KATALUNIAKO MURGILTZE EREDUA AMAITU DU ESPAINIAK HIZPIDE IZAN DA 

Murgiltze eredua amaitu egin da Katalunian. Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du azaroaren 23an Generalitateak iaz aurkezturiko kasazio helegitea, eta, hortaz, Katalunian ikastorduen % 25 gazteleraz ematera behartu du. Ebazpenaren arabera, ikasleek “berehala” hasi behar dute eredu berri horretan ikasten. Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambrayk eta Kultura kontseilari Natalia Garrigak eman zuten epaileen erabakiaren berri. Agerraldian, Gonzalez-Cambrayk “lasaitasuna” eskatu zien ikastetxeei, eta indarrean dauden programak ez aldatzeko: “Egungo eredua mantenduko dugu”. Bi kontseilarien ustetan, Gorenaren erabakia “zuzeneko eraso bat da” Kataluniako hezkuntza sistemaren kontra.

 

IKASTURTEA ERREPIKATZEA EZ DA IZANGO GAINDITU GABEKO IKASGAIEN ARABERAKOA LOMLOE 

Hezkuntza Legea Hobetzeko Lege Organikoak jadanik jasoa zuen gisan, 2021-2022 ikasturtetik aurrera, ikasturtea errepikatzea ez da gainditu gabeko ikasgaien araberako izango, Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretuz hala onartu ostean. Ikasle batek ikasturte bat errepikatzea “salbuespenezko neurri” izango zela jasotzen zuen LOMLOEk, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan zein Lanbide Heziketan. Espainiako Ministroen Kontseiluak errege dekretu berri bati eman dio onespena azaroaren 16an, eta xehetasun gehiago jaso dituzte hala: ondoko ikasturtera igarotzea edo berbera errepikatu beharra ez da ikasleak gainditu gabe utzitako ikasgai kopuruari lotua izango. Kontrara, erabakia irakasleen esku egongo da osoki; haiek zehaztuko dute errepikatu beharra den edo ez.

 

SENPEREN EGINGO DUTE SEASKAREN BOSGARREN KOLEGIOA 

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak urtarrilean jakinarazi zuen bosgarren kolegioa irekitzeko xedea zuela. Giltzarri izanen da euskarazko hezkuntza hauspotzeko eta eskaria asetzetik hurbilago egoteko. Urteetako ahaleginaren ondotik, Senperen (Lapurdi) hartuko du leku, eta, zabaldutako informazioaren arabera, 2023ko ikasturterako ateak ireki beharko lituzke. Berrehun bat ikasleri harrera egiteko eremua izanen litzateke hartan. Seaskak, momentuko, ez du sartu nahi zehaztasunetan, «dena eraikitzekoa delako», baina Peio Jorajuria lehendakariak Berriari baieztatu dio Senpereko Herriko Etxeak 10.000 metro karratuko lursail bat proposatu diela kolegioa eraikitzeko.