Hezkuntza plazarak lege zirriborroa osatzeko eta zehazteko puntuak aurkeztu ditu 


Hezkuntza Plazarako kideen iritziz, zirriborroaren edukian bi eremu dira funtsezkoak. Baga: hezkuntza sistemaren antolaketa eta gobernantza. Hezkuntza Akordioan ‘Euskal Hezkuntza Zerbitzua’ (EHZ) definitzen da, hezkuntza sistemaren konfigurazio berri baten oinarria izan litekeena, egungo sistema gaindituz eta irauliz. EHZk ikastetxeak, titularitateaz harago, eskubide eta betebeharrez berdinak egingo lituzke. “Gure ustez betebehar horiek eta betearazteko mekanismoak zehaztea giltzarria da”. Bestalde, Hezkuntza Akordioan Udal Hezkuntza Kontseiluak sortzeaz eta funtzio garrantzitsuak betetzeaz hitz egiten zen: hezkuntza premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, haien bereiztea saihesteko neurriak hartzea eta beste hainbat. “Lege zirriborroan, ordea, hautazko organo gisa izendatzen dira eta dagozkien funtzioak lausotu egin dira, deszentralizazio hitza bera ere desagertuz”. 

Hezkuntza Plazararen iritziz, “Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinen arteko hezkuntza mailako elkarlana artikulatzeko eta horietatik abiatuta proiektu berriak pentsatu eta garatzeko erakundeak sustatu beharko lirateke legetik bertatik”. 

Bigarren funtsezko eremua euskalduntzea eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa dela azpimarratu dute. “Positibotzat har daiteke ikasleek lortu beharreko euskara maila B2an zehaztu izana, edota ikastetxeetako hizkuntza proiektuei ematen zaien tratamendua. Baina ez dago helburua betetzeko ez bide, ez baliabiderik”. Ikastetxeetako hizkuntza proiektuei ematen zaien tratamendua zehaztu eta indartu behar da haien iritziz, helburua betetzeko zer bide eta baliabide ezarriko diren zehaztuz. Euskalduntzea modu integralean ulertuta, ezinbestekotzat jotzen dute ‘Euskararen Ikaskuntzarako eta Euskal kultur Transmisiorako Institutua’-ren ezaugarritzea legean argi jasotzea. 

Azkenik, haien ustez oinarrizko funtzioa bete beharko lukete unibertsitateek irakasleen irteera profilean, euskara gaitasunean zein Euskal Herriaren ezagutzan, kultur transmisioan, eta baita formakuntza jarraian ere.

Tuteran zonifikazioa bukatzeko eskatu dute 


Euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela aldarrikatu zuten Tuteran urriaren 22an, eta zonifikazioarekin amaitzeko aldarrikatu zuten. Zonifikazioaren aurka egitea justizia sozialaren alde egitea dela azpimarratu zuten.

‘Eskola hiztun bila’ jardunaldian euskararen erabilera izan da aztergai 


Barnean eta kanpoan, elkarlanean izenburupean burutu da aurten XXVI. Eskola Hiztun Bila jardunaldia. 400dik gora profesional bildu ziren Hezkuntza Sailak Gasteizen antolatutako bi egunetako saioan. Lehenbiziko egunean eskola barruan ahozko komunikazioa lantzeko egiten ari diren esperientziak aurkeztu ziren eta bigarrenean eskolaz kanpo euskararen erabilera sustatzeko ekimenak.

Euskal eskola publikoaz harro plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin dute bilbon 

 

Azaroaren 5arekin manifestazio jendetsua egin zuten Bilbon Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak deituta. Batetik, eskola publikoa indartzea eskatu zuten manifestariek, eta bestetik, Eusko Jaurlaritza ixten ari den Hezkuntza Legeari ezezkoa ematea. Milaka herritar batu ziren agerraldira. Manifestazioaren deitzaileak, besteak beste, EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza eta ESK izan ziren, eta bat egin zuten LABek, ELAk eta Ernaik.

 

Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez! leloa zuen pankarta eraman zuten herritarrek, atzetik milaka lagun zituztela. Kartelak eskuan: “Harro, desberdinon topagunea delako”, “Euskalduna delako, harro” eta beste hamaika mezurekin. Eta leloak ahoan: “Euskal eskola publikoa” eta “pribatua ez da publikoa” oihuak nagusitu dira, baina entzun dira “ez, ez, ez, lege honi ez”, “euskara ere publikoaren alde”, “hemen gaude publikoaren alde” eta bestelako batzuk ere.

 

Lau eskaera nagusi aldarrikatu zituzten. Lehenbizi, sare publikoa sendotzea eta handitzea “herritar guztientzako eskubideen bermea baita”. Horretarako, zentzuzko planifikazioa egin behar dela ikusten dute, eskola plazen eskaintza errealitatera egokituz eta sare pribatuaren gehiegiko eskaintza ez itunduz. Sare publikoari beharrezkoak dituen baliabide guztiak ematea eskatzen dute eta publifikazio bideak zabaltzea sare horren parte izan nahi duten ikastetxeentzat.

 

Bigarren eskaera euskararen alorrean atzerapausorik ez ematea da. Hirugarren eskaera legeak guraso elkarteen eta parte-hartze organoen lana aitortzea eta tokia ematea da. Eta laugarrena erlijioa ikastetxeetatik kanpo uztea.

 

“Denontzako hezkuntza eskubide berbera bermatzeko, gure sistemaren dualtasunarekin eta segregazioarekin amaitzeko, euskara eta euskal curriculuma bultzatzeko eta laikotasun erreala lortzeko lege hau geratu behar dugu” aldarrikatu zuten manifestazioaren amaierako idatzian.

 

Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko dekretu berria aurkeztu du hezkuntza sailak 


Diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek plazak erreserbatu beharko dituzte ikasle zaurgarrientzat. 2023- 2024 ikasturteko onarpen-prozesurako jarriko da martxan, Haur Hezkuntzatik hasita. Zaurgarritasun indizea sortu da eta helburua eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea da, hiru ikasturtetan zehar. Eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze beharretara ere egokitu nahi da, gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuz.

Legearen kontra greba deialdia egin dute ela, lab eta steilasek 


Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurkako greba deialdia egin dute hiru sindikatuek azaroaren 30erako Bilbon eta abenduaren 14rako Gasteizen. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen lege zirriborroak “egungo hezkuntza eredu duala betikotu” egiten duela uste dute. Publikoa, euskalduna eta propioa helburua eta Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki lelopean egingo dira mobilizazioak.