FILOSOFIA IKASGAIA BABESTEKO ESKATU DIETE HEGO EUSKAL HERRIKO GOBERNUEI
Espainiako LOMLOE hezkuntza legearen harira, Filosofia ikasgaiaren garrantzia “defendatu” zuten azaroaren 19an hainbat filosofia irakaslek, pentsalarik eta artistak. Horien artean egon ziren, besteak beste, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohia eta Lourdes Perez, Xabier Lapitz, Iñaki Soto eta Goizalde Landabaso kazetariak. Salatu zutenez, lege berriarekin asko txikituko da ikasgaiak hezkuntza prozesuan izango duen pisua. Pentsatu jaialdiaren harira egin zuten agerraldia, Donostiako Filosofia, Antropologia eta Hezkuntza Fakultatean. Lege berriaren “erasoa” salatzeaz gain, erakundeei filosofiaren alde egiteko eskatu zien Maitane Nerekan Agora filosofia elkarteko kideak: “Euskal Herriko gobernuei dei egin diegu dituzten eskumenak baliatuz filosofiaren presentzia defenda dezaten”. Filosofia ez ezik, “autonomia kritikoa” bultzatzen duten ikasgaien presentzia bermatzeko eskatu zuten.
HIK HASI, DURANGOKO AZOKAN, HEZITZAILEON TOPAGUNE
Abenduaren 4tik 8ra egingo da 56. Durangoko Azokaren aurrez aurreko edizioa. Online edizioa, berriz, abenduaren 3tik 7ra bitartean egingo da. BaDa! goiburupean egingo da aurtengo edizioa. Bertara joan ahal izateko aurrez erreserba egin behar da webgunean, www.durangokoazoka.eus, Covid-19aren hedapena murrizteko neurri gisan. Hik Hasik Goienkale 12. zenbakian izango du erakusmahaia, urtero bezala, hezitzaileon topaleku izango da, aurten ere. Animatu!
ESKOLA PUBLIKOARI “LEHENTASUN OSOA” EMATEKO ESKATU DUTE BILBON, MANIFESTAZIOAN
Herritar ugarik bat egin zuten azaroaren 6an Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren deialdiarekin, eta manifestazioa egin zuten Bilboko kaleetan “euskal eskola bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa” aldarrikatzeko, eta eskola publikoarentzat “administrazioaren lehentasun osoa” eskatzeko. Manifestazioa Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzatik abiatu zen, eta Arriaga plazan amaitu zen, Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! goiburupean. Deialdiak eragile askoren babesa zeukan: sindikatu, elkarte eta talde askok bat egin zuten deialdiarekin, eta 127 ikastetxe, haur eskola eta guraso elkartek ere atxikimendua azaldu zuten. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ordezkaritza bana bidali zuten mobilizaziora.