Nafarroako haur eskoletan ez dela arta "duina" bermatzen salatu dute
Martxoaren 26an Iruñeko kaleetara atera ziren Nafarroako Haur Eskoletako langileak, protestan, Nafarroako 0-3 plataformak deituta. Langileek adierazi zuten 0-3 urte arteko umeen eskoletan ez dela arta “duinik” bermatzen, zerbitzu “garestia eta elitista” ematen dela, eta “prekaritatetik” irten ezineko egoera batera bultzatzen dituela eskola horietako profesionalak. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez diela jaramonik egiten salatzen dute hezitzaileek, eta bilera eskeak eginak dituzten arren Hezkuntza sailburu Carlos Gimenok erantzun ere ez diela egin adierazi dute. Gobernuak “lotsagabeki” bazter uzten dituela uste dute, eta grebaren bidea besterik ez dute ikusten jada.
129 ‘BULLYING’ kasu atzeman ditu Eusko Jaurlaritzak, iaz baino 29 gehiago
Gero eta bullying kasu gehiago ikertzen eta detektatzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan: izandako salaketen % 13 berretsi dituzte jazarpen gisa. “Arloan sentsibilizazio, trebakuntza eta ezagutza handiagoa dagoelako”, Eusko Jaurlaritzaren arabera. 2020-2021eko ikasturtean, hiru lurraldeetako ikastetxeetan 966 salaketa aztertu zituzten ikuskariek, eta % 13 eskola jazarpen gisa identifikatu zituzten: 129 kasu izan ziren, aurreko ikasturtean baino 29 gehiago. “Zalantzarik txikiena ere aztertzen dugu; zorrotzagoak gara kasu posibleak identifikatzean”, azaldu zuen Lucia Torrealdaik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak.
Ikasturtea hasita iritsi diren ikasleen %39 A edo B eredura bideratu ditzute
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemara iazko irailetik aurtengo martxora iritsitako ikasleen datu xeheak eskuratu ditu Berria egunkariak. Datu horien arabera, orotara, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko 5.858 ikasle hartu dituzte. Banaketa ez da orekatua: % 39 A edo B eredura bideratzen dituzte —hurrenez hurren, gaztelera hutsezko eredua, euskara irakasgai izanda eta erdia euskaraz eta erdia gazteleraz egiten duten eredua—, eta % 56, sare publikora. Nafarroako datuak ez dira hain zehatzak: guztira, 1.605 iritsi dira, eta % 74 bideratu dituzte ikastetxe publikoetara.
Gasteizko hainbat ikastxetan ikasleen %84k jatorri atzerritarra du
Hezkuntza sisteman jatorri migratzailea duten gazteen egoera aztertzeko ikerketa bat egin dute Steilasek eta Ikusbide elkarteak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak “estatuko eskola segregazio tasarik handiena” dutela ondorioztatu dute. Gasteizko hainbat ikastetxetan egin dute ikerketa.