IKASTURTE OSOKO FORMAZIO BERRI BAT ESKAINIKO DU HIK HASIK: ‘PEDAGOGIA SISTEMIKOAN HEZI ETA BIZI’
Hik Hasik prest du 2021-2022 ikasturteko formazioa eta orain arteko hiru formazioez gain —0-6 aditu titulua, Psikomotrizitate erlazionala eta Jirafaren hizkuntza, KEB— beste berri bat eskainiko du: Pedagogia sistemikoan hezi eta bizi. Pedagogia sistemikoan masterra duten eta Hik Hasiren Udako Topaketatan gai horren gaineko ikastaroak eman izan dituzten Larraitz Mendizabal eta Aitziber Esnaola arduraduko dira formazioa emateaz. Formazioan pedagogia sistemikoaren oinarrietatik abiatu dira. Pedagogia sistemikoak, euskal testuinguru konkretu bateko kide eta subjektu izanik, gure egunerokoan parte hartzen dugun sistema orotan dagokigun lekuan kokatu ahal izateko eta elkarreraginean jarduteko baliabideak eskaintzen dizkigu. Horretarako, behatzailearen eta testuinguruaren garrantziaz ohartu eta sistema orotan dauden sistemaren ordenak izango dira bidelagun: kidetza; autoritatea eta lekua; eta hartu-emanaren arteko oreka. Horiek egikaritzeko beharrezkoak diren “baliabide pedagogiko sistemikoen” (elkarrizketak, panpinak, marrazkiak, ipuinak eta genograma) teoria ezagutzeaz gain, baliabide sistemiko horietan trebatzeko aukera emango du formazioak. Norberaren hezkuntza jardun profesionalean zehar identifi katu daitezkeen zailtasunen eta gatazken kontzientzia hartzeko elkargune bat sortu nahi da formazioan. Bertan buruturiko gainbegiratze mugimendu sistemikoei esker, begirada sistemikoan sakondu eta soluzio bideak identifi katuko dira. Gure bizitzan zein jardun profesionalean sistemaren ordenak oinarri hartuz dagokigun lekuaren kontzientzia hartzea izango da formazioaren xedea eta bertatik, erabakiak hartzeko eta gauzatzeko ahalduntzea. Formazioari buruzko informazio gehiago www.hikhasi.eus-en.
ESKAINTZA ZABALA DAGO UDAKO IKASTAROETAN
Ikasturtea amaituagatik, udan ikastaro ugari egiteko aukera izanen da, urtero bezala. Norberaren esparru profesionalarekin, interes pertsonalekin edo orotariko jakin-minarekin erlazionatutako ikastaroak topa daitezke. Hik Hasik eta UEUk euskaraz eskaintzen dituzte. Hik Hasirenak uztailaren 5ean, 6an eta 7an izango dira Donostian, —www.hikhasi.eus— eta UEUrenak ekainaren 25etik uztailaren 16ra bitartean Iruñean, Baionan, Eibarren, Usurbilen eta Aiaraldea Ekintzen Faktorian —www.ueu.eus—. EHUko udako ikastaroen barruan euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez eskaintzen dira . Ekainean hasita daude eta iraila bitartean luzatuko da eskaintza Donostian —www.uik.eus/eu—.