ABIAN DA ZUBEROAKO IKASTOLAK LAGUNTZEKO SASKI SALMENTA

Azaroaren 28ra bitartean izango da Zuberoako ikastolen aldeko saskiak eskuratzeko aukera. Alozeko ikastola eta Eperra ikastola laguntzeko eta bertako ekoizle txikien produktuak ezagutarazteko helburua du kanpainak eta hiru saski mota izango dira aukeran: Ahüzki, Irati eta Orhi. Iaz 2.200 saski saldu zituzten, eskaera kopurua urtez urte handitzen ari da eta aurten kopuru hori gainditzea espero dute. Ikastolek nabarmendu dute haiek bermatzen dutela euskararen transmisioa Zuberoan eta euren lana aurrera eramateko eta euren esku dauden dinamikak sustatzeko finantziazioa behar dutela. Nahi duen orok www.ikaskoli.eus helbidean eskura ditzake saskiak.

 

EUREKA ZIENTZIA MUSEOA, EKOGUNEA ETA AROTZ ENEA ITXIKO DITUZTE

2023an itxiko ditu ateak Donostiako Eureka Zientzia Museoak. Kutxa Fundazioak adierazi duenez, “berrituta eta birformulatuta”eramango ditu Donostiako Tabakalerara hango jarduerak. Tabakaleran sortuko duten gunearen helburua kulturarekin, zientziarekin eta hezkuntzarekin loturiko eskaintza egitea izango dela esan dute arduradunek. Baina Eureka Zientzia Museoa ez da izango ateak behin betiko itxiko dituen bakarra: Hernaniko Ekogunea ere itxi egingo dutela iragarri baitute. Dena den, ingurumenarekin lotutako «hezkuntza proiektuekin» jarraituko duela aderazi dute. Etxarri Larrauneko Arotz Enea udalekuetako etxearen jarduna ere bertan behera geldituko da. COVID-19aren izurritea dela-eta itxita egon da azken hilabeteetan eta orain betirako ixtea erabaki dute.

 

‘IZAN, EZAGUTU, EGIN ETA ELKARREKIN BIZI’ DOKUMENTALA AURKEZTU DUTE NAFARROAKO IKASTOLEK

Ikastolek murgiltze ereduaren baitan praktika pedagogiko berritzaileak eta kulturalak nola ezarri eta garatu dituen aztertu dute dokumentalean. Murgiltze ereduaren jatorria eta bilakaera aztertu dituzte eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen egiteko nagusia euskarazko kalitatezko hezkuntza sustatzea dela azpimarratu dute ‘Izan, ezagutu, egin eta elkarrekin bizi’ lanean. Nafarroako hamabost ikastoletako ordezkariek, NIEko ordezkariek eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek hartu dute hitza dokumentalean eta, besteak beste, euskara berreskuratzea, kooperatibismoa, praktika pedagogiko berritzaileak edota teknologia berriak izan dituzte hizpide.