HIK HASIK IKASTURTE OSOKO HIRU FORMAZIO ESKAINIKO DITU 2021-2022AN

Irailetik aurrera ikasturte osoko hiru formazio ikastaro eskainiko ditu Hik Hasik. Bata, bederatzigarren promozioa egingo duen Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan sakontzeko 0-6 etapako aditu titulua izango da. Bi urteko formazioa da eta Haur Hezkuntzako profesionalen prestakuntzan sakontzera bideratua dago, haur txikiekin lanean ari diren edo lan egin nahi duten hezitzaile eta profesionalei zuzendua. Bi ardatz ditu formazioak: zaintza, batetik, eta pedagogia eraldatzaileak, bestetik. Bi ikasturteak edota soilik lehen edo bigarren ikasturtea egiteko aukera dago zabalik, hiru titulazio eskaintzen baitira: 0-6 etapako aditu titulua, zaintzako eta pedagogia eraldatzaileetako espezialitateetan; 0-6 etapako aditu titulua, zaintzako espezialitatean; eta 0-6 etapako aditu titulua, pedagogia eraldatzaileetako espezialitatean. Alvaro Beñaran da formazio pertsonaleko arduraduna eta Kristina Goñi pedagogia eraldatzaileen ikasturteko koordinatzaile pedagogikoa. Ikaslerro bakoitzean, gaian adituak diren Euskal Herriko nahiz kanpoko adituek emango dituzte saioak, hala nola, Pikler Loczy institutua, Reggio Emiliako eskolak, Kataluniako Bressol eskolak, Aiurri Montessori eskola… eta zentroetarako formazio-bisitekin osatuko da ikastaroa (Elizondoko haur-eskola, Geroa Waldorf…). Bigarren formazio ikastaroa Mapi Urrestik eskainiko duen Psikomotrizitate erlazionala da. Urresti psikologoa, sexologoa eta harreman psikomotrizista da. 15 urteko esperientzia du familiekin, irakasleekin nahiz hezkuntzako profesionalekin lanean, eta bera ere aurrez irakasle izana da HHn, LHn eta Unibertsitatean. Bere jardunean haurra eta helduaren arteko harremanean jartzen du arreta. Hirugarren eskaintza Jirafaren hizkuntza online formazioa da. Nerea Mendizabalek Komunikazio Ez Bortitzaren tresnak (Marshall Rosenberg-ek sortu zuen eredua) ezagutaraziko ditu, bizitzarako baliagarria izango den tresna paregabea eskaintzen baitu KEBk. Erlazio trebetasunak indartzeko programa honen bidez, irakasleak norberarekin, ikasleekin eta eskola komunitateko gainerako pertsonekin erlazionatzeko abileziak lantzeaz gain, ikasleekin batera ikasten eta praktikatzen joateko proposamenak izango ditu, gelako dinamikatan txertatzeko. Informazioa eta izen-ematea www.hikhasi.eus-en.

HERRI URRATS FESTA HANDIA 30 FESTA TXIKITAN OSPATUKO DA

Maiatzaren 9rako jarri zuen Herri Urrats jaiaren hitzordua Seaskak, baina osasun egoera ikusirik, ez dute pentsatzen zuten moduan aitzinera egingo. Senpereko lakuaren inguruan 50.000 pertsona bildu ohi dituen eguna antolatu ordez, 30 Herri Urrats txiki ospatuko dira, herriz herri. Ikastola bakoitzak antolatuko du bere herriko egun sinbolikoa. Kontzertu eta ostaturik gabe, batzuek ibilaldiak egingo dituzte, eta besteek janari salmenta edo jantzi salmenta. Aurten forma ezberdineko 30 herri urrats ezberdin izanen dira eta guztietan Herri Urratsen betiko osagaiak izanen dira, bereziki, euskara. Aurten biltzen den diruarekin Seaskak bosgarren kolegioa ireki nahi du, orain dituen lauekin ezin baitio ikasle kopuruari erantzun. Diru bilketa egiteko Boga kanpaina abian dute. Gainerako jaiak ere osasun egoerak baldintzatuta eta neurriei egokituta ospatuko dira; besteak beste, Ibilaldia Sopela-Leioan, Araba Euskaraz Laudion eta Euskal Eskola Publikoaren jaia Arabako Errioxan.

GIPUZKOAKO DYA-K KORONABIRUSAREN PREBENTZIORAKO IKASTAROAK ESKAINTZEN DITU ESKOLETAN

Apirilean hasi eta urte bukaera arte Gipuzkoako DYAk koronabirusa zer den eta prebentzio lana nola egin daitekeen azaltzeko tailerrak emango ditu Gipuzkoako eskoletan. Kutxa fundazioaren laguntzaz bideratutako formazioa da, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta prebentzioan jartzen du indarra. Horretarako, DYAkoak hainbat panpina prestatu dituzte eta horien bidez irudikatzen dute prebentzio neurriak hartzeak edo ez hartzeak nola eragin dezakeen COVID-19aren kasuan. Horrez gain, lehen sorospenaren inguruko ezagutza txiki batzuk ere ematen dituzte handienekin. Ikastaro horrez gain, beste bi ere prest ditu DYAk: udari begira haurrek hondartzan izan beharreko jarreraren inguruko antzerki txiki bat, batetik —pailazo batek eta sorosle batek hartuko dute parte—; eta higienearen inguruko beste antzerki txiki bat, bestetik.