‘HERRI ANTOLAMENDUA HERRI HEZITZAILEAREN IKUSPEGITIK’ JARDUNALDIA ETA LIBURUXKA
Martxoaren 26an egingo dute Baztanen 'Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik' jardunaldia Oinherrik eta Hiritik At-ek antolatuta. 2021 urte hasieran jarri ziren harremanetan Oinherri eta Hiritik At elkarteetako kideak, hirigintza eta hezkuntza arloetan eraikitako diskurtsoak bateratzeko, elkar elikatzeko eta elkarrekin aberasteko saiakera egiteko gogoz. Elkarlan horren emaitza da argitaratu duten 'Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik' liburuxka eta baita izen bereko jardunaldia ere. Liburuxkan bizitzak erdigunean jarriko dituen hirigintza eredu parte-hartzaile baterako gakoak bildu dituzte eta jardunaldiaren helburua herri antolamendua hezkuntzatik eraikitzeko marko teorikoa eta praktikoa proposatzea da. Hezkuntza eta hirigintza etengabeko elkarreraginean daude eta biak uztartuta, herriak antolatzeko eredu berri bat osatzea da erronka nagusia. Parkeak soilik ez, herri antolamendu osoa herri hezitzailearen ikuspegitik berrantolatzeko beharra ikusten dute antolatzaileek.
EUSKARAZKO IRAKASLE LANPOSTU GEHIAGO IPARRALDEAN
Datorren ikasturtean euskarazko 5,5 irakasle lanpostu gehiago izango dira Iparraldeko eskola publikoetan. Hala jakinarazi du François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak. Baionako Malegarie eskolan frantseseko postu bat itxi dute eta euskarako erdi bat zabalduko dute. Donibane Garaziko eskolan eta Urruñako Olheta auzoko eskolan, berriz, frantseseko postu bana kendu eta euskarako bana irekiko dute. Lapurdiko hamar eskola publikotan euskarazko postu erdia zabalduko dute eta beste lautan postu erdiak kenduko dituzte. Urtez urte egiten du gora euskaraz ikasi nahi duten ikasleen kopuruak eta euskarazko irakasle kopurua emendatzea eskatzen du errealitate horrek.
0-6 URTE BITARTEKO CURRICULUMA JASOTZEN DUEN FORU DEKRETUA OSATU DU NAFARROAKO GOBERNUAK
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak Haur Hezkuntzako 0 eta 6 urte bitarteko zikloaren irakaskuntzarako curriculuma jasotzen duen foru dekretua osatu du. Testuak etapa bakoitzerako aurreikusitako gaitasun zehatzak jaso ditu arloz arlo, eta baita ziklorako ezarritako ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak ere. Horrekin batera, eskolatzearen hasieratik garatu beharko diren funtsezko gaitasunak bildu ditu dokumentuak. Foru dekretuaren arabera, ikastetxeek eskola ordutegiko denbora tarte bat eskaini beharko diote curriculumaren zati bat euskaraz garatzeari A ereduaren kasuan, eta D ereduaren kasuan, tarte bat gaztelaniaz egin beharko dute. Era berean, eskolek atzerriko hizkuntza bat ere landu beharko dute. 0-3 plataformak kezka agertu du puntu horregatik: “Tristea da, baina ingelesari bidea irekitzen zaio eta baliteke datorren ikasturtean haur eskoletan hiru hizkuntza nahastea”. Gobernuak Gardentasun atarian argitaratu du testua eta ekarpenak egiteko aukera zabaldu du. 0-3 Plataformak euren proposamenak aurkeztuko dituztela iragarri du.
Ilusio garai berriak iritsi dira hezkuntzara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua ireki da, Nafarroan ere badira mugimenduak eta Iparraldetik jakin-minez dira so. Alderdi politiko nagusiek hezkuntzan oinarrizko akordioetara iristeko apustua egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta hezkuntza eragileak ekarpenak egiten ari dira. Egungo hezkuntza sistemaren hutsuneak ikusita, lege berriak eraldaketarako aukerak ireki ditzake. Asko azpimarratzen da denon artean egin beharreko legea eta bidea dela, denontzat onuragarria izan dadin. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propiorantz urrats esanguratsua izan daiteke, Espainiako eta Frantziako estatuetatik datozen ereduetan zurrunki geratu gabe. Euskal Herriko hezkuntzaren ibilbidea eta ezaugarriak bilduko dituen proposamena izan daiteke. Saiatzeak merezi du.