HAMAR IKASLETIK SEI EUSKALDUNTZEN DITU D EREDUAK 

EAEko Eskola Kontseiluak 2017 eta 2019 bitartean egindako azterketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako D ereduko hamar ikasletik lauk ez dute euskarazko oinarrizko mailarik (B2) DBHko 2. maila amaitzen dutenean. Portzentaiak gora egiten du nabarmen A ereduaren kasuan: ikasleen % 98,4k ez du oinarrizko mailarik euskaraz. ISEI, Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak egindako azterketak utzitako datuak dira, eta datu horietan eta Eustat-ek eta Hezkuntza Ikuskaritzak helaraziko datuetan oinarrituta, hizkuntza ereduei buruzko azterketa sakona egin zuen Eskola Kontseiluak. Azterketak utzitako datuek erakusten dute gero eta gehiago direla euskarazko ereduaren alde egiten duten familiak, baina agerian geratu da ikasleak euskalduntzeko eta aniztasunari erantzuteko zailtasunak daudela.

BERMEOKO ESKOLA BATEAN IZANDAKO SEXU ABUSUAK SALATU DITUZTE

Hainbat biktimak esan dutenez, abusuak 1976tik 1981era gertatu ziren, Bermeoko Jose Done ikastetxean. Menesiarrek kudeatzen zuten eskola, eta garaiko zuzendaria da sexu abusuak egiteaz akusatu dutena. Bilboko Elizbarrutiak sexu abusuen auzian Elizak duen erantzukizuna aitortu eta gutxira atera dira argitara Bermeoko kasuak. Bizkaiko Elizak sexu abusuen aferan duen erantzukizuna onartu du, eta jakinarazi du Bilboko Elizbarrutiak 2019an sortutako batzordeak hogei salaketa jaso dituela orain arte. Salaketa horietatik seik apaizei eragiten diete. Bestalde, Espainiako Gotzainen Biltzarrak erabaki du abokatu bulego bat kontratatzea, kanpo auditoretza egin dezan Elizaren meneko erakundeetan izandako sexu abusuak ikertzeko.

IKASTETXE BARRUAN MASKARAK KENTZEA ESKATU DUTE PEDIATREK

Kataluniako Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du eta ekimen horrekin bat egin dute Euskal Herriko hamasei pediatrak. Haurrek gaixotasuna gehienetan oharkabean pasatzen dutela edo birusak sintoma arinak eragiten dituela esan dute eta hala ere, “neurri asko helduekin hartutakoak baino zorrotzagoak izan direla” salatu dute. “Gaur egun, eskoletan maskara erabili behar dute eta burbuila taldeetan bereizita daude” eta horrek guztiak haur eta nerabeengan ondorio negatiboak sortzen dituela ohartarazi dute pediatrek: “Garapen emozionalean, hezkuntzan, sozializazioan eta osasun mentalean ondorioak dakartza”. Koronabirusa gainerako infekzio biralen moduan kudeatzea eskatu dute eta haurrek gizartean duten lekuari buruzko gogoeta egitea proposatu dute: “Pediatrok, beste profesional batzuen modura, umeak garapenaren etapa guztietan laguntzen ditugu, eta haien ahotsak eta beharrak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure erantzukizuna da merezi duten errespetua eta zaintza defendatzea".