‘PANTAILAK 0-6AN, ZERTARAKO?’ JARDUNALDIAK, AZAROAREN 19 ETA 20AN
Azaroaren 19an eta 20an Hik Hasik antolatutako Pantailak 0-6an, zertarako? jardunaldiak izango dira. BEC-eko auditorioan izango da azaroaren 19ko saioa eta Zumaiako Zumaiena ikastetxean azaroaren 20koa. Anna Ramis, Alvaro Beñaran eta Amaia Arroyo Sagasta izango dira bertan eta 0 eta 6 urte bitarteko haurrengan pantailek duten eraginaz arituko dira. Anna Ramis, pedagogoa eta pantailekiko mendekotasun goiztiarrean aditua da eta pantailek Haur Hezkuntzan duten zentzuaz arituko da. Alvaro Beñaran psikomotrizistak haurrek pantailen bidez jasotzen dutena kudeatzeko baliabide psikiko egokiak ba ote dituzten aztertuko du eta Amaia Arroyo Sagasta HUHEZIko irakasle eta ikertzaileak gidaritza digitala izango du hizpide. Izena emateko: www.hikhasi.eus.
‘SORMENEAN HEZI, KULTURAN BIZI’, II. JARDUNALDIA
Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi. II. Jardunaldia antolatu du UEUk. 2018. urtean egin zuten lehenengo jardunaldia euskal kulturgintzaren transmisioan (ezagutzan eta praktikan) etena eman dela iritzita eta egoeraren erradiografia egin zuten. Hortik abiatuta, hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren egungo egoera ezagutu nahi dute aurten eta Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute, eskolaz kanpo euskal kulturgintzaren transmisioa nola berma daitekeen azter dezan. Urrian eta azaroan izango dira saioak Senperen, Laudion, Lesakan eta Azpeitian.
EUSKO IKASKUNTZAREN SINPOSIOA URRIAREN 22 ETA 23AN IZANGO DA
Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritaren azpimarra sinposioa antolatu du Eusko Ikaskuntzak urriaren 22an eta 23an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, nahi eta behar dugun euskal hezkuntza sistema denon artean irudikatzeko, lehentasunezko gaien gaineko begirada jasotzeko helburuz. Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatu dute bi eguneko jardunaldia eta herritarren azpimarrak jasoko dituzte bertan. On-line parte hartzeko aukera ere izango da.