HEZKUNTZAKO LANGILEEN GREBA IPARRALDEAN
Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako hezkuntza arloko langileek greba egin zuten joan den urtarrilaren 14an. Mila lagun inguru bildu ziren Baionako manifestazioan Parisek pandemia nola kudeatu duen salatzeko eta baliabideak eskatzeko. Sindikatuek salatu zuten egunero 30-60 ikasgela inguru ixten direla irakasle ordezkoen eskasiagatik. Azken hilabeteetan handituz joan da hezkuntza komunitatearen haserrea eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak agindutako azken protokoloak eragin du eztanda. Besteak beste, ikasgela batean COVID-19 kasu positibo bat atzemanez gero, ikasleek lau egunetan hiru test egiteko agindu zuen ministerioak, eta lehenengo test negatiboarekin ikasleak ikasgelara itzultzea. Irakasleen aburuz, prozedura horrek kudeaketa zailtzen du eta sindikatuek salatu dutenez, lan baldintzen okertzea dakar. Hezkuntzako langile gehiago kontratatzea eta ikasgeletarako ekipamendu egokia eskatu zituzten. LAB, FSU 64, SE-UNSA 64, FNEC-FP-FO 64 eta SNUipp-FSU 64 sindikatuek egin zuten greba deialdia eta bat egin zuten guraso elkarteek ere.
KATALUNIAKO HEZKUNTZA PROIEKTUEN IRAKASPENAK, EREDU
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkaritza bat Katalunian izan da urtarrilean bertako hezkuntza hitzarmenaren berri izateko eta zenbait eskola proiektu bertatik bertara ezagutzeko. Segregazioa da eragile gehienek aipatzen duten korapilo nagusia eta horri aurre egiteko Katalunian jasotako esperientziak nabarmendu dituzte Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak, Ikoitz Arrese EH Bildukoak eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUkoak. Proiektu pedagogiko berritzaileetan, aniztasunaren kudeaketan eta hizkuntzen trataeran jarri dute begirada eta helburua da han bildutako “irakaspenak, ahuleziak eta indarguneak” Hezkuntza Batzordeari helaraztea, ponentziak aurrera jarrai dezan.
HIZKUNTZA ETA SEGREGAZIOA, SINDIKATUEN KEZKA ITURRI
Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza akordioari begira jarrita daude sindikatuak eta euren proposamenak ezagutarazi dituzte LAB eta CCOO sindikatuek. Hizkuntza ereduak “gainditzea” proposatu du LAB sindikatuak. Hezkuntza akordioari begirako dekalogoa ondu dute eta indar “euskaltzale, feminista, ezkertiar, antirrazista eta eraldatzaileak aktibatzea” du helburu. Eskola publikoa ardatz duen “publikotasun berri” baten alde egin behar dela esan dute eta langileek parte hartzeko espazioak eskatu dituzte. Era berean, langileen aitortza eta baldintzen hobekuntza lortzeko ratioak jaitsi behar direla uste du LABek. CCOO sindikatuak, bestalde, segregazioari aurre egiteko hamalau proposamen egin ditu. Euskara lehenetsi nahi dute, baina gainerako hizkuntzak alde batera utzi gabe. Haien ustez, egoera ahulenean dauden ikasleak sare publikoko eta itunpeko sareko ikastetxeen artean banatu beharko lirateke. Sindikatuak matrikulazio prozesuak aldatzearen alde egin du, eta “bidezkoagoa” izango den sistema horretan parte hartzeari uko egiten dioten itunpeko eskolei pixkanaka finantzaketa publikoa kentzeko eskatu du. Kuotak debekatzeko ere eskatu dute: “Borondatezko kuotak iruzur hirukoitza dira, Hezkuntza Sailak onartzen dituelako, familia gehienek ez dakitelako ez direla nahitaezkoak, eta nahi ez dituzten ikasleak baztertzeko erabiltzen direlako".