PAI programa zabaltzeko lege proposamena onartu dute
PAI, ingelesez ikasteko programako 350 irakasleen lanpostuak egonkortzeko lege proposamena onartu du Nafarroako Parlamentuak, PSNren proposamenak Navarra Sumaren aldeko botoak jaso ondoren. Parlamentuko gainerako taldeek segurtasun juridikorik ezari buruz ohartarazi dute. Izan ere, proposamenak zuzeneko eragina izango du funtzionarioen kontratazio prozesuan: lan deialdian ingeleseko C1 maila eskakizun bihurtuko dute eta ingelesa menperatzea baldintza orokorra izango da irakasleentzat. Espainiako 276/2077 Errege Dekretuak, ordea, ez du halakorik baimentzen.
Horrez gain, PAI programako lan deialdian plaza lortzen dutenak funtzionarioak izango dira, baina soilik Nafarroan lan egiteko aukera izango dute, ezingo baitute beste erkidegoetako lekualdatze prozesuetan parte hartu. Gaur egun 116 ikastetxetan dute PAI eredua baina harago joan nahi du Nafarroako Gobernuak: herri gehiagotara zabaldu nahi dute eta eredu linguistiko bihurtu nahi dute.
Ikasleak eta irakasleak digitalki gaitzeko plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
2022-2024 aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Helburua ikasleen eta irakasleen gaitasun digitalak bultzatzea da eta 202,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Hezkuntza teknopedagogikorako jauzia egin nahi dute eta ikaslea erdigunean jarriz, trebetasun digitalen garapena indartzea eta hezkuntza sistemaren teknologiak “eraginkortasunez” erabiltzea lortu nahi dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Googlerekin sinatu duen akordioak hautsak harrotu ditu: hitzarmenak hezkuntza ituna urratzen duela adierazi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Hezkuntza Sailak akordioa lortu du Googlerekin ikastetxeetan Google Workspace for Education zerbitzuak erabiltzeko. Zerbitzua doakoa da, baina ikasleen eta irakasleen datuak multinazionalaren esku geldituko dira epe batez. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ukatu egin du akordioak ituna urratzen duenik, eta “erronka teknologikoei, etikoei eta sozialei” erantzun behar zaiela adierazi du.
Udako topaketak: Izen-ematea zabalik
Uztailaren 4, 5 eta 6an izango dira HIK HASIk antolatutako Udako Topaketa Pedagogikoak, Donostian. 31 ikastaro izango dira aukeran eta izen-ematea zabalik da dagoeneko. 22. Udako Topaketetan Lehen Hezkuntzara datorren eraldaketari begirako ikastaro berezia eskainiko du HIK HASIk: Lehen Hezkuntza eraldatzen izenekoa. Gainerako ikastaroetan landuko diren gaiak askotarikoak izango dira. Izen-ematea eta informazio gehiago: www.hikhasi.eus atarian.
"Punttuka" metodoa, braillea euskaraz
Braillea euskaraz irakurtzeko eta idazteko lehen metodoa aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamenduak: Punttuka. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako materiala tintaz eta Braillez osatu dute, eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) Ikusmen Taldeak egin du. Hezkuntza-inklusioan urrats garrantzitsua emanez, ikusmen-urritasuna duten euskal hiztunen alfabetatzea erraztea da helburua. Fonemak bertso eta olerki bidez aurkezten ditu metodo berriak. Materiala "berritzailea eta inklusiboa" da eta ikaskideekin partekatzeko aukera ematen du, "benetako inklusioa" sustatzeko. Lehen irakaslearekin soilik ikasten zuten ikusmen urriko ikasleek baina aurrerantzean, materiala lagunekin partekatzeko aukera izango dute.
"Euskara aurrera" manifestazioa
Maiatzaren 21ean Donostian Euskara aurrera lelopean izango den manifestaziora joateko deia egin dute euskalgintzako hamabi eragilek. Euskarari “herri bultzada berri bat” emateko deia egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskarazek, Jakinek, Elhuyarrek, Pantailak Euskarazek, Bai Euskararik, Maizpide euskaltegiak, Ikastolen Elkarteak, Uemak, AEK-k Elkarrek eta Hik Hasik. “Argi izpiak” ikusten badira ere, euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik ezin dela esan adierazi zuten Donostian egindako agerraldian eta beharrezkoa dela ”euskaltzale guztiek aurrera urratsa” egitea.