'BATUZ ALDATU' HIZKUNTZA-POLITIKETAN JAUZIA EGITEKO DOKUMENTUA AURKEZTU DU EUSKARAREN KONTSEILUAK

Batuz aldatu izena hartuko du hemendik aurrera Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan bezala, "hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz". Horrekin batera, Kontseiluko eledunak 2016ko abenduaren 16an Kursaaleko Ganbera Aretoan bertan Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetako ehundik gora eragilerekin aurkeztutako Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan zuen gogoan: "Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gaur ere, gizarte-kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu", esan zuen larunbatean Kursaalen. Batuz aldatu izeneko proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu zituzten aurkezpenean: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu zuten. Ondoren, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu zuten: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla adierazi zuten, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik esan. Horretara iristeko hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak azaldu zituzten. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi zuten, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla adierazi zuten, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik. Azkenik, eragileok epe laburrean hartutako konpromisoak azaldu zituzten.

 

LANBIDE HEZIKETAN EUSKARAZKO ESKAINTZA OSO URRIA DA 

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako eskaintza aztertu ondoren, ondorio garbia atera du: Oinarrizko Lanbide Heziketan zenbait eskualdetan ez dago D ereduko inolako eskaintzarik eta dagoen kasuetan urria da. Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziketan eskaintza "zabalagoa" da Behatokiaren hitzetan, "baina ez da nahikoa. Gure ustez, eskaintza ezin da egin eskaeraren eta egoera linguistikoaren arabera soilik egin; euskara sustatu, hizkuntza-eskubideak bermatu eta egoera irauli nahi badugu, eskaintza orokortua, unibertsala eta berdintasunean oinarritua egin behar da".

 

SKOLAERI BURUZKO FORU DEKRETUA IRAILERAKO PREST IZANEN DA 

Skolae hezkidetza programari lege babesa emango dion foru dekretua irailerako prest edukitzea espero du Nafarroako Gobernuak. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ziurtatu zuen foru dekretuak segurtasun juridikoa emango diola Skolaeri, eta erantsi zuen jada lanean ari direla programa sare publikoan eta itunpekoan arautzeko.

 

MURGILTZE EREDUAK ZALANTZAN JARRAITZEN DU IPARRALDEKO ESKOLA PUBLIKOETAN, IKASTOLETAN ETA KRISTAU ESKOLETAN

Hizkuntza gutxien aldeko legea dela-eta, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakiak nahasmena eragiten ari dira Iparraldean nahiz Frantzia osoan. Azken zehaztapenen arabera, eskola publikoak, ikastolak eta hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dituzten gainerako itunpeko eskola pribatuak Frantziako Konstituzioaren kontrakoak dira. Ekainaren 16an egindako komentario baten arabera, adierazi zuen "irakaskuntza publikoan bakarrik" zela konstituzioaren kontrakoa. Aldiz, geroztik aipamena moldatu eta kontzeptu berri batekin ordezkatu du: "Irakaskuntza zerbitzu publikoa" formulazioa. Eta kontzeptu horren barnean sartzen ditu eskola publikoaz gain ikastolak eta itunpeko eskolak. Ebazpena hitzez hitz hartuta, ikastolak eta gisa bereko itunpeko eskolak Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo daitezke, 1995ean Frantziako Estatuarekin izenpetutako hitzarmenak zalantzan jarrita. Azken urteetan eskola publikoan eta pribatu katolikoan abian jarri diren euskarazko irakaskuntza elebakarraren esperimentazioak ere kolokan geldituko lirateke. Euskal Hirigune Elkargoak honakoa adierazi du: "Konstituzio Kontseiluaren erabakiak kalte handia egiten dio Ipar Euskal Herrian adostasun politiko eta sozial handienean garatu den ereduari". Horrez gain, heldu den ikasturterako aurreikusiak ziren euskarazko irakaskuntza elebakarraren bost esperimentazioak onar ditzala eskatu diote Frantziako Estatuari: Larraineko eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskola publikoetan, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) eskola publikoan, Aiherrako (Nafarroa Beherea) pribatu katolikoan eta Bardozeko (Lapurdi) ikastolan. Ekainaren erdialdean Ortzaizeko, Larraineko eta Idauze-Mendiko eskolak okupatu zituzten gurasoek eta hautetsiek.

 

BREBETA ETA BAXOAKO AZTERKETAK EUSKARAZ NAHI DITUZTE IKASLEEK

Seaskako ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute ikasturte hondarrean, bai Baxoa egin dutenek eta baita Brebeta egin dutenek ere. Bernat Etxepare lizeoko ikasle talde batek Filosofiako azterketa euskaraz egitea erabaki zuen. Izan ere, ikasketa guztiak euskaraz egin arren, baxoko Historia-Geografiako proba baizik ez dute euskaraz egin ahal. 2016an Matematikako proba ere euskaraz egiteko aukera eman zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina lizeoetako erreformaren ondorioz azterketak pasatzeko modua aldatu zuten, eta kontrol jarraikiari pisu handiagoa eman zien. Egoera horretan, ikasle talde batek desobedientziarako pausoa eman du: euskaraz ikasteko nahia azaldu dute haien kopietan, eta frantsesez eta euskaraz egin dute azterketa osoa. Ikasleek aditzera eman dutenez, "baxoa frantsesez egiteko, urtean zehar hainbat gai frantsesez landu behar ditugu, eta horrek euskaraz ikasteko hautua oztopatzen du". Gauza bera aldarrikatu dute Seaskako kolegioetako guraso, irakasle eta ikasleek: brebetaren azterketa euskaraz egiteko eskubidea. Kolegioetako eta lizeoetako irakasle talde batek azterketak zuzentzeari uko egin dio azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea bermatzen den arte.