HEZKUNTZA HITZARMENA ZEHAZTEKO LANTALDEAK 90 ERAGILE ENTZUN DITU EAJk,
EH Bilduk eta PSE-EEk proposatu zuten EAEko Hezkuntza Lege Berriaren aurreko hitzarmena josteko batzorde txostengilea eratzea, eta IU-Podemosen baietzarekin, hasi zen akordio zabal bati begira ergileen ekarpenak jasotzen. Abenduaren 22an bukatu dira agerraldiak eta orotara 90 eragile entzun dituzte, tartean Hik Hasiren Hezkuntza Proposamenaren igurukoak (argazkian). Anitzak izan dira etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko lantaldeak hartu dituen agerraldiak, besteak beste, Euskadiko Eskola kontseiluak, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Soziolinguistika klusterrak, Eusko Ikaskuntzak, Olaso Dorrea fundazioak, Ikamak, Euskadiko Gazte kontseiluak, hainbat udal eta ikastetxek, Gure platera, gure aukera plataformak, EHIGEk, Ikastolen Elkarteak edota Kristau eskolak azaldu dute euren ikuspuntua.
FRANTZIAKO HEZKUNTZA MINISTERIOAK MURGILTZE IRAKASKUNTZA ARAUTU DU
Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra publikatu du aldizkari ofizialean, eta hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzen du. Dokumentu administratiboak ikastetxeen esku uzten du ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta dio «posible» dela «murgiltze metodoa» erabiltzea. Frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» jarri ditu baldintza gisa, eta «ebaluazio osagarriak» eginen dituztela iragarri du. Baxoan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu du. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren kontra hartutako ebazpenari erantzuten dio dokumentuak, baina ez du erabakiak sortutako ziurgabetasun juridikoa konponduko.
HEZKUNTZA ARLOKO 1.856 LANPOSTU ESKAINTZEA ONARTU DU JAURLARITZAK
Behin-behinekotasuna murrizteko, hainbat egonkortze-prozesu abian jarriko dira urte berriarekin, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hala erabakita. Horrenbestez, Hezkuntza administrazioari dagokionez 1.856 lanpostu eskaintzea onartu zuen. 1.216 lanpostuko enplegu eskaintza publikoa irakasle kidegorentzat izango dira, eta 640 lanpostu eskaintzeko konpromisoa hartu zuen beste hainbat lan kategoriarentzat.
NAFARROAN, “TERRORISMOAREN” UNITATE DIDAKTIKOAK IKASGAI IZANEN DIRA
Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Barne ministerioek gida bat landu dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekin eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioarekin batera, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan landuko diren zazpi unitate didaktikoak zehazteko. Fernando Grande-Marlaskak, Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza ministroak eta Maria Txibitek aurkeztu zituzten.