MUSUKOA EZ DA DERRIGORREZKOA IPARRALDEKO LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEENTZAT HIZPIDE IZAN DA
Ipar Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharrik jada. Urriaren 4an sartu zen neurri berria indarrean Pirinio Atlantikoen departamenduan intzidentzia metatua 50etik jaitsi ondoren. Nafarroan ere neurriak malgutuko dituztela iragarri dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletan maskararen erabilera arintzeko eskatu diote Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. LABIak urriaren 7an neurri orokorrak malgutu ostean, urriaren hirugarren asterako espero da Araba Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetara ere malgutzeak iristea.
ABIAN DA '#DAMOLAT', GAZTEEN ARTEAN EUSKARA SUSTATZEKO PROIEKTUA
Hiriguneetako gazteen artean euskararen eta euskal kulturaren transmisioa hobetzeko helburua du AEK-k aurkeztu duen #Damolat proiektuak. Naroa Jauregizuriak Bilbon, Getxon eta Portugaleten egindako ikerketaren emaitza da proiektua. Nerabeentzako edukietan hutsunea dagoela ondorioztatu du ikerketak, gazteek euskararen mundutik jasotzen dituzten erreferentziak “ikusezin eta arrotz” bihurtzen direla. Gazteei tresnak eskaintzeko helburuz, unitate didaktikoa plazaratuko du laster Ikastolen Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
'EUSLE' PROGRAMA 28 ESKOLATAN
Ikasle iritsi berriei euskara irakasteko programa da Eusle eta iaz lau ikastetxetan martxan jarri ondoren, balorazio positiboa egin eta aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 28 ikastetxetara zabaldu dute. Eusle programaren barnean, iritsi berriak diren ikasleak bost eta hamar kide bitarteko taldeetan elkartzen dituzte aparteko gela batean modu horretan euskarazko komunikazio gaitasuna, zehazki A2 maila, eskura dezaten. Euskarazko A2 maila eskuratzea da helburua. Horretarako, astero hamar eta hamabi ordu bitartean egoten dira ikasleak gela horietan. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek hartzen dute parte eta programak 24 eta 36 hilabete arteko iraupena du. Irakasleak trebatzeko programa ere prestatu du Eusko Jaurlaritzak.