HERRI URRATSEN ITZULERA
39. Herri Urrats Senpereko (Lapurdi) lakuaren inguruan egitea espero dute Seaskako arduradunek datorren maiatzaren 8an. Pandemiak eragindako bi urteko hutsunearen ondoren Itzulera izango da aurtengo leloa, eta zapata batek irudikatuko du. Kantua Zetak taldeak egin du, eta udaberrian aurkeztuko dute. Seaskak 2023ko ikasturterako ireki nahi duen bosgarren kolegioa eraikitzeko izango da bildutako dirua. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa txiki gelditu denez, 2023ko ikasturte hasierarako Senperen kokatuko den bosgarren kolegioa prest izatea nahi luke Seaskak. Bernat Etxepare lizeoko zuzendari izan zen Guillermo Etxebarria omendu nahi izan zuten Herri Urratsen aurkezpenean, urrian hil baitzen Herri Urrats bestaren bultzatzaile izandakoa. Eta horrekin batera, pandemia garaian ikasleek egindako ahalegina nabarmendu zuten.
HEGO EUSKAL HERRIKO HIZKUNTZA EREDUETAN OINARRITURIKO SISTEMA GALESEN
Galesko gobernuak eskoletan ere galesera bultzatu nahi du eta bide horretan, Hego Euskal Herriko hizkuntza ereduetan oinarritutako sistema ezarriko du datorren ikasturtean hango ikastetxeetan. Galesko Hezkuntza Ministerioak iragarri duenez, irailetik aurrera hiru eredu eskainiko dituzte hango ikastetxeek, Hego Euskal Herriko A, B eta D ereduen baliokide izango direnak. Jeremy Miles Hezkuntza ministroak adierazi du orain arte izan duten sistema gurasoentzat oso nahasgarria dela, eta horregatik hartu dutela berau aldatzeko erabakia. Galeseraren aldeko Cymdeithas yr Iaith Gymraeg taldeak ontzat eman du ministroaren erabakia, ikasle guztiak galeseraz mintzatzeko bidean pauso egokia dela iritzita.
IRAKASLE IKASKETETARA SARTZEKO AZTERKETA
Aurrerantzean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslegaiek azterketa egin beharko dute autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren proposamena onartuz gero. Irakasle ikasketak egin ahal izateko, aurrez azterketa bat egitea proposatu du Madrilek eta proba horrek komunikazio gaitasuna, arrazoiketa kritikoa eta gaitasun logiko eta matematikoak ebaluatuko lituzke, irakasle izateko jarrerarekin eta konpetentziekin batera. Era berean, 12 urte baino gehiago dituzten ikasleen irakasle izateko masterrera sartzeko proba bat ezartzea aztertzeko moduko gaia dela jasotzen du proposamenak. Praktika aldiari ere garrantzi berezia eman nahi diote, eta praktikak unibertsitateko ikasketekin uztartuz egitea proposatu dute. Horrekin batera, irakasle berriek hezkuntza publikoan arituko diren lehen urtean praktiketan aritzea nahiko lukete.