APIRILAREN 10EAN DONOSTIAN BUKATUKO DA KORRIKAREN 22. EKITALDIA, EUSKARAREN ALDEKO JAI HANDI BATEKIN
Martxoaren 31n Amurrion hasi eta hamar egunez (eta gauez) geldialdirik egin gabe, apirilaren 10ean Donostiara iritsiko da euskararen aldeko ekimenik jendetsuena. “Hitzetatik ekintzetarako jauzia” aldarrikatzen du 22. Korrikak eta hortik datoz Hitzekin leloa eta izen bereko kantua, Sustrai Colinak idatzi eta Nerea Urbizuk musikatu duen abestia. Donostian 12:30etan emango zaio bukaera aurtengo ekitaldiari. Korrikak, azken edizioetan egin ohi duen legez, ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak prestatu ditu mailaz maila. Aurtengoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan dira omenduak. Informazio guztia www.korrika.eus webgunean dago eskura. Ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabalik dago, oraindik ere, https://www.korrika.eus/form/ekarpenak/ atalean.
HEZKUNTZA PLAZARA-K HEZKUNTZA AKORDIOAREN IRAKURKETA EGINGO DU
Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek Hezkuntza Akordioa erdietsi izana “urrats garrantzitsua” da Hezkuntza Plazara plataformarentzat. Aurrera begira, akordioaren inguruko irakurketa kolektiboa egingo du, Hernanin martxoaren 5ean egindako agerraldi jendetsuan aurkeztutako adierazpeneko zazpi ardatzak kontuan hartuta (hezkuntzarako eskubidea; inklusiorako eskubidea; euskalduntzeko eskubidea; eraldaketa pedagogikoa eta metodologikoa; autonomia eta parte hartzea; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eta erabakitzeko eskubidea, hezkuntza burujabetza). Topaketa apirilaren 2an egingo dute Gasteizen.
LUZAROREN HEZIKETARAKO PSIKOMOTRIZITATE PRAKTIKAN FORMATZEKO IZENEMATEA ZABALIK
Luzaro psikomotrizitate Eskolak UNED-Bergarako ikastetxe Elkartuarekin antolatzen duen bi urteko Heziketarako Psikomotrizitate praktikan formatzeko ikastaroa 2023ko urtarrilean hasiko da eta 2024ko abenduan amaituko da. Dagoeneko matrikulazioa zabalik dago. www.luzaro.net helbidean lor daiteke informazio gehiago.
EH PIKLER-LOCZY ELKARTEAK JARDUNALDIAK EGINGO DITU APIRILAREN 30EAN
Noaingo kultur etxean izango dira Euskal Herriko Pikler-Loczy elkartearen jardunaldiak, apirilaren 30ean, 9:30etik 13:30era. Teresa Godall pedagogo eta ikertzailea, Ion Navarro osasun zientzietako doktorea eta Leire Irigibel Kabia haur eskolaren sortzailea izango dira hizlariak. Motrizitate askeko errepertorioa dibulgazio posterra ere aurkeztuko da. Informazioa eta izen ematea (apirilaren 10era arte): www.piklerloczy.org webgunean.