Akordioa lortu dute sindikatuek eta eusko jaurlaritzak
Hilabeteetako negoziazioen ostean sare publikorako akordioa lortu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru gako nagusi ditu akordioak. Langileen kontratazioari dagokionez, Ingeleserako eta Gorputz Hezkuntzarako irakasle gehiago kontratatuko dituzte, eta baliabide gehiago jarriko dituzte Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleentzat eta berrikuntzarako. Ratioei dagokienez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan gehienez 20 ikasle egongo dira ikasgela bakoitzean, Lehen Hezkuntzan 23 eta Batxilergoan 27. HHko lehen zikloan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egungo ratioak mantenduko dira. Azkenik, akordioaren xedeetako bat irakasleen egonkortasuna bermatzea izanik, egiturazkoak ez diren lanpostuak egonkor bihurtuko dituztela iragarri dute. Hezkuntza Sailaren hitzetan “helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea eta sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea da”.
Bestalde, Eskolen antolaketa eta planifikazio dekretuaren zirriborroa publiko egin du hedabide batek eta bertan, sare kontzertatuan ere gutxieneko ratioak jaisteko proposamena egin dute. Gehienezko ratioetan ez da aldaketarik izango itunpeko sarean.
Grebari eutsiko diote Nafarroako haur eskolek
Nafarroako Gobernuaren proposamena “oso eskasa” dela iritzita, grebarekin jarraitzea erabaki du Nafarroako 0-3 Plataformak. Hezkuntza Departamenduak % 14ko soldata igoera eskaini zien, baina ratioak aldatu gabe. Plataformak kontraproposamena egingo duela iragarri du. Izan ere, horiek dira grebara eraman dituen aldarrikapen nagusiak: soldata igoera eta ratioak jaistea. Hasieratik adierazi zuten Nafarroako Gobernuak bi aldarrikapen horiei erantzun arte greban jarraituko zutela.
Paueko auzitegian helegiteak jarri du seaskak
Iparraldeko Ikastolen Elkarteak bide berri bati ekin dio ikasleek baxoa frogaren ahozko azterketa euskaraz egin ahal izan dezaten: Paueko auzitegi administratiboan helegitea jarri du. Jean-Michel Blanquer buru duen Hezkuntza Ministerioak Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) hitzarmena sinatu zuen azterketak euskaraz egitea ahalbidetzeko, baina Bordeleko erretoretzak bide hori oztopatu du. Seaskako kideek diotenez, euskarazko azterketak egitea ez da zaila, espezialiate guztietan daudelako euskarazko azterketak zuzentzeko gai diren irakasleak.
Udako topaketak: izen-ematea zabalik
Uztailaren 4, 5 eta 6an izango dira Hik Hasik antolatutako Udako Topaketa Pedagogikoak, Donostian. 22. Udako Topaketetan Lehen Hezkuntzara datorren eraldaketari begirako ikastaro berezia eskainiko du Hik Hasik: Lehen Hezkuntza eraldatzen. 31 ikastaro izango dira guztira eta askotariko gaiak landuko dira. Izen-ematea eta informazio gehiago: www.hikhasi.eus helbidean.