan, iraganeko elementu partekatuak erabiltzen ditugu gure arteko kohesioa adierazteko. Batzuentzat iraganeko elementu partekatu horiek oso inportanteak dira, eta beste batzuentzat etorkizuneko helburu partekatuak dira garrantzitsuak. Pertsona bakoitzak ingurukoekin partekatzen dituen elementuak, iruditeria kolektiboa, leku askotatik datoz: iraganetik, etorkizuneko desioetatik, gaur egungo egoera partekatuetatik…  Zopan indar gehien duten elementuak egun elkarrekin egiten ditugun gauzak dira.

 

 

Nik uste dut iraganeko elementuak erabili behar direla. Nabarralde sortzen ari ginenean nafar identitatea eta euskal identitatea sinonimotzat jotzen genituen eta hala jotzen ditut orain ere. Horregatik da garrantzitsua niretzat Nafarroako Foru Komunitateari Nafarroa Garaia deitzea eta ez Nafarroa; Nafarroa Euskal Herriaren sinonimotzat erabiltzea kontzeptu geopolitiko gisa oso erabilgarria delako. Elementu partekatu bat hizkuntza izan daiteke, baina hizkuntzarekiko, urarekiko, harremanik ez denean, iraganeko bestelako elementuek garrantzia hartzen dute. Uste dut oinarrian kontzeptu geopolitikoei buruzko adostasuna egon behar duela. Kontzeptu geopolitikoek kontakizuna egituratzen dute eta gurea bezalako herri azpiratu batean, gakoak dira.

 


Euskaraz baino arituko ez diren euskaldunak behar ditugu, elebidun ez direnak egoeraz ohartu daitezen


 

Nik Nafarroa Euskal Herriaren adierazpide historiko-politiko eta juridiko gisa hartzeko aldarrikapena oso aspaldi abiatu nuen. Eta, kontuz, historia ez dugu gaur egungo ikuspegitik irakurri behar. Nafarroako erresuman erregeek eta jauntxoek haien alde egiten zuten; klaseek euren alde egin dute euskaldunak izan ala ez, baina kontzientzia nazionala egon den ala ez eztabaidagai dago. Beharbada kontzientzia nazionala ez zen berdina XV. mendean eta gaur egun. Estatua ere ez zen berdina; gauza asko ez ziren berdinak. Edozein estatuk narratiba nazional bat egiten duenean gertatzen dira parekidetasun horiek, eta zoparen osagai hori da, hain zuzen ere, elikatu behar duguna.
 

Zer beharko genuke gure zoparen biziraupena bermatzeko? Nola lagundu dezake hezkuntzak horretan? Estalkia izango litzateke bermerik gorena, baina zer egin dezakegu bien bitartean?

Zopa egiten jarraitu behar dugu; ura erabili behar dugu etengabe urak, su pixka batekin, elementuak lotzeko aukera ematen digulako. Zopa aldatuz doa, dinamikoa da, baina gure zoparen ekarpena egin behar diogu munduari. Estalkirik ez dugun artean ondoko lapikoak beregana ez gaitzan saiatu behar dugu, ez gaitzala hil munduko dibertsitatearen mesedetan —horregatik besterik ez baldin bada ere—. Eta uste dut zopa ekoiztea baino zailagoa dela suari eusteko gaitasuna. Zopa egiteko gaitasuna badugu, baina ondoren zopa banatu egin behar da eta horretarako sua behar dugu, hedatu egin behar dugu; hor atzematen dut zailtasunik handiena eta hor egin behar dugu ahaleginik handiena.

Euskaraz baino arituko ez diren euskaldunak behar ditugu, elebidun ez direnak egoeraz ohartu daitezen. Argi esan behar dugu: hau da gure ura. Guk elebidun gisa badakigu zure zopak zer zapore duen zure ura ere edaten dugulako; zuk, ordea, ez duzu gurea edaten eta ez dakizu zer zapore duen. Eta gure zoparen zaporea dastatzen ez baldin baduzu, komunikatzeko arazoak izango ditugu ez dugulako zure zoparik edango. Agian, modu horretan, arazoaz ohartuko zara.


 


Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

Maixabel Agirrebengoa irakaslea. Gelan gure artean euskaraz egitea eta soinketa egiteko neskak eta mutilak elkarrekin naturaltasun osoz arropa aldatzea lortu zuen. Irakurtzen ikasi nuen momentu zehatza ere gogoan dut.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

Zaplastekoren bat eta Frantseseko eskolan irakasleari erantzun luzea eman eta ikaskideak barrez hasi zirenekoa. Alde egin nuen eta handik aurrera ikasgelan ez nuen frantsesez hitz egin. Oso gaizki sentitu nintzen.

03. Nolako eskola amesten duzu? 
Euskaraz bizi den eta 9 urterekin umeek soinketa egiteko arropa naturaltasun osoz aldatzen duten eskola. Eta kosmopaletismorik gabekoa; umeei haien liburua idatz dezaten utzi behar zaiela esatea, kosmopaletismoa baita.

04.Zuretzat garrantzitsua den balio bat?

Puntualtasuna. Puntualtasuna da etika iraultzailearen oinarrizko printzipioa.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?

Tasio filma eta Eduardo Apodakaren Identitatea eta anomalia liburua.