TXILLARDEGI OMENDUKO DUTE DONOSTIAN, HIL ZENEKO 10. URTEURRENEAN
Urtarrilaren 14an hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Txillardegi hizkuntzalari, idazle eta politikaria hil zenetik, eta haren omenezko hainbat ekitaldi egingo dituzte Donostian. Urtarrilaren 11n, Txillardegik hizkuntza politikaren inguruan egindako gogoetez arituko dira Alaitz Aizpuru Jakin-eko kidea eta Iñigo Urrutia EHUko irakaslea, TM eLab Euskal Herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak antolatuta. Leku horretan bertan, urtarrilaren 13an, Kronika liburua aurkeztuko dute, Txillardegik bere garaian Argia aldizkarian egindako kroniketan oinarritutakoa. Koldo Izagirre eta Juan Luis Zabala idazleak, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria eta Gorka Bereziartua Argia-ko kazetaria ariko dira hizlari. Urtarrilaren 18an, Jakin-ek Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea liburuak aurkeztuko ditu. Urtarrilaren 15ean Antigua auzoan omenduko dute.
ZABALIK DAGO EUSKARABENTURAN IZENA EMATEKO EPEA
Euskarabenturak bere laugarren aldia izanen du 2022an, eta jadanik badago bertan parte hartzeko izena emateko aukera, martxoaren 4ra arte. 16 eta 17 urteko gazteak deitu dituzte espedizioan parte hartzera. Hala, 2005ean edo 2006an jaiotakoek dute parada aurten. «Gazteen artean euskararen erabilera sustatzea», «gazteen artean sare bat sortzea» eta «euskal kultura eta herria ezagutzea» dira Euskarabenturaren helburu nagusiak. Partaideen kopurua mugatua denez gero, gazteek hautagaitzak aurkeztu beharko dituzte. Aurkezpen bideo bat eta proiektu bat bidali beharko dituzte, gai hauetako baten inguruan: egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikak; arropa eta jantzien kontsumo eredua eta Euskal Herriko historia.
KALEAN DA EUSKARAZKO PRODUKTUEN KATALOGO BERRIA
Sailka zein adinka aurkeztuta, 0-16 urte bitarteko haurrei zuzendutako euskarazko produktuak biltzen ditu www.katalogoa.eus webguneak, eta paperean ere argitaratzen da. Gero eta produktu gehiago egiten dira euskaraz, eta horien aukeraketa bat da katalogo horretan bildu dutena, hala nola, jostailu eta jokoak, musika, DVD filmak, App-ak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala eta komikiak jaso dituzte bertan. Webgunea urte osoan zehar eguneratzen dute. Bertan badago aukera buletinean harpidetzeko eta nobedadeen berri izateko e-posta bidez. Facebook bidez ere jaso daiteke egitasmoaren berri. Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz, Nafarroako hainbat udalen ekimenez.