Hurrengo sei urteetarako egitasmoa aurkeztu du hezkuntza sailak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datozen sei urteetan aplikatuko dituen neurrien berri eman du. Hainbat neurri aurreikusi dituzte eta guztien helburua hezkuntza sistema “eraldatzea” dela esan du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Ekitatearekin eta segregazioarekin lotutako hamalau neurri iragarri ditu guztira. Horietako batzuk jada martxan daude eta beste batzuk datorren ikasturtean abiatuko dituzte. Besteak beste, heldu den ikasturtean ikasgela bakoitzean dagoen ikasle “zaurgarrien” kopurua mugatzeko araubidea fintzen ari direla esan du Bildarratzek. “Ekitatea” hobetzeko neurrien artean, egun itunpeko eskolek kobratzen dituzten kuotak galarazteko asmoa dute. Oro har, ikasleen banaketa egokiagoa ziurtatzea da helburua, eta ikasleen aniztasunarekin lotutako aparteko erronkak dituzten ikastetxeei beharrezko baliabideak ematea. Era berean, 2023rako eskola publikorako plan estrategikoa egiteko asmoa iragarri du Bildarratzek. Legea izan arte zenbait birmoldaketa egitea ezinezkoa izango dela aurreratu du sailburuak eta behin legea izanda garatuko da plan estrategikoa. Orduan jarriko dituzte martxan beste hainbat neurri ere: Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluaren araubidea moldatuko da, eta ikastetxe publikoen autonomiarako arau aldaketa eta ikastetxeak publiko egiteko arau aldaketa egingo dira.
Bestalde, itunpeko eskoletako ratioak jaitsi ditu Hezkuntza Sailak. Gela osatzeko 17 ikasle behar ziren orain arte eta hemendik aurrera 13 ikasle aski izango dira. Beste lau neurri ere iragarri dituzte: gaur egun ikasgelak 34 ikaslerekin bikoiztu daitezke eta aurrerantzean 28tik aurrera bikoizteko aukera izango da. Udalerriko gela bakarra denean 11 ikaslerekin osatuko dute taldea, hezkuntza-konplexutasun indizeko kasuetan zortzi ikaslerekin osatuko dute taldea eta azkenik, hezkuntza laguntzarako espezialistak eta hezkuntza osagarrirako programak ituntzea erabaki dute.
Euskarafobiari planto!
Euskararen Defentsarako Sarea sortu dute Nafarroan eta euskararen aurkako neurriak askotariko ekintzen bidez salatuko dituzte aurrerantzean. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Tuterako Hizkuntza Eskolan euskarari ezarritako murrizketak salatzeko egin dute lehen ekintza Euskararen Defentsarako Sareko kideek. Euskara ikasteko sei maila daude eskola horretan, baina maila bakoitzean ikasle gutxi daudela argudiatuta, hiru talde besterik ez dituzte onartu nahi eta, horren ondorioz, Tuterako Hizkuntza Eskolako ikasleek ezingo dute euskara ikasteko prozesu osoa bertan gauzatu. “Aurrerantzean euskarak eta euskaldunok jasaten ditugun etengabeko erasoei aurre eginen diegu. Euskaldunon eta euskaltzaleon pasibitatea astindu behar dugu. Gure aurkako politikak ez dira erantzunik gabe geratuko”, adierazi dute Euskararen Defentsarako Sareko kideek, eta ekintza gehiago iragarri dituzte.
Elhuyar zientzia azokaren 10. edizioa egin dute
12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean zehar landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izan da Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzia-ikuskizunak ere. Zientzia-ginkana, esperimentu likatsuak, Matriuska antzezlana eta Adrenalina zientzia ikuskizuna izan dira, besteak beste, lau egunez luzatu den azokan. 54 ikastetxetako 700dik gora gaztek hartu dute parte Elhuyar Zientzia Azokan, eta Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere esku hartu dute. Unibertsitateko eta hainbat zentro teknologikotako 218 ikertzailek (horien artean 199 emakume) eman zuten izena ikasturte hasieran ikasleekin batera lan egiteko. Gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da Elhuyar Zientzia Azokaren helburua.
Hik Hasiren formazio eskaintzan izen-ematea zabalik
Zabalik da Hik Hasik datorren ikasturterako antolatu dituen formazioetan izenemateko aukera. 0-6 etapako aditu titulua, Jirafaren hizkuntza. Komunikazio ez-bortitza, Psikomotrizitate erlazionala eta Lehen Hezkuntza eraldatzen dira formazio horiek. Lehen Hezkuntza eraldatzen ikastaroa aurreneko aldiz eskainiko du Hik Hasik eta bi urteko gradu ondoko formazioa izango da. Izen-ematea eta informazio gehiago www.hikhasi.eus atarian.
Psikomotrizitate sentsibilizazio ikastaroak
Sentsibilizazio ikastaroa eskainiko du Luzaro psikomotrizitate eskolak irailaren 16tik 18ra Gasteizen. Ikastaro hori eginda, Heziketarako Psikomotrizitate Praktikan Formatzeko bi urteko ikastaroa egiteko aukera izango da. Hauek dira ikastaroaren helburuak: taldean parte hartzea mugimenduaren, jolasaren eta harremanaren bidez, erlaxazio tonikoa eta luzatze- -ariketak bizitzea eta barneratzea, besteekin akordio tonikoa hastea, nork bere gorputzaren kontzientzia hartzea eta nork bere gorputzaren eta mugimenduaren bizipena ezagutzea. Izen-ematea eta informazio gehiago: www.luzaro.net.
Greban jarraituko dute nafarroako haur eskoletako langileek
0-3 Plataformarekin zuen azken bilera bertan behera utzi du Nafarroako Hezkuntza Departamenduak eta Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramaileak gobernuaren “gutxiespena” salatu du eta bilera bertan behera uzteko “aitzakiak” erabili dituela adierazi du. Aurreko asteko bileran Hezkuntza Departamenduak egindako proposamenari idatziz erantzun ez diotelako utzi du bilera bertan behera gobernuak eta plataformaren ustez, hori “aitzakia” besterik ez da. Gainera, egutegia ez errespetatzea leporatu diote gobernuari.
60 egunetik gora daramatzate greba mugagabean Nafarroako haur eskola publikoetako langileek. Nafarroako Gobernuaren azken eskaintza “eskasa eta iraingarria” dela iritzita, lanuzteari eustea erabaki dute: “Proposamen hori gure ahotsa isiltzera datorrela uste dugu, eta ez dutela benetako proiektu bat 0-3 etapa kalitatez elikatzeko”.