SEKTORE PUBLIKOKO LANGILEEK GREBA EGIN DUTE BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO ESKATZEKO

Apirilaren 22an sektore publikoko langileak kalera atera ziren Eusko Jaurlaritzari euren eskaerak aldarrikatzeko. Hezkuntzako, Osakidetzako, justiziako, udaletako, Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako langileak batu ziren goizean egin ziren hainbat mobilizaziotan eta Donostian, Gasteizen eta Bilbon egin ziren manifestazioetan. Sindikatuen esanetan, 18.000 langilek hartu zuten parte manifestazioetan. ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESk sindikatuek egin zuten greba deialdia behin-behinean diharduten 60.000 langile publikoak finkatzeko, benetako langile beharrak zein diren zehazteko eta "zerbitzuen pribatizazioak" gelditzeko eskatzeko. Sindikatuek emandako datuen arabera, unibertsitatez kanpoko hezkuntzan % 50 inguruko oihartzuna izan zuen grebak. Haur eta Lehen Hezkuntzan "oso jarraipen zabala" izan zuela nabarmendu zuten; % 55 inguru. Bigarren Hezkuntzan, berriz, eragin apalagoa izan zuen. Sukaldarien artean % 55eko eragina izan zuen, eta garbitzaileek ezin izan zutela greba egin salatu zuten, Jaurlaritzak jarritako gutxieneko zerbitzuengatik. Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik emandako datuen arabera, aldiz, hezkuntzako langileen % 29,4k egin zuen bat grebarekin. Grebalariek sei eskaera plazaratu zituzten: egun indarrean dauden lege egitasmoak alboratzea, "nahikoa ez direlako"; erakunde guztiek lanpostuak finkatzeko "salbuespenezko neurriak" hartzea; behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera ahalbidetzen duten mekanismoak bukatzea eta benetako premiak zehaztea; pribatizazioa amaitzea; eta lantaldeak gaztetzeko pausoak ematea.

IPARRALDEKO IKASLEAK ITZULI DIRA ESKOLARA

Apirilaren 26an itzuli ziren Iparraldeko ama eskolako eta Lehen Mailako ikasleak geletara, hiru astez etxean egon ondoren. Osasun egoera larriari aurre egiteko hartu zuen ikastetxeak ixteko erabakia Frantziako gobernuak eta hura hobetzen ari dela kontsideratuta, orduan iragarritako epean ireki dituzte ikastetxeetako ateak. Kolegioetarako eta lizeoetarako, ostera, maiatzaren 3ko data ezarri zuten berriro itzultzeko, eta irakaskuntza "hibridoa" izanen dute ikasturte amaiera arte; erdiak ikasgelan izanen dira eta beste erdiak distantzian. Eskolara itzultzeko goizegi dela iritzita, kritikak jaso ditu erabakiak hainbat esparrutatik. Haatik, Jean Castex Frantziako lehen ministroaren esanetan, "eskolen ixtearen kalteak oso handiak dira, bai pedagogikoak eta baita psikologikoak ere". Beraz, irekita izanen dira hemendik aurrera, nahiz eta neurri zorrotzak jarraitu beharko dituzten ikasleek, irakasleek eta zuzendariek; besteak beste, kutsatze kasu bat gertatzean ikasgela osoa itxiko dute, testak indartuko dituzte, listuaren bidez egiten diren 400.000 test eginen dituzte astero, 15 urtetik gorakoentzat 64 miloi autotest izanen dira ondoko asteetarako eta irakaskuntzako langileen txertaketa indartuko dute. Ahal den heinean eskolak eta jarduerak aire librean antolatzera deitu du Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak.