Eder Etxebarria Rojo, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea eta hikhasitarra.
Urte anitz pasa dira lehen tresna digitalak hezkuntza sisteman ezarri zirenetik. Hasiera batean ofimatika tresnak baino erabiltzen ez bagenituen ere, pixkanaka-pixkanaka biderkatu genituen tresna horiekin betetzen genituen funtzioak. Gaur egun, eta bereziki pandemiak bultzatuta, “hodeian” eskaintzen dizkiguten plataformetan lan egitera ohitu gara. Izan ere, politak, sinpleak eta “doanekoak” dira.
Sentsazioa daukat, ordea, hezkuntza sistemaren parte garenok inolako irizpide kritikorik gabe erabiltzen ditugula tresna horiek. “Hodeia” hitza etengabe aipatzen badugu ere, esango nuke zer ote den oso ongi ez dakigula. Eta jarrera hori kaltegarria da gure ikasleentzat. Ikasleak guk proposatzen dizkiegun tresnekin lan egitera behartuta daude. Alegia, ariketa Gdriven ezartzen badiogu, ikasleak Google-enak diren programak baliatu beharko ditu, nahi eta nahi ez.
Baina, zer gertatuko litzateke hezkuntza sistemako kideok “hodeia” kontzeptuaren hausnarketa kritikoa egiten hasiko bagina? Iritzi ezberdin anitz leudekeela onartuz, bada komunitate osoaren onespena lukeen konklusio bat: “Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua baino ez da”. Beraz, non dago ordenagailu hori? Norena da? Zer egiten du gureak diren ariketa, azterketa eta beste hainbat ekoizpenekin? Nire fitxategietara sarbidea izango dut beti? Eta egun batean ordaintzekoa bilakatuko balitz, beste plataforma batera eraman nitzake nire lanak?
Lasai geratuko ginateke hodei bidezko plataformak bulegotikara mugatuko balira. Zoritxarrez, musika entzuteko, bideoak ikusteko, diseinu grafikoa lantzeko, argazkiak editatzeko, inprimakiak betetzeko, “galdera-erantzun” jokoak eraikitzeko... ezagutzen ez dugun horren ordenagailuan lan egitera ohitu gara, lan egiteko modu horrek ekar ditzakeen albo-ondorioetan pentsatu gabe. Ikasturte honetan zehar idatziko ditudan beste artikuluetan, hodei horien alternatiba libreak izan daitezkeenak aurkeztu eta ekar litzaketen onurak zerrendatuko ditut, gaur “ezagutzen ez dugun ordenagailu” hori, bihar “gure ordenagailua” bilaka dadin.