ASFALTOA NAGUSI, GASTEIZKO IKASTETXEETAN HIZPIDE IZAN DA 

Gasteizko ikastetxeetako patio eremuaren % 81 asfaltozkoa da eta apenas dute berdegunerik Ingurugiro Gaietako Ikastegiak egin berri duen diagnostikoak dioenez. 22 ikastetxetan, eremu berde bakar bat ere ez dute kanpo-espazioetan. Azterketak, beraz, jolastokiak eraldatzeko eta berdeago bihurtzeko beharra agerrarazi du. Izan ere, horrek onurak ekarriko lituzke bai ingurumenari dagokionez, bai pedagogia arloan eta baita ikasleen garapenari eta osasunari dagokienez ere. Gasteizko udal erakunde autonomoa da Ikastegia, eta hiriburuko 109 ikastetxe aztertu ditu, haur eskoletatik hasi eta Lanbide Heziketako zentroetaraino. Ikastetxe publikoak eta kontzertatuak aztertu dituzte.

 

NAFARROAKO DBH-KO IKASLEEN % 82K EZ DU GAL EZAGUTZEN 

Gazteek talde armatuei buruz dakitena neurtzeko inkesta egin du Nafarroako Hezkuntza Departamenduak. Galdetutakoen % 63k ez du GAL ezagutzen eta % 19k dio zerbait entzun duela baina ez lukeela jakingo zehazten GAL zer izan zen. Galdekatutakoen % 38k ere ez daki ETA zer den. Nafarroako 1.156 ikaslek erantzun dute 24 galderako inkesta. Lautik batek helburu politikoak dituen indarkeria zilegi ikusten duela diote emaitzek. Gehiengoak komunikabideetatik eta sare sozialetatik eskuratzen du talde armatuei buruzko informazioa. Erdiak, berriz, familiaren bidez izan du halakoen berri.

 

D EREDUA HIZPIDE, ‘ESKOLA HIZTUN BILA’ JARDUNALDIAN 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ulibarri programak 25. Euskara Hiztun Bila jardunaldia egin zuen urriaren 27an eta 28an Donostian, Egindakotik ikasten, etorkizuna euskaraz ardazten lelopean. Besteak beste, D ereduko ikasleek duten hizkuntza gaitasuna aztertu zuten hainbat adituk. Joaquin Dolz, Genevako unibertsitateko irakasleen prestakuntzako eta hizkuntzen didaktikako katedradunak ikastetxeetako hizkuntza proiektuak garatzeko dekalogoa aurkeztu zuen “euskararen eta euskarazko irakaskuntza suspertzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko”. Erabateko lehentasuna eman zion ahozkotasunari eta ardura guztia ikastetxeen esku uzteari uko egin zion