Aurpegiak bistan hasi dugu ikasturtea

 

Ikasgelan eta patioan musukorik ez, eta burbuila-talderik ez. Begiak baino gehiago ikusten dizkiote elkarri ikasturte hasieratik Euskal Herriko ikasleek eta irakasleek: aurpegia bistan, begiez gain, aurpegi osoak ere hitz egiten du orain. Ahotsak keinuak ditu lagun. Eskola garraioa da salbuespen bakarra: autobusean ibiltzeko nahitaezkoa baita musukoaren erabilera. COVID-19aren aurkako prebentzio neurri berezirik gabe hasi dugu 2022-2023 ikasturtea. Horrelaxe amaitzea nahiko genuke, pandemia behin betiko gainditu dugunaren seinale.

 

Hainbat urteurren ospatu dituzte 

 

Oinherri elkartearen 10. urteurrena ospatu zuten joan den irailaren 30ean Ozaetako Garaion sorgingunean, Oinherrifest(a) eginda. Irri, kantu, dantza eta amets landaketa ikuskizuna izan zen Porrotxen eskutik eta Beira taldeak egin duen Oinherriren kantuaren estreinaldia egin ondotik, Olatz Salvadorren kontzertua entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek. 

Bestalde, UEUk mende erdia bete duela ospatu zuten irailaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian. Bazkideak eta unibertsitateko, erakunde publikoetako, euskalgintzako eta kulturgintzako kideak izan ziren bertan. Egindako ibilbideaz harro, elkarlanean ametsak gauzatzen jarraitzeko indarra eman die urteurrenak baina, horretarako, aitortza eta baliabideak behar dituztela aldarrikatu dute. 

Eta IKAS, Euskal Pedagogia Zerbitzuak 25. urteurrenaren harira antolatu dituen ekimenen barruan, Ikasmateriala hizkuntza gutxituetan eta hizkuntza politikak jardunaldia izan zen Baionan urriaren 1ean.

Segregaziori erantzuteko gogoeta-saioa egin du eusko ikaskuntzak

 

Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak lan-jardunaldia egin zuten irailaren 17an Gasteizen Askotariko segregazioari nola egin aurre hezkuntza sistematik? izenburupean. Segregazioaren aurrean hezkuntza sistemak izan behar duen zereginari buruzko hausnarketa partekatua egin zuten bertan bildutakoek.

Nafarroako 0-3 ziklorako ituna sinatu dute alderdi politikoek 

 

Eskaintza publikoa, integrala, doakoa eta unibertsala bermatzea da sinatu duten itunaren helburua PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak esan dutenez. Nafarroako 2023ko aurrekontuen aurreproiektuan 4,3 milioi euro bideratuko dituzte udalen eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen soldatak berdintzeko eta hezkuntza laguntzarako ehun jardunaldi osatzeko adina langile hartzeko. Nafarroako 0-3 plataformako bozeramailea den Eider Gardek adierazi du, balorazio “gazi-gozoa” egiten dutela eta egokiagoa izango litzatekeela hobekuntza horiek legez arautzea. Ikasturte hasieran, mobilizazioekin jarraituko zutela iragarri zuen 0-3 plataformak.

 

‘Hizketan hasi ezinik’ jardunaldiak 


Hik Hasik Haur Hezkuntzako jardunaldiak antolatu ditu datorren azaroaren 25en eta 26ean. Barakaldoko BECen eta Donostian izango dira, hurrenez hurren, eta Hizketan hasi ezinik izango dute izenburu. Haurrak gero eta beranduago hasten dira hizketan helduok eskaitzen dizkiegun ahozko komunikazioa eta interakzioa gero eta urriagoak direlako. Berandutze horrek ondorioak izan ditzake haurren hizketarako gaitasunean, pentsamenduaren eraikuntzan eta garapen integralean. Hainbat adituren laguntzaz galdera hauek erantzuten saiatuko gara: zergatik ari da berandutzen hizketa? Berandutze horrek zer ondorio ditu haurren garapenean? Zer arrisku izan ditzake haurrekiko interakzioa eta komunikazioa gutxitzeak? Zer egin dezakegu hezitzaileok hizketaren berandutzea saihesteko? Urriaren 14an zabalduko da matrikulazio epea. Izen-ematea eta informazio gehiago: www.hikhasi.eus.

Euskal hezkuntza sistemari buruzko foroak 

 

Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Euskal Hezkuntza Sistemaren etorkizuna aztertuko dute profesional eta eragileek Iparraldean, urriaren 15ean, eta Nafarroan, urriaren 22an. Eremu desberdinetako pertsonek Euskal Hezkuntza Sistemaren agertoki desiragarriak eta etorkizuneko lehentasunak elkarrekin identifikatzea da helburua, eta esparru partekatu baterako oinarriak finkatzea. 

Oinarrizko galdera bat izango du abiapuntu: zer gizarte-eredu nahi dugu? Eta, horretarako, zer norabide eman behar diogu hezkuntzari? Informazio gehiago eta izen-ematea: www.eusko-ikaskuntza.eus.